Prentsa Aretoa

Berriak

2024/01/18

Aldundiak eguneko sei zentro etxeTIC eredura birmoldatzeari ekin dio

Hona hemen zentroak: Ugao-Gane (Ugao-Miraballes), Estartetxe (Leioa), Bizigura (Abanto-Zierbena), Karmelo (Bilboko Santutxu auzoa), Sestao Berria eta Ondarroakoa

rss Ezagutzera eman
Aldundiak eguneko sei zentro etxeTIC eredura birmoldatzeari ekin dio

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Foru Aldundiak argi berdea eman dio Azpiegiturak foru-erakundeak egindako kudeaketa-gomendio bati; ondorioz, egokitzapen-obra zehatzak egingo dira lurraldean lehendik dauden eguneko sei zentrotan, zeinak etxeTIC ereduko zentro bihurtuko baitira. Honako hauek dira: Ugao-Gane (Ugao-Miraballes), Estartetxe (Leioa), Bizigura (Abanto-Zierbena), Karmelo (Bilboko Santutxu auzoa), Sestao Berria eta Ondarroakoa. Azken horretan, etxeTIC zerbitzu puntualak emango dira behin-behinean, era deszentralizatuan, Markina-Xemeingo zentroa martxan jarri arte, azken hori izango baita erreferentziako zentroa Lea-Artibai eskualderako.

Aurreikuspenen arabera, sei zentro horiek 2024 urtea amaitu baino lehen irekiko dira EtxeTIC zerbitzura. Haiekin, etxeTIC zerbitzu publikoa lurraldeko 11 zentrotan egongo da erabilgarri, mendekotasun aitortua duten 5.000 bat pertsonarentzat. EtxeTIC erabiltzen duten mendeko pertsonen zaintzaileak ere zerbitzu horren onuradun izan daitezke.

Horren aurretik, udan, aurreikusita dago Basauriko eta Mungiako etxeTIC zentroek ateak irekirik bat egingo dutela Bilbon (Etxaniz), Etxebarrin eta Zallan dagoeneko dihardutenekin, zeinek, hiruren artean, zerbitzua ematen baitiete 681 etxeri.

Hala, Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera jarraitzen du, era mailakatu eta irmoan, arreta-eredu berritzaile hori gradualki ezartzeko bidean. Etxeko zainketak sostengatzen dituen doako foru-zerbitzu publiko horrek xede hartzen ditu mendekotasuna duten pertsonak -zehazki, familia-ingurunean zaintzeko prestazio ekonomikoa (FIZPE) jasotzen dutenak- eta haien zaintzaileak, erreferentziako zentroaren eraginpeko eremuan bizi badira.

Zainketak hobetzeko teknologia eta arreta pertsonalizatua

Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako generazio berriko EtxeTIC zentroetan, mendekotasuna duten pertsonek eta haien zaintzaileek plan bat dute eskura etxeko zainketa-ekosistemari laguntzeko. Plan horrek barne hartzen ditu hainbat ekintza pertsonalizatu, bai mendekotasuna duten pertsonentzat, bai zaintzaileentzat. Ekintzok sostenguko teknologiekin osatzen dira, hala nola tabletekin eta/edo jarduera-eskuturrekin, zeinekin jarraipen periodikoa egiten baita, monitorizazioa egin eta arriskuak prebenitze aldera. Abiatutako esku-hartzeek, beraz, zentroari puntualki ematen zaion laguntzarekin konbinatzen dituzte online eta aurrez aurreko modalitateak. Era berean, hogei bat pertsonak (zentro batek edo besteak gutxi gorabehera dituen plaza kopuruaren arabera) eguneko ohiko zentro baten arreta jasotzen dute.

Etxean jarraitzeko laguntza-zerbitzua (EtxeTIC) martxan jartzea da Bizkaiko Iraupen Luzeko Zainketen Trantsiziorako Planaren hedapenaren oinarrizko ardatzetako bat.

ITURRIA: BFA