Prentsa Aretoa

Berriak

2024/04/04

'Aukeratu Euskadi. Elige Bienestar' goiburupean Vitoria-Gasteizen abiarazi du EAJ-PNVk Apirilaren 21erako Kanpaina

Andre Maria Zuriaren Plazatik, Imanol Pradales, Joseba Díez Antxustegi, Bakartxo Tejeria, Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzarrek alderdikide jeltzaleak deitu dituzte kanpainan mobilizatzera eta euskal hiritargo osoari eskatu diote Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzea

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Alderdikide eta alderdizaleei mobilizatzera deitzeko luzatu nahi izan dien mezuarekin eta euskal gizarte osoari parte hartzera deituz bidali dion deiarekin eman dio hasiera EAJ-PNVk apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako kanpainari. Vitoria-Gasteizko Andre Maria Zuriaren Plazak hartu du Kanpaina hasierako ekitaldia. Bertan, hitza hartzen lehena izan da Imanol Pradales Lehendakarigaia. Ondoren, hitza hartu dute Arabako zerrendaburu Joseba Díez Antxustegik, Gipuzkoako zerrendaburu Bakartxo Tejeriak, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek. ‘Aukeratu Euskadi. Elige Bienestar’ izango da kanpaina honetarako EAJ-PNVk aukeratu duen goiburua, beste behin ere euskal hiritargoaren gehiengoaren babesa jasotzeko helburuarekin.

“Apirilaren 21ean aukeratu beharko dugu ongizatean eta bizi kalitatean aurrera egin nahi dugun, edo atzerantz egin nahi dugun; Euskadi hobetzeko neurri  eta konponbide zehatzak nahi ditugun… edo laborategian asmatutako diskurtso hutsak hobesten ditugun. Eskarmentua eta kudeatzeko gaitasuna…. Edo arriskua, burutazioak eta ziurgabetasuna. Bi ereduren artean aukeratu beharko da: Euskadirentzako etorkizun hobea edo okerragoa”, ziurtatu du Pradalesek. Lehendakarigaiak nabarmendu nahi izan du Euskadik bizi kalitatea eta ongizatea dituela milaka pertsonen esfortzuari esker eta EAJ-PNVk ongizatearen Euskadi eraikitzeko, Euskadi ireki eta anitza egiteko hitzeman duen konpromisoari esker. Eta euskal gizarteari eskatu dio berriz ere ongizatea aukeratzea, EAJ-PNVk proposamen zehatzez betetako egitasmoa aurkeztu duela gogoratuz. Proposamen zehatzak jasotzen dituen programa da, agenda hirukoitzaren bidez Euskadi hazi arazteko eta euskal gizartearen eskariei erantzuna emateko, Euskadi nazioarte mailan garatzeko eta egungo desberdintasun berriei aurre egiteko. “Nik Euskadiri proposatzen diot ongizate mailan eta Herri gisa hasi araztea. Nire onena emango dut jendearen bizi kalitatea hobetzeko lanean. Ondo egon gaitezen, ondo bizi gaitezen eta ondo senti gaitezen. Euskadiri proposatzen diot denontzako etorkizun hobea. Promesa faltsurik gabe eta inor bazterrean utzi gabe. Eta, zalantzarik txikiena ere ez daukat  Euskadik etorkizun hobea izango duela eta ongizate mailan gora egingo dugula. Konfiantza osoa dut gure Herrian, gure euskal gizartean. Proiektu bat dugulako. Agenda hirukoitza, ongizatearen Euskadi berria egiteko, Euskadi fidagarri eta globala. Eta indartsu eta ilusioz beteta gaudelako”, amaitu du.

Gaurkoa lako gau batean, toki berean, 18 urte zituela, bere lehen mitinean izan zela hunkituta gogoratu ondoren, Arabako zerrendaburu Joseba Díez Antxustegi harro baino harroago agertu da “denon artean eraiki dugun herriarekin. Etorkizunari ilusioz beteta begiratzen dion herria, jakin dakielako nondik datorren eta daukan guztia kostata lortu duela”. Díez Antxustegik hitzeman du datozen 15 egunotan  “ahotsa galdu arte” arituko dela, EAJ-PNVren proiektua azalduz. “Proiektu errealista da, ilusioa eragiten diguten proposamenekin. Bete ahal izango ditugun proposamenak. Guk ezinezkoak ez ditugulako hitzematen. Konfiantza, bermeak eta ongizatea hitzematen ditugu”, nabarmendu du.

Gipuzkoako zerrendaburu Bakartxo Tejeriak bere diskurtsoaren mezu nagusian alderatu nahi izan ditu EAJ-PNVren eta Bilduren politikak. “EAJren helburua izan da, da eta izango da herri honen eta bertan bizi diren pertsona guztien alde egitea”, azpimarratu du. Baina, bere hitzetan “politika egiteko beste molde bat dago”, “guk eraikitzen genuen bitartean , besteek  nahiago zutelako `zenbat eta okerrago, orduan eta hobeto´, eragozpenak jartzen zituzten eta orain arte eraikitako guztia suntsitzen saiatu dira”. “Eta ez naiz ari  duela hamarkada batzuk gertatzen zenaz soilik: azken legealdi honetan bizi izan dugunaz ere hitz egiten dut. Ahal zuten guztia baliatu izan dute  EAJk kudeatzaile on gisa izan duen izen ona zikintzeko”, gaineratu du. Horregatik, Tejeriak hitz borobilak esan ditu guztiz konbentzituta “hauteskunde hauetan gako nagusia da kultura politiko bi hauen artean aukeratzea”: EAJren eredu eraikitzailea edo Bilduren eredu eragozlea.

Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi duenez, “gaur adostasunez eta gobernantza kolaboratiboaz hitz egiten dutenen oztopoen gainetik egin du aurrera Euskadik”. “Hauteskunde-kalkulu hutsagatik hitz egiten dute orain termino horietan”, gehitu du. Eta gaineratu du: “Ez gaituzte engainatzen. Herri honek zailtasun handiak bizi izan dituenean, beti egon dira kontra, pertsonei, familiei, enpresei, kooperatibei, autonomoei, sektore ekonomikoei… Zuzendutako neurri bakar bat ere ez dute babestu. Euskadik behar izan dituenean, ez dira hor egon. Bere helburua euskal gizarte osoak jasandako zailtasunetatik etekin politikoa ateratzea izan da. Premia handieneko egunetan, ordezkatzen gaituzten erakundeak alde batera utzi dituzte”, adierazi du Urkulluk.

Ekitaldiari amaiera emateko hitzak esan ditu gaur Andoni Ortuzar EBBren buruak, eta “erronka” bota nahi izan die alderdikide jeltzale guztiei. “Kanpainako hamabost egun ditugu. Egun bakoitzean saiatuko gara zalantzati bat bilatzen, eta botoa ematera joan behar dela konbentzitzen,bai eta EAJ-PNV bozka dezaten ere. Horietako asko gure inguruan daude. Gure atariko bizilagunak izan ahal dira; okindegian , degustazioan edo autobus geltokian aurkituko ditugu. Pertsona normalak dira, gu bezalakoak. Baina zalantzak dituzte. Zalantza horiek argitu behar dizkiegu. Eta, zer esan behar dugun? Zuretzat eta zure familiarentzat etorkizun hobea nahi baduzu; Euskadi oparoa nahi baduzu; gobernu prestatua nahi baduzu, gai dena, gauzak zelan egin behar diren dakiena, EAJ-PNV bozkatu: lasaitasuna emango duen botoa, egonkortasuna ekarriko duen botoa, egonkortasunaren botoa, esperientziaren botoa, gauzak ondo egiteko botoa”, aldarrikatu du.