Prentsa Aretoa

Berriak

2024/09/16

EAJ-PNVk euskararen erabilera sustatzeko eta euskal kultura defendatzeko elkarlanean jarraitzeko beharra azpimarratu du

Irune Zuluaga Legebiltzar taldeko bozeramaileak azpimarratu du garrantzitsua dela kultur eragileak zaintzea, kulturaren euskal sisteman sakontzea eta Euskadi Europako gizarte aktiboenetako bat bihurtzea

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk euskararen erabilera sustatzeko eta euskal kultura defendatzeko elkarlanean jarraitzeko beharra azpimarratu du

ARGAZKIA JAITSI

Euskara, Kultura eta Kirol Batzordeak ikasturte politikoari hasiera eman dio gaur Eusko Legebiltzarrean, Ibone Bengoetxeak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, datozen lau urteetarako konpromisoak, helburuak eta jarduera-ildo nagusiak azalduz. Legegintzaldi honetan, Sailak zuzeneko lotura izango du lehen lehendakariordearekin eta hori, Euskara, Kultura eta Kirol Batzordeko bozeramaile Irune Zuluagaren ustez, "garrantzitsua da, eta ziur nago onurak eta emaitzak ekarriko dituela". 

Bere lehen hitzaldian, Zuluagak txalotu egin du sailburu berriaren hasierako asmoa, Euskadirentzat lehentasunezkoak diren hiru esparrutan aurrera egiteko "loturak sortzea", alegia, eta legegintzaldiko helburu nagusiak babestu ditu: gure kulturaz harro egotea, euskararen erabilerari bultzada handia ematea eta Euskadi Europako gizarte aktiboenetako bat bihurtzea. "Hiru helburu horiek ez dira errazak, baina lau urterako plana dutela azaldu du sailburuak, urtez urte ekimen zehatzekin beteko den plan zabala, sakona eta zehaztua", nabarmendu du bozeramaile jeltzaleak.

Bere agerraldian, Bengoetxeak ideia nagusi bat garatu du arlo bakoitzean. Horrela, sailburuaren ustez, gizartea Euskadin sortzen den kulturaz harro egon dadin lan egitea legegintzaldiko motibazio handienetako bat da, Zuluagak babesten duen helburu bat, "gure kultura-unibertsoa pertsonek, sortzaileek, erakundeek eta politika publikoek osatzen baitute. Bakoitzak bere zeregina eta erantzukizuna du, baina sailburuak esan duen bezala, lotura izan behar dugu". Bozeramaile jeltzaleak "kultur eragileak zaintzearen" garrantzia azpimarratu du. "Euskal kultura-sistemaren bizkarrezurra dira, eta horregatik zaindu behar ditugu eta zaindu egin nahi ditugu. Kulturaren profesionalizazioa indartu eta hobetu behar dugu, eta horretarako beharrezkoak dira neurri ekonomiko fiskalak, jarduera egokiak eta izapideen sinplifikazioak", azpimarratu du Zuluagak. Bere esanetan, gainera, garrantzitsua da kulturaren euskal sisteman sakontzea.

Bozeramaile jeltzaleak ere bat egin du Jaurlaritzak "euskararen erabilera soziala" bultzatzeko duen ezinbesteko helburuarekin. "Legebiltzarrean denok gaude euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzearen alde, bakoitza bere ñabardura eta xehetasunekin, baina oinarrizko akordioak lortzea ez litzateke arazo izan behar. Gure buruari jarritako erronkei aurre egiteko, gure taldearentzat garrantzitsua da euskalgintzak, erakundeek eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin lan egitea. Horretan jarri behar dugu ahalegin guztia ", azpimarratu du Zuluagak, eta gogorarazi du Jaurlaritzak sustatutako Euskal Sektore Publikoan Euskara Normalizatzeko Dekretuak bere fruituak eman behar dituela datozen lau urteetan.

Kirol arloan, Zuluagak bat egiten du sailburuaren helburu nagusiarekin: "Euskadi Europako gizarterik aktiboenetako bat bihurtzea". Izan ere, "osasun fisikoa, psikikoa, kognitiboa eta afektibo-emozionala dira pertsonek bizitzeko behar ditugun baldintza nagusiak. Aspalditik dakigu kirola zein garrantzitsua den gure bizitzan. Gizarte aktibo, konprometitu eta osasuntsu batek hobeto bizitzeko aukera du eta hobeto egiten dio aurre edozein desberdintasuni", esan du bozeramaile jeltzaleak.