Aberri Eguna 2025

Prentsa Aretoa

Berriak

2025/03/25

Gorka Álvarezek hartuko du Ainhoa Basabek Sestaoko Alkatetzan utziko duen tokia

Udal arduretan 14 urte eman ondoren, horietako lau alkate gisa, Basabek aginte makila EAJ-PNVko egungo bozeramailearen esku utziko du martxoaren 31n egingo den osoko bilkuran; Álvarezek apirilaren 4an hartuko du lekukoa.

rss Ezagutzera eman
Gorka Álvarezek hartuko du Ainhoa Basabek Sestaoko Alkatetzan utziko duen tokia

ARGAZKIA JAITSI

Ainhoa Basabek, Sestaoko alkateak, bere jaioterriko Alkatetza utziko du, eta Gorka Álvarez, azken udal hauteskundeetan EAJ-PNVren hautagaitzako bigarrena eta Sestaoko Udaleko bozeramailea bihurtuko da udalburu. Datorren astelehenean, martxoaren 31n, egingo den osoko bilkuran Basabek kargua utziko du eta Álvarezek apirilaren 4an hartuko du lekukoa.

Atzo bertan Basabek Sestaoko batzokian egin zen batzarrean azaldu zuenez, “Udalean 14 urte eman ondoren, nire bizitzako etapa hau ixteko unea da, bizitza publikotik urrun dagoen kapitulu berri bat hasteko”, eta, “alkate izatea inoiz espero ez nuen arren, harrotasun handia eman dit”, adierazi zuen. “Urte guzti hauetan ahalik eta ahalegin handiena egiten saiatu naiz Sestao herriarentzat eta bertako herritarrentzat onena bilatzen”, eta agur esan zuen “eskerrak emanez nire herrikideei, baita nire alderdiari ere, eman zidan aukera honengatik”. Oraingo alkate andreak bere inguru hurbilari jakinarazi zion bere azken legegintzaldia izango zela, eta, hausnarketa-aldi baten ondoren, uste du iritsi dela makila gazteago baten eskuetan uzteko unea “ideia berriak ekarriko dituen eta Sestaoko Udala eta EAJ-PNVren proiektua gidatzen jarraituko duen” pertsona bati; “Gorkak ezaugarri onak ditu proiektu berri hau arrakastaren bidetik eramateko”, esan du Basabek.

Hala, apirilaren 4an Gorka Álvarezek hartuko du ardura berri hori legegintzaldi hau amaitu arte. Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziaduna da, Analisi Politikoan espezializatua eta Komunikazio Politiko eta Instituzionalean Unibertsitate Aditua, esperientzia handia du tokiko kudeaketan. Izan ere, ondo baino hobeto ezagutzen du bere udala. 2015ean ekin zion ibilbide politikoari Sestaoko Udalean. Geroztik, Kultura, Euskara eta Kirol Saileko buru izan da, baita Kontratazio eta udal taldearen bozeramaile ere. 2017tik, gainera, legebiltzarkidea da Gasteizen, eta datozen egunetan kargu horri uko egingo dio, bere udalerriko alkatetza bere gain hartzeko.

14 URTE EMAN DITU UDAL ARDURETAN

Ainhoa Basabe 2011n hasi zuen bere ibilbide politikoa. Hamar urtez hainbat udal-arlo kudeatu zituen, hala nola Kultura, Hezkuntza, Merkataritza, Hirigintza, Herritarren Segurtasuna eta Giza Baliabideak. 2021eko apirilean hautatu zuten alkate, Josu Bergara bere aurrekoak kargua utzi ondoren, 2023ko udal hauteskundeetan zerrenda bozkatuenaren buru zela.

Alkate karguan egon den lau urteetan, proiektu garrantzitsuak gauzatu dira Sestaon, hala nola Labe Garaia parkea eta Martxoaren 8ko plaza berria eraikitzea, Galindoko futbol-zelaiak eta Las Llanasko Udal Pilotalekua eraberritzea, sorospen gela zaharra birgaitzea edo udan gauzatuko den babes ofizialeko 180 etxebizitzako sustapen baten obrak hastea.

 

Denboralea Bahia Blancan. UNIÓN VASCA. Lagun diezaiogun Euskal Etxeari.