Prentsa Aretoa
Berriak
2026/05/27
EAJ-PNVk “oportunismoa eta inkoherentzia” leporatu dizkio EH Bilduri, orain arte Lea-Artibain egindako erakunde arteko adostasun eta lan dinamika hautsiz mugikortasun proposamenak egitean
Eskualdeko alderdi jeltzaleek gogorarazi dute lizitazio berria 2029ra arte ez dela indarrean sartuko, eta EH Bilduri leporatu diote eskualdeko udal guztien artean orain arte izandako elkarlanerako dinamika haustu izana zerbitzuan hobekuntzak planteatzeko. EAJ-PNVk mugikortasun "errealista, ekitatiboa eta jasangarria" defendatzen du, ospitaleekiko, trenekiko, ikastetxeekiko eta EHUrekiko loturak hobetzean oinarritua, baita udalerrien arteko konektibitatea indartzean eta gaur egun konexiorik ez duten herriak lotzean ere.
Lea-Artibaiko EAJ-PNVk Bizkaibuseko lizitazio berriaren aurreproiektuaren inguruan sortutako eztabaida testuinguruan jarri nahi izan du. Izan ere, aurreproiektu horren alegazio epea maiatzaren 22an amaitu zen, eta gogorarazi du oraindik prozesuaren hasierako fase bat dela eta etorkizuneko emakida ez dela indarrean jarriko 2029. urtera arte.
Jeltzaleen ustez, garrantzitsua da herritarrei “informazio zorrotza eta errealista” ematea, eta saihestu egin behar dira itxaropen faltsuak sortzea edo neurri jakin batzuk berehala aplikatzeari buruzko nahasmendua eragin dezaketen mezuak sortzea.
Ildo horretan, Lea-Artibaiko EAJ-PNVk berretsi du mugikortasuna “lehentasun estrategikoa izan dela, dela eta izango dela” eskualdean, bai gobernuan dauden erakundeetan, bai oposizio lanetan ari direnetan ere.
“EAJ-PNVk denbora asko darama modu serio eta koordinatuan lanean Lea-Artibaiko udalerri guztien mugikortasuna hobetzeko, Herribus, Auzotaxi edo Gababusa bezalako zerbitzuak defendatuz eta horiek mantentzearen alde eginez beti, eta ez murriztearen alde, EH-Bilduk kasu batzuetan egin duen bezala”, adierazi dute alderditik.
Hain zuzen ere, jeltzaleek EH Bilduren “inkoherentziak” kritikatu dituzte mugikortasunaren arloan, haien diskurtsoa gobernatzen daudenean (zerbitzuak murriztuz), edo oposizioan daudenean (zerbitzuak exijituz) aldatu egiten dela salatuz.
“EH Bilduk oposizioan dagoenean guztia eta gehiago eskatzen du, nahiz eta askotan jakin ez dela bideragarria, ezta jasangarria ere. Bestalde, gogoratu beharra dago agintzen dauden udalerrietan zerbitzu murrizketak egon direla,
Ondarroako Herribusarekin eta udalerri batzuetan Auzotaxiarekin gertatu den bezala, adibidez”, nabarmendu dute.
Era berean, Lea-Artibaiko EAJ-PNVk argi utzi nahi izan du EH Bilduk aurreproiektuari begira adierazi dituen proposamen eta hobekuntza asko “ez direla berriak, eta hori eskertzen dugu, nahiz eta aldebakarrez, alderdikeriaz eta egungo lan dinamika apurtuz eginak izan”, eskualde mailan aspaldidanik garatutako lan tekniko eta instituzionalaren parte baitira.
Zehazki, gogorarazi dute 2022an Lea-Artibaiko Mankomunitateak eskualdeari zerbitzua ematen dioten autobus-lineen azterketa espezifiko bat bultzatu zuela, eta bertan jasotzen zirela orain publikoki planteatzen ari diren jarduera asko.
Era berean, azpimarratu dute proposamen asko Bizkaiko Foru Aldundiari helarazi zitzaizkiola 2024ko otsailean, Lea-Artibai Fundazioko Garapen Agentziak bultzatutako Alkateen Foroaren bidez. Foro horretan, eskualdeko alkate guztiak daude ordezkatuta eta Aldundia proposamen horiek lantzen ari dela diote, epe laburrean martxan jartzeko.
“Hain zuzen ere, elkarlana eta koordinazioa oinarri hartuta, hobekuntza zehatz horiek iragarri dira jada, hilabete honetan bertan onartuko dira Lea-Artibairako”, adierazi dute EAJ-PNVtik.
Horien artean, alderdi jeltzaleak gogoratu du A3512, A3513 eta A3523 lineetako zerbitzuak handitu egin direla, goizeko lehen orduan eta arratsaldeko azken orduan Gernika eta Lekeitio artean beste espedizio batzuk izango baitira, eta Gernikan amaitzen den zerbitzua Lekeitiora arte luzatuko dela. Bilbotik ere irteera berri bat izangoda 21:45ean autopistatik, eskualdearekiko azken orduko loturak hobetuz.
Era berean, EAJ-PNVk nabarmendu du Aldundia lanean ari dela Lea-Artibaiko eskualdeak, ikastetxeetara eta Gernikako zein Usansolo-Galdakaoko ospitaleetara lotura azkarrago bat izateko, eskualdeko aldarrikapen historikoa baita.
Hobekuntza horiez gain, Ondarroa eta Markina-Xemein arteko 3915 linean errefortzuak izango dira, bereziki lan-mugikortasunarekin eta industrialdeekiko loturarekin zerikusia dutenak. Horrez gain, zuzeneko beste zerbitzu bat izango da Bilbo eta Ondarroa arteko 3916 linean, arratsaldeko ordutegian.
Era berean, gogorarazi dute landa-mugikortasuneko eredu berri bat ezartzea aurreikusita dagoela, minibusen eta hurbileko lineen bidez, auzoak eta landaguneak Markina-Xemein, Lekeitio, Ondarroa eta eskualdeko gainerako udalerriekin hobeto lotzeko, ordutegiak eta maiztasunak zabalduz.
Lea-Artibaiko EAJ-PNVren iritziz, “erakundeekiko errespetu falta itzela” da Markina-Xemeingo Udala orain eskualdeko mugikortasun guztiaren bozeramaile izan nahi izatea, zuzenean ordezkaritza instituzionalik ez duten udalerrien linea, lotura eta beharrei eragiten dieten alegazioak alde bakarretik aurkeztuz. Jeltzaleek gogorarazi dute horrelako ekintza alderdikoiak saihesteko, hain zuzen ere, Mankomunitatetik eta Garapen Agentziatik estrategia partekatu, adostu eta eraiki bat landu dutela orain arte Lea-Artibaiko udal guztien artean. “EH Bilduk eskualde-batasun hori haustea erabaki du hauteskunde-interes hutsagatik, aldarrikapen kolektiboez jabetuz eta eskualdean elkarrekin bultzatutako lan teknikoetan eta azterketetan bere alderdiko alkateek defendatu zituzten ekarpen eta lehentasunak ere baztertuz”, salatu dute EAJ-PNVtik.
EAJ-PNVren ustez, EH Bilduk orain arte mugikortasunaren inguruan egon den "eskualde batasunetik aldentzea erabaki du", herritarrentzako gai estrategiko bat erabiliz, "hauteskunde interes nabarmenarekin. Orain egiten dutena da lan dinamika bateratu bat hautsi, hauteskundeetatik urtebetera etekin politikoa ateratzen saiatzeko”, salatu dute.
Hori dela eta, jeltzaleek azpimarratu dute ez direla sartuko “alegazioen lehia publikoan“, baizik eta erakundeen arteko lanean zentratuta jarraituko duela, eskualdeko adostasunetik abiatuta eta foru sail ezberdinekin elkarlanean zerbitzua hobetzeko.
Ildo horretan, Lea-Artibaiko EAJ-PNVk lau lehentasun nagusi azpimarratzen jarraitzen du eskualdeko mugikortasunaren arloan:
• Ospitaleetarako loturak eta denborak hobetzea
• EHUrekin eta gainerako ikastetxeekin konektatzeko denborak hobetzea
• Lea-Artibaiko udalerrien arteko konektibitatea indartzea eta gaur egun komunikazio edo konexio-gabeziak dituzten herriak behar bezala konektatzea.
• Trenbide eta mugikortasun-nodo nagusiekiko loturak hobetzea
“Garrantzitsuena ez da nork irabazten duen orain, baizik eta herritarrentzat funtsezkoa den zerbitzu bat hobetzen jarraitzea lan seriotik, plangintzatik eta lankidetza instituzionaletik, eta horrek eramango gaitu Bizkaibusen zerbitzua hobetzera eskualdean, epe labur eta ertainean””, amaitu dute Lea-Artibaiko EAJ-PNVko kideek.
Nabarmenak...
TRAPAGARAN
2026/05/28
URDUÑA
2026/05/28
BERRIA
2026/05/27
TRAPAGARAN
2026/05/27
GERNIKA-LUMO
2026/05/26
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
EBB
2025/08/13
EBB
2025/03/29


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












