Prentsa Aretoa

Berriak

2026/05/28

Trapagarango EAJ-PNVk Elguero auzoko abandonu eta arrisku egoera salatu du

Jeltzaleek gobernu taldeari premiazko sastraka-garbiketa, mantentze-lanak eta suebakiaren berreskuratzea eskatu diote, inguruko segurtasuna eta osasungarritasuna bermatzeko.

Ezagutzera eman
Trapagarango EAJ-PNVk Elguero auzoko abandonu eta arrisku egoera salatu du

ARGAZKIA JAITSI

Trapagarango EAJ-PNVko udal taldeak publikoki salatu du Elguero auzoak gaur egun bizi duen abandonu egoera larria. Izan ere, egiaztatu ahal izan dutenez, bi urte baino gehiago daramatzate inguruko magaletan eta guneetan sastraka-garbiketa eta mantentze lanik egin gabe.

Ordezkari jeltzaleek auzoa bisitatu dute berriki inguruko bizilagunekin batera, eta bertatik bertara egiaztatu ahal izan dute pilatutako sastraken egoera eta auzotarren artean dagoen kezka. Alderditik nabarmendu dutenez, egoera honek zuzenean eragiten dio auzoko egunerokoari, eta zuzenean ezagutu ahal izan dituzte herritarrek helarazitako kexak eta eskaerak.

EAJ-PNVk ohartarazi du auzoko hainbat gunetan pilatutako sastrakek —hala nola sarbideetako bazterbideetan, udal lokalaren inguruan, elizako magalean edo ASPACE zentroaren inguruetan— bizitegi-inguruneari ez dagokion utzikeria-irudia ematen dutela, eta, gainera, segurtasun eta osasun-arazo bat suposatzen dute bizilagunentzat.

Alderditik gogorarazi dutenez, beroaren etorrerarekin nabarmen handitzen da sute arriskua, bereziki sastraka lehorrak etxebizitzen ondo-ondoan dauden eremuetan. “Ez gara ari soilik estetika edo herri-mantentze kontu batez, baizik eta auzoko segurtasunean zuzenean eragin dezakeen benetako arrisku batez”, adierazi dute udal taldetik.

Era berean, nabarmendu dute duela urte batzuk Udalak berak suebaki bat egin zuela magalean, balizko sute batek inguruko etxebizitzetara eta elizara iristea saihesteko helburuarekin. Hala ere, salatu dute gaur egun suebaki hori landarediak erabat estaltzen duela, eta, ondorioz, galdu egin duela prebentziorako zuen funtzio osoa.

Hori guztia dela eta, Trapagarango EAJ-PNVk idazki bat erregistratu du Udalean, auzo osoan sastrakak kentzeko eta mantentzeko lanak ahalik eta azkarren egiteko eskatuz, jabe pribatuei lursailak egokitzeko ere eskatuz, eta lehendik dagoen suebakia berreskuratzeko eskatuz, baita udal lorategi eta espazio publikoetan esku hartzeko ere.

Bozeramaile jeltzaleak azpimarratu duenez, "erakundeek horrelako egoerei aurrea hartzeko eta herritarrentzat baldintza duinak eta seguruak bermatzeko erantzukizuna dute. EAJ-PNVtik erne eta lanean jarraituko dugu Trapagarango auzoek merezi duten mantenua eta arreta jaso dezaten".

 

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!