Prentsa Aretoa
Berriak
2026/06/18
Durangaldeko EAJ-PNVk hiru urteko paralisia amaitzea eta Berrizko Marino Lejarreta Belodromoa berehala estaltzea eskatu du
Durangaldeko EAJ-PNVko alkateek eta zerrendaburuek, txirrindularitza munduko ordezkariekin batera, agerraldia egin dute Berrizen, Mankomunitateari Eskualderako jarduera estrategiko bat desblokeatzeko eskatzeko.
Durangaldeko EAJ-PNVk Mankomunitateak Berrizko Marino Lejarreta Belodromoa birgaitzeko eta estaltzeko proiektua blokeatuta daukala salatu du gaur, nahiz eta aldez aurreko plangintza, erakundeen babesa eta finantzaketa konprometitua izan.
Gaur goizean belodromoan bertan egin den agerraldian Durangaldeko EAJ-PNVko alkateek eta alkategaiek parte hartu dute, baita euskal eta eskualdeko txirrindularitzarekin lotutako hainbat ordezkarik eta erreferentek ere. Horien artean izan dira Raúl Mena Rodríguez, Durangaldeko Belodromoaren CDCko presidentea, eta Marino Lejarreta, Iban Mayo, Igor Antón, Ismael Lejarreta, Julian Gorospe, Rubén Gorospe, Ziortza Isasi, Alberto Leanizbarrutia eta Pedro Horrillo txirrindulari ezagunak, besteak beste. Agerraldian, kezka agertu dute azpiegitura estrategiko baten egoerak okerrera egiten jarraitzen duelako eta haren etorkizuna bermatzeko beharrezko erabakiak hartzen ez direlako.
EAJ-PNVk gogorarazi du proiektua 2021-2024 Plan Estrategikoan eta 2022-2025 Inbertsio Planean txertatu zela, bultzatu eta onartutak aurreko legegintzaldian, Mankomunitatea EAJ-PNVren esku zegoenean. 2022ko irailean, 1,5 milioi euro bideratu ziren gerakinetatik jarduketa bultzatzeko, eta ondoren Bizkaiko Foru Aldundiak beste 1,5 milioi euroko ekarpena hitzartu zuen proiektua kofinantzatzeko.
Hala eta guztiz ere, obren lehen fasea, estaltzea, perimetro-itxiera eta belodromoaren erdialderako sarbidea aurreikusten dituena, hasi gabe dago oraindik. Jeltzaleen ustez, egoera hori bereziki kezkagarria da, arriskuan jartzen duelako 2023an Bizkaiko Foru Aldundiak azpiegitura estaltzeko eta, ondorioz, urte osoan erabilerak handitzeko emandako dirulaguntza, eta arriskuan jartzen duelako instalazioaren kontserbazioa eta etorkizuna.
“Azterketa eta iragarki gehiagorik behar ez zuen proiektu baten aurrean gaude. Plangintza, baliabide ekonomikoak eta erakundeen laguntza zituen. Urte hauetan falta izan dena borondate politikoa eta kudeatzeko gaitasuna izan da”, adierazi dute.
Gainera, EAJ-PNVk ohartarazi du pilatutako atzerapenak arriskuan jartzen duela jarduerarako lortutako finantzaketa. Ildo horretan, nabarmendu du legegintzaldi osoan Mankomunitatea kudeatzeko ardura izan dutenek ezin dietela beste erakunde batzuei egotzi euren erabaki faltaren ondorioz sortutako egoera.
“Onartezina da baliabide erreserbatuak eta erakundeen babesa zituen jarduera batek duela hiru urteko puntu berean jarraitzea. Durangaldeko herritarrek azalpenak eta, batez ere, erabakiak merezi dituzte”, adierazi dute.
Raul Mena Durangaldeko CDC Belodromoko presidentea oso kezkatuta agertu da kirol instalazioa hobetzeko lanetan aurrerapausorik eman ez delako. Mankomunitatearen azken komunikatuaren ondoren, Menak egungo egoera “oso tristea” dela esan du eta proiektua hasi zenetik lau urtez zain egon ondoren klubak pairatzen duen frustrazioa deitoratu du.
Erakundeko presidenteak azaldu duenez, itxaropenak positiboak ziren Aldundiak dagokion partida ekonomikoa sartu ondoren, lanak hastea denbora kontua baino ez zela onartuta. Hala ere, egungo paralisiak egoera kritikoan utzi du belodromoa. “Belodromoari ez zaio mantentze-lanik egin, izan ere, aurreikuspen guztien arabera obrak laster hasiko ziren , eta orain honekin egiten dugu topo”, salatu du Menak.
Klubeko arduradun nagusiak ohartarazi duenez, azpiegituraren egungo egoerak bere funtzionamendu egokia eragozten du eta larriki konprometitzen du jarduera erakundeek presaz jarduten ez badute: “argiak izan behar dira: belodromoak, gaur egun dagoen baldintzetan, ezin du funtzionatu. Beraz, plan argi eta azkar bat ez badago, negu honetan oso litekeena da jarduerari eutsi ezin izatea. Ahal izan dugun moduan tiraka joan gara, denak zentzu bat izango zuela pentsatuz; baina pausorik emango ez bada, ezin izango dugu belodromoa sortu zenetik egiten ari den jarduerarekin jarraitu”.
Egoera horren aurrean, Durangaldeko CDC Belodromoak berehalako erantzuna eta agintari eskudunen premiazko jarduera-plan bat eskatzen du, tokiko txirrindularitzarako funtsezkoa den instalazio bat teknikoki itxi ez dadin.
Eskualdeko txirrindulariek Berrizko Marino Lejarreta belodromoaren aldeko jarrera sendoa izan dute. Zentzu horretan, Marino Lejarretak berak adierazi du hurrengoa: “Belodromoa funtsezko azpiegitura izan da hainbat hamarkadetan txirrindularitzarentzat, bereziki gazteenen prestakuntzarako eta garapenerako. Egungo egoerak arriskuan jartzen du haren etorkizuna, eta galera handia izango litzateke bai Eskualdearentzat bai euskal txirrindularitzarentzat oro har. Horregatik, ezinbestekoa da estaltze-lanei behin betiko bultzada ematea; izan ere, horrek instalazioaren etorkizuna bermatuko luke eta urte osoan zehar erabilera zabaltzea ahalbidetuko luke”.
Proiektua bultzatzeko mozioa
Egoera hori desblokeatzeko asmoz, EAJ-PNVk gaur arratsaldean bertan Mankomunitatearen osoko bilkuran mozio bat defendatuko du Marino Lejarreta Belodromoa Eskualdeko azpiegitura estrategiko izendatzeko, obren lehen fasea gauzatzeko behar den finantzaketa bermatzeko eta lizitaziorako beharrezko izapideak aktibatzeko. Ekimenak, halaber, aliantza instituzional berriak bilatzea planteatzen du, proiektuaren hurrengo faseei heltzeko eta Durangalderako erreferentziazko kirol-ekipamendua finkatzeko.
Horrela, EAJ-PNVk jarduera hori gauzatzeko elkarlanean aritzeko prest dagoela berretsi du eta Mankomunitateko gobernu taldeari arduraz jokatzeko eskatu dio, Eskualdeak kirolerako eta etorkizuneko garapenerako aukera estrategiko bat gal ez dezan.
Nabarmenak...
GORLIZ
2026/06/17
KARRANTZA
2026/06/17
LEKEITIO
2026/06/15
ETXEBARRI
2026/06/15
URDULIZ
2026/06/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
Kongresua
2024/12/06
EBB
2025/08/13


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












