Prentsa Aretoa
Berriak
2026/06/17
EAJ-PNVk Gorlizen adinekoen autonomia sustatzeko eta gazte zein familien etxebizitzarako sarbidea errazteko laguntzak bultzatzea lortu du
Bi ekimenak EAJ-PNVk gorliztarren benetako beharrei erantzuteko bultzatutako ekimenak dira; bai 75 urtetik gorako pertsonen eta desgaitasuna duten herritarren etxebizitzak egokitzeko laguntzak, bai 22 eta 39 urte bitarteko gazteentzako eta zailtasun ekonomikoak dituzten bizikidetza-unitateentzako alokairu-laguntza lerro berriak ere.
EAJ-PNVk positibotzat jo du herritarren bizi-kalitatea hobetzea helburu duten bi neurri martxan jartzea: batetik, “Etxean Eroso” programa, adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonala sustatzeko eta haien etxebizitzak egokitzeko sortua; eta, bestetik, gazteei eta zailtasun ekonomikoak dituzten bizikidetza-unitateei zuzendutako alokairurako laguntza-lerro berria.
Jeltzaleen ustez, bi ekimen horiek azken urteotan defendatu dituzten proposamenen emaitza dira, eta politikagintza ulertzeko modu jakin bati erantzuten diote: herritarren benetako beharrei irtenbide zehatzak emateari.
“Etxean Eroso” programaren kasuan, ekimena 2025eko abenduko osoko bilkuran onartu zen, 30.000 euroko aurrekontu-zuzkidurarekin. Programak etxebizitzen irisgarritasuna eta bizigarritasuna hobetzeko 2.000 eurorainoko laguntzak aurreikusten ditu, eta bereziki 75 urtetik gorako pertsonentzat eta desgaitasuna duten herritarrentzat dago pentsatuta. Helburua da eguneroko jarduerak egiteko autonomia pertsonala sustatzea eta desgaitasuna edo mendekotasun-egoera duten pertsonen gizarteratzea erraztea.
EAJ-PNVrentzat ez da proposamen berria. Izan ere, 2023ko udal hauteskundeetan, Nagore Utxupi jeltzaleen alkategaiak jada defendatzen zuen “Etxean Eroso” programa martxan jartzeko beharra, adinekoen mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko, etxean ahalik eta denbora gehien bizitzen jarrai dezaten eta mendekotasun-egoerak prebenitzen laguntzeko.
"EAJ-PNVn beti defendatu izan dugu erakundeek pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko tresna izan behar dutela. ‘Etxean Eroso’ programa helburu horrekin sortu zen: gure adinekoek eta desgaitasuna duten pertsonek beren etxeetan autonomia, segurtasun eta ongizate handiagoz bizitzen jarraitu ahal izatea", adierazi dute jeltzaleek.
Neurri horrekin batera, Udalak alokairurako laguntza-lerro berri bat ere onartu du, 22 eta 39 urte bitarteko gazteei eta zailtasun ekonomikoak dituzten bizikidetza-unitateei zuzendua. Programak gehienez hamabi hileko alokairuaren ordainketa estali ahal izango du, eskatzaileen diru-sarreren arabera, eta lehentasuna emango zaie premia ekonomiko handiena dutenei.
EAJ-PNVren iritziz, ekimen hau erantzun egokia da etxebizitza eskuratzeko edo alokairuan mantentzeko zailtasunak dituzten pertsona askoren egoerari aurre egiteko, bereziki gazteen artean.
"Etxebizitzarako sarbidea da gaur egun familia eta gazte askoren kezka nagusietako bat. Horregatik defendatu dugu Gorlizen bizi-proiektu bat garatu nahi duten pertsonei lagunduko dieten neurriak martxan jartzea, etxebizitza oztopo bihurtu ez dadin", nabarmendu dute.
Jeltzaleek azpimarratu dute bi neurriek ikuspegi bera partekatzen dutela: gizarte-kohesioa indartzea, etxebizitzarako sarbidea erraztea, kolektibo zaurgarrienei laguntzea eta herritarren bizi-kalitatea hobetzea.
"Ekimen hauek erakusten dute oposiziotik ere politika erabilgarria eta eraikitzailea egin daitekeela; pertsonen bizi-baldintzak hobetuko dituzten proposamenak landuz eta horiek errealitate bihur daitezen lan eginez. Gorliz inklusiboagoa, irisgarriagoa eta aukera gehiago eskaintzen dituena eraikitzen jarraitzeko lanean segituko dugu, gobernuan nor dagoen alde batera utzita", azpimarratu dute EAJ-PNVko kideek.
Nabarmenak...
IURRETA
2026/06/19
BERRIA
2026/06/18
KARRANTZA
2026/06/17
LEKEITIO
2026/06/15
ETXEBARRI
2026/06/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
Kongresua
2024/12/06
EBB
2025/08/13


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












