Prentsa Aretoa

Berriak

2026/06/12

Urdulizko EAJ-PNVk edukiontzi berrien aurkako ekintza bandalikoak gaitzetsi ditu eta udal gobernuaren elkarrizketa falta salatu du

Jeltzaleek udal altzariei eragindako kalte oro gaitzetsi dute, espazio publikoak errespetatzeko deia egin dute, eta hondakinak biltzeko sistema berria behar besteko informaziorik eta adostasunik gabe ezartzen ari dela uste dute.

Ezagutzera eman
Urdulizko EAJ-PNVk edukiontzi berrien aurkako ekintza bandalikoak gaitzetsi ditu eta udal gobernuaren elkarrizketa falta salatu du

ARGAZKIA JAITSI

Urdulizko EAJ-PNVk gaitzetsi egin du herriko hiri-altzariei kalteak eragiten dizkien ekintza bandaliko oro, hondakinak biltzeko eta birziklatzeko sistemaren barruan ezarri diren edukiontzi berrietan duela gutxi eragindako kalteak barne.

Alderdi jeltzaleak adierazi du herritarren artean haserrea nabaria den arren ezarritako eredu berriarekiko, bandalismoa ezin dela inoiz erantzuna izan. “Hiri-altzariei eragindako kalteek herritar guztiak kaltetzen dituzte, eta kostu ekonomiko bat dute, eta horrek, azkenean, bizilagun guztiei eragiten die”, nabarmendu dute.

EAJ-PNVk gogorarazi du birziklapenaren arloko neurri berriak ezartzeak udalek bete behar dituzten Europako jarraibideei erantzuten diela, hondakinen kudeaketa iraunkorragoa eta eraginkorragoa lortzeko bidean aurrera egiteko. Hala ere, aldaketa horiek garatzeko modu ezberdinak daudela uste du, eta Udala ez dela behar bezala kudeatzen ari ez komunikazioa ezta aukeratutako ereduaren gauzatzea ere.

"Herritarrekiko informazio, pedagogia eta adostasun faltak gaitzespen soziala eragiten ari da, eta horrek hausnarketa eragin beharko lioke EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek osatzen duten udal gobernu taldeari. Herritarren eguneroko ohiturei zuzenean eragiten dieten aldaketak bultzatzen direnean, funtsezkoa da azalpenak zuzen ematea, entzutea eta irtenbideak bilatzea", adierazi dute EAJ-PNVtik.

"Neurri bera denentzat"

Jeltzaleen ustez, udal altzariak eta espazio publikoak defendatzeko orduan koherentziaz jokatu behar da, eta ezin da neurri batzuetarako irmo agertu eta beste batzuen aurrean isilik geratu. Horregatik, gogorarazi dute ez dela zentzuzkoa ekintza bandaliko jakin batzuk gaitzestea eta herria kaltetzen duten beste jokabide batzuen aurrean ezer ez esatea; hala nola pintadak fatxadetan, altzarietan eta espazio publikoetan, kartelak edonon jartzea, etab.

“Zikinkeria, kalteak edo Udalari beharrezkoak ez diren gastuak eragiten dizkieten ekintza guztiak irmotasun berarekin gaitzetsi behar dira, nork egiten dituen alde batera utzita”, azpimarratu dute.

Amaitzeko, Urdulizko EAJ-PNVk erantzukizunez jokatzeko eta espazio publikoak errespetatzeko deia egin du, udalerriaren etorkizuneko ereduari buruzko eztabaida serio, eraikitzaile eta errespetuzkoa sustatuz. "Urdulizek eztabaida horiei elkarrizketatik, parte-hartzetik eta konponbideak bilatzetik aurre egitea merezi du, eta ez konfrontaziotik edo auzo-arazoen erabilera alderdikoitik", ondorioztatu dute.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!