Prentsa Aretoa
Berriak
2026/06/17
Karrantzako EAJ-PNVk udalerrirako proiektu estrategikoen falta salatu du, Karrantza Zabala hamahiru urtez gobernatu ondoren
Alderdi jeltzalearen ustez, udalerriak hamarkada bat baino gehiagoko aukerak galdu ditu, nahiz eta baliabide publikoen 70 milioi euro inguru kudeatu dituen.
Karrantzako EAJ-PNVk kezka agertu du Karrantza Zabalaren hamahiru urteko gobernuak udalerrian izan duen eragin urriagatik. Jeltzaleek gogorarazi dute 2012ko azarotik hona Karrantza Zabalaren Gobernu taldeak 70 milioi euro inguru kudeatu dituela; haien ustez, kopuru horrek haranaren etorkizunerako irismen handiagoko jardueretan gauzatu behar zen.
EAJ-PNVren iritziz, zaila da aldi honetan bultzatutako benetako proiektu estrategikoak identifikatzea. Egindako jarduketa nagusien artean daude osasun-zentroaren ondoko aparkalekua, Kontxako zubiko pasabidea edo haur-jolasgune batzuetan estalkiak jartzea. “Jarduketa puntualak dira, baina ez diete erantzuten Karrantzak dituen erronka nagusiei, ezta udalerriarentzat etorkizuneko norabiderik markatzen ere”, adierazi dute.
Jeltzaleek azpimarratu dute herri baten garapena hurrengo belaunaldiei uzten zaizkien azpiegiturek, zerbitzuek eta aukerek neurtzen dutela. Ildo horretan, gogorarazi dute gaur egun Karrantzako eguneroko bizitzaren parte diren azpiegitura eta ekipamendu asko aurreko gobernu jeltzaleen garaian sortu zirela.
Horien artean daude Kultur Etxea, Udaletxearen eraberritze integrala, erabilera anitzeko pilotalekuaren lehen fasea, Pozalaguako harrera-eraikina, auditorioa, Parketxea, Dolomiten Museoa, Bigarren Hezkuntzako institutua eta futbol-zelaia. Horrez gain, hainbat errepideren hobekuntza, ur-biltegi berrien eraikuntza, auzoetako eskola zaharren berreskurapena erabilera sozialetarako eta elkarte-sarea indartzeko ekimenak ere nabarmendu dituzte, hala nola Jubilatuen Elkartea sortzea eta herritarren hainbat ekimen babestea.
EAJ-PNVk balioan jarri du, halaber, Arka enpresaren etorrera. Gaur egun haranean ezarrita dagoen industria bakarra dela gogorarazi dute, eta jarduera ekonomikoa eta enplegu-aukerak sortzera bideratutako kudeaketaren adibide gisa aipatu dute.
Karrantzarako ibilbide-orri baten falta
Era berean, qlderdi jeltzaleak kritikatu du Karrantza Zabala azken udal hauteskundeetara hauteskunde-programa zehatzik aurkeztu gabe aurkeztu izana. Haien ustez, horrek agerian uzten du udalerriaren erronkei aurre egiteko ibilbide-orri argirik ez dagoela. “Ez dago udalerri-proiektu argirik, ezta enplegua, etxebizitza, zerbitzuak edo biztanleria mantentzea bezalako erronkei aurre egiteko estrategia zehatzik ere”, adierazi du.
EAJ-PNVren ustez, bi garai horien arteko aldea ez dago soilik egindako jarduketa kopuruan, baizik eta epe luzeko ikuspegiarekin proiektuak bultzatzeko gaitasunean. “Karrantzak berriz ere berreskuratu behar du etorkizuneko erronkei aurre egiteko planifikatzeko, gidatzeko eta ekimenak sustatzeko gaitasuna. Udal bat kudeatzea ez da egunerokoa mantentzera mugatzen; ikuspegia, ekimena eta pertsonen bizi-kalitatea hobetuko duten eta udalerriaren garapena sustatuko duten proiektuak behar dira”, ondorioztatu dute jeltzaleek.
Nabarmenak...
IURRETA
2026/06/19
BERRIA
2026/06/18
GORLIZ
2026/06/17
LEKEITIO
2026/06/15
ETXEBARRI
2026/06/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
Kongresua
2024/12/06
EBB
2025/08/13


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












