Prentsa Aretoa

Berriak

2015/03/12

Itxaso Atutxa: “Euskal gizartea izan da Ezker Abertzaleari etxerako lanak jarri dizkiona, eta ez du aurrera pausorik eman”

BBBren presidente andrearen esanetan, “ez dituzte eurek aurreikusitako eta publiko egindako bidea eta pausuak bete” eta, nahiz eta harremanei eutsi behar zaiela baieztatu, atzera emandako pausu jo ditu Sortuk erabili dituen atalburuak eta edukia.

rss Ezagutzera eman
Itxaso Atutxa: “Euskal gizartea izan da Ezker Abertzaleari etxerako lanak jarri dizkiona, eta ez du aurrera pausorik eman”

ARGAZKIA JAITSI

“Harremana egon da eta badago; eta egon beharra dago. Ez badugu hitz egiten ezin izango ditugu inoiz akordioak lortu. Baina, Ezker Abertzaleak beste jarrera bat erakutsi beharko du”, horrela mintzatu da Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarraren presidente Andrea, ETB1-ri eskainitako elkarrizketan, Sortuk ‘Gatazkaren konponbiderako bide orria’ izenburupean aurkeztu duen agiriaren harira. EAJ-PNVk ez du dokumentua sinatuko, edukiak “atzera eginiko pauso kezkagarri” jo baititu. Atutxak azaldu duenez “azken ordura arte egon zen EBBa aurkeztutako testuaren inguruan lanean, eta astearte goizean Arraizek berak publiko egin zuen, guk erantzuna eman baino lehen. Dena den, beharrezkoa da beti zubiak zabalik mantentzea”.

“Euskal gizartea izan da Ezker Abertzaleari etxerako lanak jarri dizkiona, eta ez du aurrera pausorik eman”. Atutxak esan bezala “ez dituzte eurek aurreikusitako eta publiko egindako bidea eta pausoak bete”. Testuaren azterketa egin ondoren, aurrera egiten ez dela jakinarazi du burukideak; are gehiago, erabiltzen diren atalburuak eta edukia ikaragarrizko atzera pauso jo ditu. Honen inguruan gogoratu nahi izan du Currin-ek berak esan duela Ezker Abertzalearen jarreran “geldialdi bat edo atzera pausu bat” antzematen dela. Dena den, Atutxak harremanei eutsi egin behar zaiela uste du, eta EAJ-PNVk bide honetan lanean jarraituko duela baieztatu du.

Bakea eta elkarbizitzaren inguruan Espainiako Gobernuaren jarrera ere salatu du Itxaso Atutxak. Burukidearen esanetan, bake bidean Rajoy-ren aurrera pausoak bazter daitezke. “Erakutsi du azken legealdi honetan jokabide berbera izan duela” eta orain, hauteskundeak hain gertu izanda, “boto bila dabil eta badaki Espainian botoa zerk ematen dion, eta Euskadiko bake eta bizikidetza prozesuak ez dio botorik emango”, adierazi du.

‘De miguel’ auziaz galdetuta, Atutxak gogora ekarri nahi izan du orain dela bost urte, kasua zabaldu zenean, salatuta zeudenak eta alderdikideak zirenak alderdikide txartela eman egin zutela. “Pertsona jakin batzuen jokaera pertsonala izan zela erakutsi da” eta, behin izapideak bukatuta, alderdiaren finantziaziorako tramiterik ez zeudela frogatu dela azaldu du. “Alderdi moduan erakutsi genuen jarrera, argia eta garbia da, eta horrela ikusi beharko litzateke". Gainera, gogoratu du Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiak auzian aurkeztu zirela herritar guztien interes publikoaren defentsa bermatzeko.

Itxaso Atutxari Gernika-Lumon EH Bilduren baitan EA eta Sorturen arteko hausturak ekarriko dituen ondorioez ere galdetu diote. Eragina Gernikan izango dela esan du burukideak eta herri honek eskualdean duen pisua nabarmendu du. “José Mari Gorroñok berak hedabideetan esan du harremana ez dela erraza izan” eta azaldu du Gernika-Lumoko alkateak garrantzi handia duela bai herrian bai EAren barruan ere. Dena den, “ez dakigu zer suposatuko duen honek” ez Bizkaian ez Euskadin ere ez.