Prentsa Aretoa

Berriak

2015/12/04

Aitor Esteban: “Oraingo honetan, inoiz baino beharrezko dugu Madrilera Euskadiren ahotsa eramatea"

Euskadi Irratian egin zaion elkarrizketan, abenduaren 20ko hauteskundeetarako hautagai jeltzaleak ohartarazi nahi izan du hurrengo legealdian "haize bolada birzentralizatzaileak" sor daitezkeela.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Aitor Estebanek, abenduaren 20ko hauteskundeetarako EAJ-PNVren Bizkaiko zerrendaburuak eta berraukeratzerako hautagaiak, gaurkoan baieztatu duenez "orain, inoiz baino beharrezko dugu Euskadiren ahotsa Madrilera eramatea".

Euskadi Irratian egin zaion elkarrizketan, hautagai jeltzaleak herritarrak ohartarazi nahi izan ditu Madriletik etor daitezkeen "haize bolada birzentralizatzaileen aurrean" eta zentzu honetan baieztatu duenez "EAJ-PNV da Madrilen euskal autogobernua eta euskal emakume eta gizonen ongizatea babesten dituen bakarra; betidanik egin izan dugu, eta egiten segituko dugu".

Estebanek gogoratu duenez "Diputatuen Kongresuko PP eta PSOE alderdietako euskal ordezkariak Madrilgo nagusiek esaten dietenaren mende daude" eta horren adibide modura aipatu ditu Euzko Abertzaleak taldeak Ekonomia Ituna blindatzeko aurkeztu zuen proposamenaren aurrean alderdi biotako euskal ordezkariek kontrako bozka eman zuteneko zazpi aldiak. "Zortzigarrenean baino ez zuten baiezkoa bozkatu eta hori gertatu zen Zapateroren Gobernuak urteko kontuak aurrera ateratzeko babesa behar zuelako", azpimarratu du. Aitor Estebanek zentzu berean adierazi duenez "gu izan ginen, gure Legebiltzar Taldeak aurkeztu zituen zuzenketen bidez, Euskadi Espainiar Gobernuak onartu zuen Udal Legetik kanpo geratzea lortu genuenak. Euskal herrialdeen izaera berezia eta forutasuna errespetatu ziren Diputatuen Kongresuko EAJren Taldeak egin zuen lanari esker" amaitu du.

Jeltzaleen hautagaiak era berean baieztatu duenez "hurrengo legealdian Konstituzioaren balizko erreformaren baitan elkarrizketarako eta negoziaketarako aukera egongo balitz, EAJ-PNVk dagokion aulkia hartuko luke Euskadi nazio gisa aitortua izan dadin eta Estatuarekiko aldebikotasun politiko eta ekonomikoa aldarrikatzeko" Zentzu berean esan duenez "arazo politikoek konponbide politikoak behar dituzte" eta azpimarratu duenez "legea eskuan, Espainiar Gobernuak ez du sekula ere ezer konponduko eta ez da egonkortasunik egongo; Catalunya eta Euskadiko auzi politikoa konpontzeari ekin behar diote". 

Amaitzeko, eta duela gutxi CIS erakundeak argitaratu duen inkestaz galdetuta, hautagai jeltzaleak zera ezarri nahi izan du "inkesta guztiekin gertatzen den antzera, zuhurtziaz jokatu behar da" eta azpimarratu duenez "garrantzitsuena da A20an lortuko duguna".