Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

Berriak

2016/09/11

Erkoreka: “Urkulluk ekintzen bidez erakutsi du herriarekin duen konpromisoa”

Bizkaiko zerrendaburu jeltzaleak azpimarratu du Urkullu dela Lehendakari gisa hartu zituen konpromisoak bete egin dituen bakarra. Erkorekak era berean iragarri du euskal autogobernuaren kontrako erasoei aurre egin behar zaiela “Euskadik etorkizunari begiratzea nahi baldin badugu”.

rss Ezagutzera eman
Erkoreka: “Urkulluk ekintzen bidez erakutsi du herriarekin duen konpromisoa”

ARGAZKIA JAITSI

Josu Erkorekak Bakion hitz egin du gaur goizean irailaren 25eko Euskal Hauteskundeetako hautagai ezberdinek aipatzen ari diren konpromisoez, konpromiso horiek `hitz ederrekin´ baino, egintzen bidez egiaztatzen direla azpimarratuz “Urkullu Lehendakariak Lehendakaritzatik egin duen moduan.

Erkorekak adibide gisa esan du duela lau urte lau lehendakarigai aurkeztu zirela eta denek herritarren aurrean konpromiso irmoak hartu zituztela. “Legealdiak iraungo zuen lau urteotan defendatu eta beteko zituzten konpromisoak. Bada, lau urte geroago esan dezakegu bere konpromiso guztiak bete dituen bakarra Urkullu Lehendakaria izan dela. Den-denak, bera izan ezik, Euskadiko eszenatoki politikotik desagertu direlako” esan du.

Erkorekaren hitzetan, hautagaiek beren diskurtsoetan ‘konpromiso’, hitza daramaten arren “gehienen ahoan, hitz hori, hori baino ez da, haizeak daraman hitza, EAJren hautagaien ahoan hitz hori ekintza bihurtzen den bitartean. Ekintza egiaztagarriak. Hor daude emaitzak”.

Zentzu honetan, hautagai jeltzaleak azpimarratu du EAJ-PNVk kudeatzeko duen gaitasuna, berme bakarra delako Euskadik aurrera egiten jarrai dezan, gainerako alderdien gelditasunaren aurrean eta  euskal hiritargoaren interesen kontrako erasoen aurrean, besteak beste, euskal autogobernuaren kontra. “Oso egoera delikatuan gaude. Erasoak hasiera hasieratik etengabeak izan badira, PPren gehiengo absolutuarekin eta daukaten asmo birzentralizatzaile horrekin, azkena kolpe hilgarria izan da. Ciudadanos gobernuan sartzea euskal autogobernua behin betiko indargabetzeko kolpea izan daiteke. Horregatik, Erkorekak uste du autogobernuaren kontrako eraso horiei aurre egin ahal izateko, EAJ indartsua behar dela “krisi ekonomikoa gure autogobernua odolusteko aitzakia gisa erabili nahi dutenei aurre egin ahal izateko”.

Amaitzeko, Erkorekak adierazi du euskal autogobernua behar dugula Euskadi nazioa delako eta euskal emakume eta gizonek beren burua gobernatzeko eta beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutelako. “Autogobernua nahi dugu gure burua gobernatzeko eskubidea dugulako; baina, horrez gain, Euskadi hobea eraikitzeko, Euskadi askeagoa, oparoagoa, aurreratuagoa, sozialagoa eta elkartuagoa. Aurrera egiten ari gara. Harro gaude orain arte egin dugun bidearekin, baina aurrera egiten jarraituko dugu gure etorkizuna irabazi behar dugulako. Onena heltzeko dago oraindik” amaitu du Erkorekak.