Prentsa Aretoa

Berriak

2016/09/12

Urkulluk hitzeman du %50 igoko dituela euskal familiei zuzendutako laguntzak

Lehendakariak Amorebieta-Etxanon iragarri ditu jaiotza eta eskolaratzea babesteko eta amatasun eta aitatasun baimenak apurka-apurka parekatzeko neurriak.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Ez dut gustuko hitz hutsak esatea eta beteko ez dudana agintzea. Jakin badakit egun bakoitzean zer esaten ari naizen. Beteko dudana hitzematen dut. Eta familiei zuzendutako laguntzak % 50 igoko ditugu” . Hitz horiekin aurkeztu du proposamen berria Iñigo Urkulluk, Lehendakari eta berraukeratua izateko aurkezten den hautagaiak “ideien kanpaina” izenez deitu duen honetan. EAJ-PNVk Amorebieta-Etxanoko Herriko Plazan ospatu duen mitinean, Urkulluk jaiotze tasa, adin txikien eskolaratzea eta amatasun eta aitatasun baimenak  babesteko eta laguntzeko neurri berriak iragarri ditu. Proposamen baikorrak eta, batez ere, egingarriak. Esate baterako, Osasun Zentro berria, Bizkaiko herri honetako herritarrek azken egunotan zabalik ikusi dutena. “Horiek ez dira haizeak daramatzan hitzak, beste alderdi batzuek esaten dituztenak bezalakoak”. Eta hitz batzuk esan nahi izan dizkie beste alderdietako ordezkariei: “Batzuek hitz handi eta borobilak esaten dituzte, baina ez dute esaten agindutakoa nola beteko duten. Guk ez dugu esaten dena dohain izango dela eta dena egingarria izango dela. Guk esana bete egingo dugu. Gure konpromisoa da egia esatea, errealitateari aurre egitea eta lan egitea, ameskeriarik gabe, haizeak eramango dituen hitzik gabe. Hauxe da gure estiloa. Argi hitz egitea, eta beti baikor izatea” esan du Urkulluk. Itxaso Atutxak , Bizkai Buru Batzarreko buruak, eta David Latxagak, Amorebieta-Etxanoko alkate ohi eta I-25eko Hauteskundeetarako hautagaiak ere hitz egin diete bertaratuei. Atutxak esan du Urkullu dela Euskadi izena daraman itsasontzi hau eramateko “kapitainik onena”, “ azken aldian bizitzea tokatu zaigun garai latzetan zorroztasunez, esku onez eta segurtasunez gobernatzen jakin izan duelako”.

Familiei zuzendutako laguntza planaren barruan, Urkulluk hiru arlo azpimarratu ditu. Seme-alaben jaiotzagatik ematen den laguntza lehen seme-alabaren kasuan, lehen urtean 900 eurorainokoa dela gogoratu du eta hitzeman du “bigarren semeagatik ematen diren laguntzak handituz joango direla eta bi urtetik baino, hiru urtera emango direla” eta hirugarren seme edo alabagatik 900 euroko laguntza emango dela lehen zazpi urtetan. Lehendakariak era berean iragarri du “ eta 3 urte bitartekoen eskolaratzea” indartuko duela eta, xede horrekin, 400 plaza berri sortuko dituela. Horrez gain, “Enpresetan 50 haurtzaindegi” jarriko direla abian proiektu pilotu gisa. Horrez gain, bere hirugarren konpromisoa iragarri du: “amatasun eta aitatasun baimena apurka-apurka iraupen berekoak izango dira”. “Estatu mailan familiari emango zaion egitasmorik aurreratuena izango da eta aurrera egiten jarraituko dugu” esan du. “Benetan diotsuet niretzat ilusiorik handiena dela familiei eta pertsonei laguntzea, familia bakoitzari eta pertsona bakoitzari” esan du. Elkarrekin eraikitzeko eta hazteko ilusioa da hau, etorkizunari begiratzen dion Euskadiren ilusioa”.

Urkulluk euskal hiritargoari ohartarazi nahi izan dio EH BIlduk eta Podemosek egunotan ematen ari diren errezeta magikoen kontra, bi talde horiek “milaka eta milaka enplegu sortuko dituztela esaten dute baina ez dute sekula azaltzen hori lortzeko zer egingo duten”. “Bilduk lau urtetan izan zituen Udaletako eta Aldundi bateko gobernuak, 2011 eta 2015 urte bitartean. Lau urte luze izan ziren. Galdera litzateke: zergatik ez zituzten orduan sortu orain sortuko dituztela esaten dituzten lanpostu haiek guztiak? Ez daukate eredu sozio-ekonomiko errealista bat, ez daukate sinesgarritasunik. Eta Podemosek urte luzea, urte luze-luzea darama Espainiako erkidegoetan eta hirietan gobernatzen. Zergatik ez dute euskal gizarte eredua aplikatu, orduan agindu zuten bezala? Ez dute eredu sozio-ekonomiko errealista bat, ez dute sinesgarritasunik” , salatu du Urkulluk. “Bilduk eta Podemosek, gizarte politikaz ari direnean, Adanen sindromea dutela uzten dute agerian ‘adanismo’ izeneko hori: uste dute mundua beraiekin hasi dela, beraiek baino lehenago inork ez duela ezer egin. Eta, ez hori bakarrik, bideragarri ez dena agintzen dute, eta hori badakite haiek. Arazoa da beren egitasmoa ameskeriak saltzean eta jendeari entzun nahi dutena esatean oinarritzen dela. Nik zera esan nahi diot euskal gizarteari: hobe da Euzko Alderdi Jeltzalearen konpromiso bat eskuan, ehun hitz hegan baino” esan du berraukeratua izateko aurkezten den hautagaiak.

Amaitzeko, Urkulluk euskal emakumeei eta gizonei luzatu die eskaria “bihotzetik hitz eginez eta oinak lurrean”. Euzko Alderdi Jeltzalearen Jaurlaritza babestea eskatu du “emandako hitza betetzeko, inor atzean ez uzteko, familiei zuzendutako laguntzak % 50 igotzeko, enplegu gehiago eta kalitate hobekoa lortzeko, langabezia %10etik murrizteko eta politika sozialik onena enplegua dela erakusteko”.

Minutu batzuk lehenago, EAJ-PNVren BBBren presidente andre Itxaso Atutxak, bere aldetik, Iñigo Urkulluk euskal herritar guztion lehendakaria izateko hautagai gisa ematen dion konfiantza adierazi du, bizi garen gizarte honetan, Euskadin, Jaurlaritzaren norabidea ezartzeko egon daitekeen `kapitainik onena´ dela erakutsi duelako. "Urkulluk zorroztasun osoz gobernatzen jakin du, herri hau esku onez eta segurtasunez gidatu duelako azken aldi honetan bizi izan ditugunak moduko garai latzetan" esan du.

Atutxak era berean azpimarratu du baliabide eskasak izan arren eta gutxiengo egoeran gobernatu arren, Lehendakariak eta bere Jaurlaritzak oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzen jakin dutela – osasuna, hezkuntza, gizarte babesa-, eta pertsonak izan direla bere gobernu lanaren helburu nagusia; eta, aldi berean, ezberdinen artean akordioak adosteko gaitasuna erakutsi dutela, beti euskal gizartearen onerako. "Bere esperientziak, bere konpromisoak, bere zintzotasunak herri honek izan dezakeen Lehendakaririk onena bihurtzen dute. Berarekin, gure etorkizuna, hemen bizi garen guztion etorkizuna, esku onetan egongo delako. Eskurik onenetan".

Atutxak Euskadiko eredua ekarri du gogora, Euskadiko eredua, aurrera egiten duen eredu gisa, eredu baikorra eta etorkizuna duena. Eta horregatik, I-25eko hauteskundeetan EAJ-PNV bozkatzea eskatu du, "Euskadik aurrera egiten jarrai dezan eta etorkizunera begira dezan. Euskadik gizarte politiketan, hezkuntzan, osasunean, berrikuntzan, aukera berdintasunean, enpleguan duen egoera ona hobetzerik izan dezan. Enplegu gehiago eta kalitate hobekoa. Azken finean, aurrera egiteko eta Euskadi eraikitzeko", amaitu du Atutxak.

Azkenik, David Latxaga Amorebieta-Etxanoko alkate ohiak -eta hautagaia Bizkaiko zerrendan- ekitaldiari hasiera eman dio Iñigo Urkullu lehendakariari konfiantza eskainiz iragan legegintzan egindako kudeaketagatik; baita ere EAJ-PNVko ordezkariek euskal instituzioetan egindako langatik. “Nahi dudan Euskadi, aurrera egiten duen herri bat da, aurretik urtez urte egindako lanari esker. Amorebieta-Etxano, Berriz, Iurreta edo Durango, Durangalde osoan, agerian da Euzko Alderdi Jeltzalearen kudeaketa ona”, esan du.