Prentsa Aretoa
Berriak
2016/09/21
Urkullu: “Teknologia Parkea Ezkerralderantz hedatzeak eskualdeko udalerriei emango die hazteko eta enplegu berriak sortzeko aukera”
Lehendakariak eta Andoni Ortuzarrek hautesleak deitu dituzte datorren igandean mugiaraztera: “Barakaldon udal hauteskundeak 52 botorengatik irabazi genituen. Inkestak ez dira Jaungoikoaren legea: erratu egin daitezke” ohartarazi du Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak.
Iñigo Urkullu. Barakaldo. 2016.09.21
HITZALDIA - 2016/09/21Andoni Ortuzar. Barakaldo. 2016.09.21
HITZALDIA - 2016/09/21Itxaso Atutxa. Barakaldo. 2016.09.21
HITZALDIA - 2016/09/21
Beste egun bat, eta hamahiru dira dagoeneko. EAJ-PNVk hiritargoari azaldu dizkio gaur bere proposamenak, proiektuak eta konpromisoak. Atzo arratsaldean Eibarreko erietxea bazen eta gaur goizean Vitoria-Gasteizerako inbertsio zerrenda luzea izan bada, gaur arratsaldean, Iñigo Urkullu Lehendakari eta hautagaiak Barakaldon egin den ekitaldian azpimarratu nahi izan du Ezkerralde osoarentzat benetan enblematikoa izan daitekeen egitasmoa: Teknologia Parkea Ezkerralderantz hedatzea. “Modernizazio teknologikoaren eta etorkizuneko industrien trenera igotzen lagunduko digun ekimena izango da, kalitate hobeko enpleguen trenera igotzen lagunduko diguna. Itxaropen leihoa da eskualde honetako udalerri guztientzat”, esan du Urkulluk Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, Bizkaiko Foru Aldunditik eta Bizkaiko Teknologia Parkearen aldetik bultzatuko duen egitasmoaren inguruan. Lehendakariak oraindik erabakia hartu gabe daudenak deitu ditu hausnartzera EAJ-PNVk gaur arratsaldean Barakaldoko Herriko Plazan egin duen ekitaldi politikoan. Lehendakariaren ondoan, ekitaldiko beste hizlariak izan dira Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzar eta Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentea.
Urkulluk `ideien kanpainarekin´ jarraitu du gaur, euskal gizarteari bere Egitasmoa eta bere konpromisoak azaltzeko bideratzen ari dena. Azken lau urteak “ gogorrak eta zailak” izan direla esan ondoren eta “hemen, Barakaldon, Ezkerraldean eta Meatzaldean hori ondo baino hobeto dakizue” gogoratu ondoren , hautagai jeltzaleak baieztatu du “apurka-apurka” hazten hazi garela “enplegua sortzen, enpresak eta merkataritza berreskuratzen, etorkizunari konfiantza handiagoarekin begiratzen. ACB lanean hasi da berriro Sestaon. Gutxi da oraindik, bai, lanaldi osoa berreskuratu behar du, baina lana egon badago. Lan egiten jarraitu behar dugu enpresa egonkortzeko eta produzitzeko gaitasun osoa berreskura dezan. Bide onetik goaz” esan du. Eta Euskadik suspertze bidetik jarrai dezan, Europari begiratzen jarrai dezan, Urkulluk “ belaunaldi oso baten erronkak” azpimarratu ditu: “enplegu gehiago eta kalitate hobekoa; langabezia %10etik jaistea, BPG industrialaren %25era iristea; txirotasun tasa %20 murriztea ; eta Genero Berdintasun alorrean Europako lehen lau herrialdeen artean egotea” .
Amaitzeko, Urkulluk galdera sinple batzuk egin dizkie botoa erabaki gabe dutenei. “Noren eskuetan utziko zenituzkete etxeko giltzak krisitik irteteko, hazkundea finkatzeko eta enplegua sortzeko?, Noren eskuetan utziko dituzue giltzak gizarte politikak, hezkuntza, osasun eta gizarte babeserako politikak jasangarri eta iraunkor izan daitezen? ,Noren eskuetan utziko dituzue giltzak indarkeriaren amaiera ordenaturako eta denon arteko bizikidetza finkatzeko?, Noren eskuetan, Herri eta gizarte gisa hazten lagunduko digun Autogobernu eredua lortzeko ? Noren eskuetan utziko zenituzkete giltzak gizarte berdintzaile eta integratzaileagorako bidean aurrera egiteko? Botoarekin giltzak esku batzuetan edo besteetan jartzen ditugu hurrengo lau urteotarako. Noren eskuetan utziko dituzue etxeko giltzak? Horra hor galdera” esan du erantzuna eman baino lehen. “Botoa, giltza sozial eta politikoa eta konfiantza EAJren eskuetan uzten duenak jakin badaki zertarako izango den: Gobernu egonkorra, sendoa, finkoa, indartsua eta irekia eratzeko. Euskadiko Gobernua Industriaren alde egiteko, Enplegua sortzeko, Bizikidetza eta Autogobernua finkatzeko”.
Hautesleria mugiarazteko asmoarekin ere, bereziki EAJ-PNVren garaipena bermatuta dagoela pentsatzen dutenak gogoan, Andoni Ortuzarrek gogoratu du duela urte bete eta erdi bere alderdiak udal hauteskundeak Barakaldon 52 botorengatik irabazi zituela. “Eta, gogoan duzue hemen inkestek zer nolako emaitzak ematen zituzten? PSOEK irabaziko zuela esaten zuten. Denek esaten zuten hori. Guk genituen inkestek ere bai”, gogoratu du. “Hemendik, Barakaldotik, bi ikasgai garrantzitsu atera behar ditugu. Lehen ikasgaia: Inkestak ez dira Jaungoikoaren legea, sarritan erratzen dira. Bigarren ikasgaia: eskukada bete botok oso gauza garrantzitsuak erabakitzen lagun dezake. Hemen, Alkatetza; Eusko Legebiltzarrean, gutxienez hiru legebiltzarkide. Eta, asko da jokoan dagoena, jokoan daukagu Euskadiko etorkizuna. Mugitzea tokatzen zaigu, hortzak estutu eta azken bultzada eman behar dugu, azken txanpa dugu” animatu du Ortuzarrek.
Jeltzaleen buruak gogora ekarri ditu gaur Mariano Rajoyk Tecnaliara eta Pedro Sánchezek Gernikako Batzar Etxera egin duten bisitak. “Bata berrikuntza zentro batetara etorri da eta bestea euskal demokraziaren sinboloa bisitatzera. Biak berritzeko ekimenarekin kutsatuko ahal dira demokrazian, prestakuntzan eta hitz egiteko eta adosteko orduan. Baina ez du ematen halako ezerekin kutsatu direnik. Beren gauzez ari dira eta Euskadiri buruz hitz egiten duten apurra gu txarto uzteko izan da” deitoratu du Ortuzarrek eta euskal hiritargoak botoa emateko orduan argi izan behar duen ideia azpimarratu du. “Igandean erabakiko dena da etorkizuneko Euskadi zer ardatzen inguruan garatuko ote den: EAJren eta Iñigo Urkullurren erdikotasun eta gobernu onaren inguruan edo Bildu-Podemos bikotearen abentura eta burutazioen inguruan. Jokoan ez dago bakarrik Lehendakaria nori izango ote den, hori ere oso garrantzitsua den arren, jokoan dagoena da gure Herriaren etorkizuna. Herri eredua. Mundura irekia den herria, guztiontzako enplegu eta ongizatea bilatzen duena edo elite populista eta iraultzaileena, Europako Venezuela bihurtu nahi gaituztenena. Dugun herri ona, oraindik konpontzeko ditugun arazoekin ere, gehienoi harrotasuna sentiarazten digun Herria; edo, beste alde batetik, Bilduk eta Podemosek proposatzen duten inorako bidaia. Inbertsioek Euskadira heltzen jarraitzea edo, bestela, Iglesiasen terminologia erabilita herritarrak “ikaratuko” duten gobernua eta “Herria geldiaraziko diguna”, planteatu du EBBren presidenteak. “Ikusten duzue zergatik merezi duen eta zergatik azken minutura arte azken botoa lortu arte lan egin behar den?, galdetu du.
Lehenago, ekitaldia hasteko orduan, EAJ-PNVren BBBren presidente andre Itxaso Atutxak bertaratuen aurrean ohartarazi du hauteskunde hauetan jokoan dagoena dela guztion borondateak bateratzea, hurrengo urteotako gobernuaren aldetik eraginkortasunez jardun ahal izateko. “Egonkortasuna, eraginkortasuna, konfiantza, esfortzua, konpromiso partekatua, elkarrizketa eta akordioa… horiek dira exijitzen zaizkigun baloreak, denok gure bizitzan aurrera egiteko aukera izan dezagun”.
Atutxak zentzu berean azpimarratu ditu “Euskadin guztion artean erdietsi dituen lorpenak, salbuespenak salbuespen, herri honetan bizitza maila ona dugulako, kalitatezko zerbitzu publikoak ditugulako eta hiritargoa horretaz jabetuta dagoelako. “Gure inguruari begiratzea baino ez dago askoz ere egoera hobe eta orekatua dugula ikusteko” esan du. Eta, zentzu honetan, Euskadin aurrera egiten jarraitu ahal izateko, ordezkari jeltzaleak gure herrikide guztiak konbentzitzeko beharra azpimarratu du, datorren igandean botoa ematera joan daitezen eta hautestontziak Euzko Alderdi Jeltzalearen botoekin bete ditzaten. “Denon indarra behar dugu. Herrikideak konbentzitu behar ditugu datorren igandean inor etxean geratu ez dadin. Hautestontzietara hurbil daitezen eta kontzientziak esaten dietena bozka dezaten. Azken ahalegina egin behar dugu. Azken bultzadizoa eman behar dugu. Kontzientziak mugiarazteko gai izan behar dugu. Besoak gurutzatuta geratzeak, dena eginda dagoela pentsatzeak, ez dute ezer konpontzen. Kritikatzeak kritikatze hutsagatik ere ez. Zerura lurra zapaldu barik iritsi nahi izateak frustrazioak baino ez ditu eragingo. Etorkizuna igandean hasiko da”, amaitu du Atutxak.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25