Prentsa Aretoa
Berriak
2016/11/23
Urkulluk balioan jarri du EAJ-PSE akordioa eta legebiltzar-talde guztiei eskua luzatu die “akordioetara iristeko beharraren aurrean”
Inbestidura-hitzaldian, “enplegu gehiago eta hobea” sortzeko helburuan ezarri du Lehendakariak legegintzaldi berriko lehentasuna.
Urkulluren diskurtsoa - Inbestidura saioa XI. legegintza
DISCURSO DE IñIGO URKULU - 2016/11/23
Iñigo Urkullu Lehendakariak eta berriro izendatzeko EAJ-PNVren hautagaiak balioan jarri du EAJ-PNVren eta Euskadiko Alderdi Sozialistaren artean lortutako akordioa. Inbestidura-hitzaldian adierazi duenez, bi alderdiak gai izan dira euren arteko desberdintasunak alde batera utzi eta kausa komun baten alde egiteko. “Hori da politikaren handitasuna. Epe luzeko ikuspegia, Herri konpromisoa eta printzipio etikoa edo balio gorena”. Lehendakariak nabarmendu egin du hitzarmenak duen berezko balioa eta bere gain duen pontentzialtasuna Herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko. “Elkarlanak Euskadiren kultura politikoaren ardatz izaten jarraitu behar du. Elkarlana alderdi politikoen artean, erakundeen artean, elkarlan publiko-pribatua eta elkarlana baita ere Estatuarekin, gure helburuak betetzeko”. Iñigo Urkulluk Jose Antonio Agirra Lehendakaria gogora ekarriz hasi du bere mintzaldia, eta baita lehen Eusko Jaurlaritza osatzean ordezkatu zituen balioak ere. “Garai zailak ziren, baina gailendu egin ziren konpromisoa, elkartasuna, pluraltasuna eta elkarlana. Gaur, legegintzaldi berri honen hasieran, balio horiek gureak egiten ditugu”.
Hain zuzen ere, gizartearen onerako akordio- eta ulermen-kultura horretan kokatu du Lehendakariak PSE-EErekin erdietsitako akordioa. Nolanahi ere, akordio hori Jaurlaritzaren gobernagarritasuna eta egonkortasuna bermatzeko helburu handia izanik, Iñigo Urkulluk eskua luzatu die gainontzeko alderdi politikoei, “beharrezkoa baita elkarlan-kultura ahal beste zabaltzea”. Adierazi du jabetzen dela inork ez duela arrazoi osoa. “Arrazoi guztien batuketak etorkizuneko erronkei aurre egitea ahalbidetuko digu”.
Konplizitate berriak josteko deialdi hori eginez, hautagai jeltzaleak 2020rako ezarritako helburuak eta proiektuak azaldu ditu. Lau dira Iñigo Urkulluk gobernu-ekintzan ezarritako lehentasunak: giza garapena eta oreka soziala, enplegua eta ekonomiaren berraktibatzea, bizikidetza eta giza eskubideak eta Autogobernu gehiago eta hobea. Lau oinarri, esan du, Euskadi iraunkorra, gizarte-sentsibilitateduna eta bideragarritasun ekonomikoduna eraikitzeko. Enplegua sortzea da Lehendakariaren lehentasun sozial handiena, eta hor baliatuko ditu gaitasunak eta potentzialtasunak, ahalegin handiena egiteko. “Hori da gure lehen gobernu-konpromisoa. Gure ereduak bateratu egiten ditu benetako ekonomia produktiboa laguntzeko estrategia eta enplegu-politikak. Txanpon bereko bi aldeak”. Lehendakariak aitortu du Euskadi bide onetik doala. “Hamaika hazkunde-hiruhileko daramatzagu, eta joera horri eustea giltzarria da langabezia %10etik behera jeisteko eta kontratazio-baldintzak hobetzeko”. Lehendakariarentzat, hori izango da politika sozialik hoberena kohesioa, integrazioa, giza garapena eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko.
Memoria, behin betiko bakea lortzea eta bizikidetza dira legegintzaldi berriran aurre egin beharreko beste zeregin bat. Asko aurreratu dugu, aitortu du Urkulluk, baina ETAren desarmatzea eta behin betiko desagertzea lortu behar ditugu. Ildo horretan, Jaurlaritzaren eskaintza berretsi du helburu hori betetzeko, eta baita espetxe-politika berri bat lortzeko. “Lan-eremu nagusia Bizikidetza eta Giza Eskubideena izango da. Bizikidetzan aurrera egin nahi dugu, bakearen eta giza eskubideen kulturarekin konprometitutako gizartea indartu nahi dugu”.
Lehendakaria izendatzeko saioan ezarritako laugarren zutabea Autogobernuari dagokio. Lehendakariak Gernikako Estatutua erabat betetzea eskatu du, eta Estatuaren politika birzentralizatzaileak salatu ditu. “Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak elkarrekin lan egin behar dugu euskal Autogobernua defendatzeko eta Estatutua goitik behera betetzea lortzeko. Etorkizunerako Estatutu Hitzarmen berri bat lortzeko aukera bat daukagu”. Iñigo Urkullu ziur agertu da garaia iritsi dela “Euskadin bizikidetza-eremu berrian aurrera egiteko, erakunde-adostasunetik abiatuta, Estatuarekin Hitzarmen berri bat artikulatuko duena eta euskal gizarteak berretsiko duena”.
Amaitzeko, Iñigo Urkulluk Legebiltzarraren konfidantza eskatu du Euskadiko Lehendakari izendatu dezaten. “Etapa berri honi konpromisoz, ilusioz eta arduraz ekiten diot. Errealismoa, egia eta lana bermatzen ditut. Lan asko. Ohorea izango litzateke euskal gizartearen balioak ordezkatzen jarraitzea”.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25