Prentsa Aretoa

Berriak

2017/06/30

Itxaso Atutxa: “Berebizikoa da pentsioen eskumena geureganatzea”

Bizkai Buru Batzarreko presidente andrearen esanetan, EAJ-PNVkoak izan ginen “krisi gogorra hasi baino lehenago ere”, Estatu mailan gai honen inguruan “ardura agertu genuen lehenengoetakoa”

rss Ezagutzera eman
Itxaso Atutxa: “Berebizikoa da pentsioen eskumena geureganatzea”

ARGAZKIA JAITSI

Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarreko presidente andrea Bizkaia Irratian elkarrizketatu dute gaur goizean. Hainbat gairi buruz mintzatu da burukide bizkaitarra, baina pentsioen egoeraz argi hitz egin du. Atutxak beste behin ere azpimarratu nahi izan duenez “pentsioen eskumena geureganatzea garrantzitsua da”. Gogoratu duenez, EAJ-PNVkoak izan ziren Estatu mailan honetaz hitz egin zuten lehenengoetakoak: “Gu izan ginen ardura agertu genuen lehenengotarikoak”, “krisi gogorra hasi baino lehenago ere”. “Ikusten genuen pentsioen poltsa amaigabeko putzua bihurtzen ari zela” eta “gastatzen dena momenturen baten amaitu egiten dela”, ohartarazi du.

Baieztapen hau abiapuntutzat hartuz, EAJ-PNVk hainbat proposamen egin dituela gogoratu du. Bere hitzetan Alderdiaren barruan “hausnarketa prozesua egin genuen eta dokumentu batean jaso genuen; agiria ez da behin betikoa baina lanerako dokumentu bat da. Honetan, denon artean landu behar dugun bide bat proposatzen da”, ekarri du gogora. BBBko presidente andreak agertu duenez, “bertako alderdiek eta estatalistek behin eta berriro defizitarioak garela esaten dute eta hobe Espainiako aurrekontuen barruan gelditzen bagara”. Baina kritikak baztertu ditu eta arriskua hartzeko gonbitea luzatu du: “Pentsatu, Estatua dagoen moduan egonda eta aurreikusten dena” kontuan izanda, “nork ordainduko dizkigu euskaldunoi etorkizunean, ez niri, nire ama alargunari, hurrengo urteetan? Broma gutxi honekin, gure nagusien pentsioez ari gara”, bukatu du.

Halaber, asteazken arratsaldean Errenteriako alkateak espresuki ETAren hiru biktimei eginiko omenaldia “ikaragarri ona eta oso aberasgarria” iruditu zaio Itxaso Atutxari eta bere ustetan, “EH Bildurentzat bide bat zabaltzen ari da”, gaineratu du. “Han bertan biktimak ikustea oso esanguratsua izan zen eta ikusi genuen alkate batek zelan, lasaitasun osoz, lortu zuen benetan onartzea egindakoa txarto egon zela eta ez zela gertatu behar izan, ez orduan ez beste inoiz ere”, baieztatu du. “Errenteriako alkateak eman duen adibidea txalogarria eta baikorra da. Uste dut elkarbizitzarako bidean ikaragarrizko aurrerapauso garrantzitsua izan dela. Ia bere alderdikoek eredu horri jarraitzen dioten”, amaitu du.