Prentsa Aretoa

Berriak

2017/09/07

Espainiako Gobernuari Catalunyakoak moduko “arazo politikoak” judizializatzen tematzea eta “konponbide politikorik” ez ematea deitoratu dio Itxaso Atutxak

BBBko presidenteak kritikatu duenez Catalunyako krisiari konponbidea emateko orduan Rajoy “berdin pentsatzen dutenekin baino ez da batzartzen, partekatzen duten Espainiaren ideia hori indartzeko helburuarekin”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak gaur deitoratu du Espainiako Gobernua Catalunyakoa moduko “arazo politikoak judizializatzen” tematzen dela baina “konponbide politikoa ematen saiatu gabe”. Era berean, Bizkaiko jeltzaleen buruak kritikatu du Catalunyako krisiari aurre egiteko lehen urrats gisa, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea Pedro Sánchez eta Albert Riverarekin baino ez da batzartu, hau da “berdin pentsatzen dutenekin soilik” eta hori egin du hirurok “Espainiaren eredu zehatz baten defentsak batzen dituelako”. “Hori aldatzea espero dugu” adierazi du “ lehen urrats horiek argi erakusten baitute behar bada ezin dela gauza guztietaz hitz egin”.

Bilboko Herri Irratiari eskainitako elkarrizketan, Atutxak “salbuespen” jo du atzo eta gaur Parlament-en gertatu dena “eta ez bakarrik Catalunyan gertatzen ari denagatik, baizik eta baita Estatutik gai honi ematen zaion tratamenduagatik ere, eta hori bai da salbuespena”. Atutxak uste du PPren Gobernua erakusten ari dena dela “Espainiako Estatuak hitz egiteko izan dezakeen gaitasuna heldu gabe ez ezik sortu gabe ere badagoela”, eta horrek agerian utzi du “Estatuak ezintasun bat duela gertatzen ari zela ondo dakien gauza bati erantzuna emateko orduan”.

Bizkaiko EAJ-PNVko buruak aditzera eman duenez “Govern-ek eta osatzen dutenek hauteskundeetan aurkeztu zirenean eta gehiengoa lortu zutenean planteatu zuten egitasmoan jaso zuten bideari ekin diote, baina beste aldean ez dute solaskiderik aurkitu”. Atutxak uste du Espainiako Gobernuaren aldetik bestelako jarrera bat eman izan balitz elkar ulertzeko formulak bideratu ahal izango zirela Catalunyaren nazio aldarrikapenak bestelako garapen bat izan zezan. “urriaren 1eko erreferendumaren osteko egoerara bestela hel zitekeen” esan du eta Eskozian hitzartutako galdeketa ekarri du gogora adibide gisa. “Oraindik ezin dugu ulertu zergatik ezin da halakorik ( Eskoziakoa moduko erreferenduma) Espainiako Estatuan eman. Espainiako Gobernuak eta alderdi politiko batzuek hain argi badute Catalunyan estatus berri hori eskatzen duen gehiengoa ematen ez dela, ez dut ulertzen beraiek esaten dutena frogatuko duen galdeketa zergatik ez dute ahalbidetzen, hau da, Catalunyako gehiengoak ez duela bide hori aldezten”. Urriaren 1eko galdeketaren ondoren gerta litekeenaz galdetuta, Atutxak esan du urriaren 2an gertatuko dena “catalunyarrek eurek erabakiko dutela” eta horrela izan dadin eskatu du “erabakitzen utz diezaietela eta batez ere gai hau bide legal eta demokratikoetatik eramateko orduan hiritarrek erakutsi duten borondate hori errespetatua izan dadila”. Bere ustetan, Catalunyako Govern-ek “ ahalegin handiak egin ditu bide demokratiko eta legaletatik joateko, Catalunyako Parlamentuan bide hau lege bidez eta gehiengo zabalak lortuz egin dutelako, baina beste aldean ez dute solaskiderik aurkitu”. Atutxaren ustetan gatazka honen sorburuan dago Moncloan urteotan bizi izan direnek eta Espainiako alderdi nagusiek ez dutela onartu nahi izan Espainiak arazo larria duela Catalunya eta Euskadiren egoerarekin, eta oso hutsegite larria egiten dutela Catalunya eta Euskadi nazio bi direla ulertu edo aitortu nahi ez izatean.

BBBko presidentea herrialde osoak industria sektoreak bizi duen egoeraz ere mintzatu da. Balantze orokorrean “oso egoera txarretatik irteten ari diren enpresen kopurua askoz handiagoa den arren, gaurko albistea da enpresa batzuk oso egoera txarrean daudela. Bolumen handia dutelako Naval eta CEL enpresak irten dira egunotan albisteetan, baina egia da horiei buruz hitz egiten dugunean ezin dugula alde batean utzi enpresa horiek non kokatuta dauden, enpresek bizi duten egoera txar horrek udalerriak eta zerbitzu ematen dieten enpresa txikiagoak kaltetzen dituelako, eta horrek are dimentsio larriagoa ematen dio gaiari”, azaldu du. Atutxak era berean azpimarratu nahi izan du erakundeek prozesu horien guztien jarraipena egiten dutela eta esan du konponbidea ez dela administrazioak bidera lezakeen interbentzio ekonomikoa. “Konponbidea da enpresa-proiektu serioak izatea, bazkide eta inbertsore izan daitezkeen eragileek sektorea ezagun dezatela eta negozio proiektu argia izan dezatela. Hortik datoz eskaintzak, hain zuzen”, aurreratu du.

Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Alderdi Eguna 2017
Jarrai iezaguzu Telegramen