Prentsa Aretoa
Berriak
2017/09/26
Itxaso Atutxa: “Espainiako Estatuak dituen arazoak ez dira konponduko aurrekontuak izateagatik ala ez”
Bizkai Buru Batzarreko presidenteak EAJ-PNVk Estatuko eta Kataluniako gobernuen artean bitartekari gisa aritzeko egin duen eskaintza berretsi du, Kataluniari konponbidea bilatzea xede
Bizkai Buru Batzarreko presidente andre Itxaso Atutxak gaur goizean baieztatu duenez “datorren urtean aurrekontuak izateak ez ditu Espainiar estatuak orain dituen arazoak konponduko”. Une honetan, “Estatua eta bere egituraketa instituzionala erortzen ari direla”, “garrantzitsuena ez da” datorren urteko kontu publikoei buruz hitz egitea. “Egonkortasuna ez da soilik aurrekontu batzuekin etorriko. Egonkortasuna benetan helduko da Estatua bere egituraketa instituzionalaren arazoari erantzun politikoa emateko prest baldin badago edo, gutxienez, erantzun politikoa egingarri egiteko prest badago”, baieztatu du. Ildo beretik, EBBko presidente Andoni Ortuzarrek igandean, Alderdi Egunean, Kataluniaren egoerari konponbidea bilatzeko helburuarekin gobernu bien artean bitartekari gisa aritzeko egin zuen eskaintza berretsi du.
Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioari eskainitako elkarrizketan Bizkaiko burukideak esan duenez “une honetan ez da Espainiako Gobernuarekin elkarrizketan aritzeko moduko giro onik ematen” eta azaldu duenez “Catalunyaren arazoa eta guk geuk hemen daukagun arazoa” ez dira konponduko soilik Exekutibo zentralak aurrekontu batzuk izatearekin, eta “gai biak bereiztea” eskatu du. “Espainiak arazo bat dauka bere barne egituran, eta Estatua eta bere egituraketa instituzionala erortzen ari diren une hauetan, uste dut garrantzitsuena ez dela Mariano Rajoyk aurrekontuak izatea ala ez. Aurreko igandean Lehendakariak eta Andoni Ortuzarrek esan zuten bezala, guk laguntza eskaintzen diegu erakundeei, alderdi lagunei eta kataluniar gizarte osoari, PPrekin eta Espainiako Gobernuarekin ditugun harremanetan lagungarri izan gaitezkeen egoerari begira. Hori da gure lehentasuna, eta ez aurrekontuei buruz hitz egitea”, baieztatu du. Burukide jeltzaleak azaldu duenez EAJ “prest” dago Estatuko gobernuaren eta kataluniar gobernuaren artean bitartekaritza lana egitera eta “esku artean baliabide urri ditugun arren, bai daukagu harreman bide bat PPrekin, beste alderdi batzuekin daukagun bezala, guk alderdi politiko guztiekin zubiak zabalik ditugulako”.
Herrialde mailan hainbat enpresek, hauen artean La Naval-ek eta CEL-ek, bizi duten egoeraz galdetuta, BBBko presidentea “kezkatuta” agertu da. “Herrialdeko beste enpresek, apurka-apurka bada ere, beren egoera hobetzen dutela ikusten duzunean eta azken hauek hobera egiten ez dutela ikusten duzunean, kezkatu egiten zara, jakina”. “Ezinbestekoa da gure elkartasuna adieraztea eta enpresa hauen egoeraren aurrean elkarrekin egotea, baina hori baino garrantzitsuagoa da konponbiderik onena bilatzeko lana egitea”. Zentzu honetan, eskudun diren erakundeek, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, abian jarri dituzten neurrien garrantzia azpimarratu du “denbora luzea daramate lanean. Bidea ondo markatuta dago, baina egia da denon egitekoa dela”.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25