Prentsa Aretoa

Berriak

2018/04/06

Igotz López Torre Zamudioko EAJ-PNVren udal-zerrendako buru izango da berriro ere

Hautagaiak “indar handiarekin” eta Udalean lanean egon denean bildutako “esperientziarekin” zamudiotarren bizi-kalitatea hobetzeko ekimen eta proiektuetan lan egiten jarraitzeko asmoz helduko dio erronka honi

rss Ezagutzera eman
Igotz López Torre Zamudioko EAJ-PNVren udal-zerrendako buru izango da berriro ere

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren Udal Batzarrak egungo Zamudioko alkatea den Igotz López Torre izendatu du berriz 2019ko udal-hauteskundeetarako EAJ-PNVren Alkatetzarako hautagai. Lopezek “indar handiarekin” eta Udalean lanean egon denean bildutako “esperientziarekin” zamudiotarren bizi-kalitatea hobetzeko ekimen eta proiektuetan lan egiten jarraitzeko asmoz helduko dio erronka honi. Ildo horretan, “Zamudio erreferentziazko herri bat da gizarte ongizatean, teknologi eta berrikuntzan, ingurumenean, gardentasunean, gizarte parte-hartzean eta beste arlo batzuetan”, azpimarratu du hautagaiak; eta, hori guztia, “bertako ohiturak eta tradizioak” ahaztu barik. “Hori izan behar da bidea”, gaineratu du.

Norabide horretan aritu dira lanean legegintzaldi honetako hiru urteotan, Arimen Gaua ospakizuna bezalako ekimenekin. Ekimen horrek herritar guztiontzat “oso gurea” den jai bat berreskuratu zuen eta, era berean, etorkizuneko Zamudio jasangarria indartzeko teknologia berriek eta gizarte-berrikuntzak duten garrantzia ezagutarazteko balio izan zuen. Honen harira, Europako Batzordeak, Waste4Think proiektu europarra aurrera eramateko xedearekin, Txorierriko udalerri hau aukeratu du Halandri (Grezia), Seveso (Italia) eta Cascais (Portugal) herriekin batera. Hondakinen kudeaketa-sistema eraginkor bat martxan jartzea eta baliabideei ahalik eta aprobetxamendurik handiena ateratzea dira proiektu horren helburuak.

Gainera, legegintzaldi honetako lanen artean honako hauek nabarmentzen dira: Lan eta Trebakuntza Planaren apustua eta sorrera, ur hornidurarako sarearen hoditeria nagusiaren ordezkatzea, udalerria Derio eta Lezama udalerriekin modu jasangarrian lotuko duen bizikletentzako bide berria eta udaleko gizarte zerbitzuko prestazioen etengabeko hobekuntzak. Era berean, BOEko etxebizitzen eskaintza (lehenengoz udalerrian), Zamudioko Azoka Euskadiko feriarik handienetako bat bezala kokatzea eta elkarteek zein Udalak adin guztietako pertsonentzako antolatu dituzten kultur eta aisialdi jarduerak.

Lan-ildo horretan beste hainbat esku-hartze egingo dira datozen hilabeteetan, esaterako, “kategoria baxuetako taldeek, herriko haur eta nerabeek, eta erregionalean jokatzen duen Zamudioko Iraultza talde historikoak erabiltzen duten Errekalde zelaiko belar artifiziala aldatzea”. Edota “kultur etxearen inguruko berriztatzeekin ahalik eta azkarren hasi” ahal izateko lanak, “Udalari ez dagozkion arrazoiengatik” atzeratuak izan direnak. Obra horietan, herriaren erdigunean lur-azpiko aparkalekuaz gain, haurrentzako jolas eremu estalia egitea aurreikusten da; Lopezek gogorarazi du bizilagunek jolas eremuaren diseinuan parte hartu dutela.

Hau guztia “EAJ-PNVko zinegotzien lanari eta babesari esker” lortu dela azpimarratu du. Horregatik, hautagaia berraukeratu zen ekitaldian, aukera hori eskertzeaz gain, udal-batzarrari lan horretan jarraitzeko emandako konfiantza eskertu zion. “Pozgarria da, beti, inguratzen nauten eta ondoen ezagutzen nauten pertsonek guztiona den proiektu honetarako niregan konfiantza izatea. Eskerrik asko denoi.

Ezkondua eta bi alabekin, Igotz Lopez Torre Deustuko Unibertsitatean Zuzenbideko lizentziatua da eta hainbat graduondo eta aditu-kurtso egin ditu, esaterako, Mondragon Unibertsitatean Tokiko eta Lurraldeko Erakundeen Gobernuan eta Zuzendaritza Betearazlean aditua izatekoa. 2011tik da Zamudioko alkatea, eta gaur egun Txorierriko Mankomunitateko burua ere bada.

Alderdi Eguna 2018
Jarrai ezazu Gurekin
Next Euskadi