Prentsa Aretoa
Berriak
2018/05/09
Ager Izagirre Loroño izango da Mungiako EAJ-PNVk alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia
Mungiako alkateak aurreratu du herritarren lankidetzarekin lan egiten jarraituko duela: “Gure era da entzutea, proposatzea eta adostea; bide beretik jarraituko dugu”, baieztatu du
Ager Izagirre Loroño izango da, berriz ere, Mungiako EAJ-PNVk hurrengo udal hauteskundeetan aurkeztuko duen alkategaia. Hala erabaki zuen herri horretako EAJ-PNVk iragan apirilaren 26an Izagirrek Mungiako Udalean eginiko lana abalatu zuen Uri Batzarrean. Alkate gisa lehen agintaldia bukatzeko urte bete falta dela, Izagirre “ilusioz beteta” dago “Mungiarentzat daukagun proiektuari jarraipena emateko”, herritargoak 2019ko maiatzeko udal hauteskundeetan bere babesa ematen badio; eta aurreratu du herritargoarengandik hurbil egoteko erarekin jarraituko duela: “Entzutea, proposatzea eta adostea”.
Hautagaiak eskarmentu handia dauka udal esparruan. Alkate izan baino lehen, Izagirre Mungiako Udaleko zinegotzi izan zen bi legealditan, hau da, 2003 eta 2011 urte bitartean, lehenengo eta behin Ogasun sailean eta ondoren Hirigintza alorrean. Halaber, bere lanbidea udal kudeaketarekin oso lotuta egon da Elgoibarko Udalean lan egin zuelako lehenengo eta behin interbentore gisa eta gero Antolakuntza eta Giza-baliabideen arduradun gisa.
Alkate jeltzaleak bere gobernu taldeak orain arte garatutako jardueren balantzea egin du. Besteak beste aipatu nahi izan ditu auzoetako azpiegiturak hobetzeko egin diren jarduerak. Hauen artean aipagarrienetakoak dira Laraudo eta Llona arteko saneamendu sarea hobetzeko lanak, Emerandoko ur hornikuntza sarea hobetzeko egingo diren lanak, luminaria berriak, hainbat errepide hobetzeko lanak, herriguneko sarbideak hobetzeko lanak eta kanpoko igeritokietan eginikoak, hurrengo uda sasoian inauguratzera begira. Hobekuntzak ere egin dira herriko kirol instalazioetan, hala nola udal kiroldegian eta futbol eta errugbi zelaietan.
Enpleguari dagokionez, gobernu taldeak hainbat neurri jarri ditu abian herriko langabezia tasak behera egin dezan. Enplegu planaren bidez eginiko kontratazioez gain, Behargintzatik prestakuntza ikastaroak egokitzeko eta langabezia egoeran dauden pertsonen enpleagarritasuna bultzatzen laguntzeko planak egin dira herriko enpresekin lankidetzan.
Pertsonak dira garrantzitsuenak gobernuaren jardunean. Epe laburrean abian jarriko da ‘Mungia Lagunkoia’ izenekoa. 60 urtetik gorako pertsonei zuzendutako prozesu parte-hartzailea eta Mungiako gazteei etxebizitzak alokatzeko laguntzak emateko proiektua jasotzen ditu. Era berean azpimarratu behar da agintaldi honen amaieran Mungiako udalak ‘0 zorra’ izango duela.
2016an Udala etengabe hobetzeko prozesu transbertsala hasi zen eta ahalegin berezia egin zen hiritargoa udal gobernuarekin konektatzeko, udalaren lana eta kudeaketa ezagutzera emanez; halaber, beste helburu nagusiak izan dira Udalaren jardun eraginkor eta gardena finkatzea eta Udala osatzen duten eragileen identitatea indartzea (politikariena, funtzionarioena,elkarteena, hiritarrena). Hori dena hainbat proiekturen bidez gauzatzen ari da (administrazio elektronikoa, Herritarrei Arreta emateko Zerbitzua…) eta bereziki aipatu behar da aurrekontu parte-hartzaileak egiteko asmoarekin abian jarri den prozesu berritzailea, udal talde guztien abala jaso duena.
Etorkizunari dagokionez, Ager Izagirrek adierazi du oraindik proiektu zehatzak planteatzeko goizegi den arren “orain arteko ildo beretik” jarraituko dutela “baina hori baino garrantzitsuagoa da nola egingo dugun. Argi izan behar dugu erabaki bakoitzaren atzean pertsonak daudela”. Hori dela eta, “gero eta gardenagoak eta parte-hartzaileagoak izan behar dugu. Berriz esango dut, orain arte bezala gure era izango da entzutea, proposatzea eta adostea”, zehaztu du.
Ager Izagirrek 47 urte ditu, ezkonduta dago eta alaba baten eta seme baten aita da. Atsegin du sukalde lanetan aritzea eta irakurtzea eta batez ere “senide eta lagunekin egotea, batez ere Mungian”. Oso gustuko du herritik ibiltzen irtetea “edozein lekutatik, txoko bakoitza da berezia eta harrapatu egiten zaitu”, azaldu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25