Prentsa Aretoa

Berriak

2018/10/23

Garbiñe Sáenz de Buruaga Garralda izango da Ispasterreko EAJ-PNVk berriz ere aurkeztuko duen zerrendaburua

“Gure herrian bizi diren pertsonen bizitza kalitatea eta ongizatea hobetzen jarraitu nahi dugu”, baieztatu du hautagai jeltzaleak

rss Ezagutzera eman
Garbiñe Sáenz de Buruaga Garralda izango da Ispasterreko EAJ-PNVk berriz ere aurkeztuko duen zerrendaburua

ARGAZKIA JAITSI

Garbiñe Sáenz de Buruaga Garraldak berriz ere jaso du Ispasterreko EAJ-PNVren Uri Erakundearen gehiengoaren babesa, iragan uztailaren 6an egin zen Uri Batzarrean. “Ispasterreko herritarrek beren botoekin babestea nahi dugu gure herrian bizi diren pertsonen bizitza kalitatea eta ongizatea hobetzen jarraitu ahal izateko”, baieztatu du hautagaiak. Honetaz gain, erronkari ekin nahi dio “ilusioz beteta eta gauza garrantzitsuak egiten jarraitzeko gogoarekin”. Lan egiteko orduan azpimarratu du hurbiltasunak daukan garrantzia: “Garrantzitsua da kaletik ibiltzea, herrikideen kezkak entzutea, pertsonekin egotea…”.  

Ispasterreko gaurko alkatearentzat, azken urte bi hauek esanguratsuak izan dira hainbat alderditik. “Barainka, Soluanes, Erkiaga eta Galleteren zati batera saneamendua eramateko ahalegin handia egin dugu. Halaber,  eraginkortasun energetikoaren alde eta isurpenak murrizteko lana egiten ari gara, gure inguruan erreferente bihurtu gaituzten instalazioekin. Kiroldegiko instalazioak ere hobetzen eta handitzen ari gara eta, amaitzeko, eraikin bat birgaitzen ari gara herriko Kultur etxe bihurtzeko. Bertan jarriko ditugu liburutegia, KZgunea, Gaztegunea…”.

Hautagai jeltzaleak era berean azpimarratu nahi izan ditu Ispasterreko herritarren babesa jasotzekotan landu nahi lituzkeen beste alderdi batzuk: “Herriko eskola handitzea eta eraberritzea, herritarrentzako garraio publikoa hobetzea, poligonoaren garapena bultzatzea eta udal mailan lortutako zerbitzuen kalitateari eusten jarraitzeaa”. Kudeaketa lanaren oinarrizko zereginen garrantzia ere azpimarratu du, besteak beste toki publikoen garbiketa eta kaleko altzariak eta bide publikoak ondo mantentzeko lanak: “Ahalegintzen gara herritarren bizitza kalitatea egunetik egunera hobea izan dadin, zail gertatzen da batzuetan denetara iristea, baina egunero egiten dugun ahalegina da”, baieztatu du.

Garbiñe Sáenz de Buruaga Garralda, 52 urte ditu, ezkonduta dago eta bi alaba ditu. Mendizale amorratua da eta bereziki atsegin ditu Ispasterreko inguruetan antolatzen diren mendi martxak. “Inguru paregabea daukagu, horregatik irteten naiz paseatzera, ahal dudan guztietan. Otoio, Kurtxia, Ogellako hondartza… deskonektatzeko toki aproposak dira”, dio alai.

Alderdi Eguna 2018
Jarrai ezazu Gurekin
Next Euskadi