Prentsa Aretoa
Berriak
2018/12/01
EAJ-PNVk Bizkaian “udalerri bakoitzean duen onena” eskaintzen dio gizarteari, “gure erantzukizuna eta herri honekiko gure konpromisoa delako”
Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak, gaur goizean, aurkeztu egin ditu 2019ko maiatzeko foru eta udal hauteskundeetarako hautagai jeltzaleak
“Euzko Alderdi Jeltzalea berriro aurkezten da, gizartearen aurrean, lanak ondo eginda, herritarrei udalerri bakoitzean duen onena eskainiz. Gure erantzukizuna delako; herri honekiko gure konpromisoa delako”. Horrela definitu ditu Itxaso Atutxak, EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarraren presidenteak, 2019ko maiatzeko foru eta udal hauteskundeetarako hautagai jeltzaleak aurkezteko Bilboko Euskalduna Jauregian antolatu den ekitaldian. “Euren ibilbidea da euren abala. Gure aurrekariak harro egon daitezke. Gure ondorengoak lasai egon daitezke. Zuekin, zuen udalerrien, Bizkaiaren eta Euskadiren etorkizuna bermatuta dago”.
Dezenaka hautagairen babesarekin, burukide bizkaitarrak azaldu du, halaber, Alderdiak izen berri asko daukala datorren urteko hauteskundeei begira, “aurrera pausua eman duten emakume eta gizonak, Euskadi hazi arazteko apustua egin dutenak bertoko udalerri bakoitzetik. Eurak guztiak dira Bizkaiko herri bakoitzeko proiektua, etorkizuna eta errealitatea, baita Euskadikoa ere. Gure udalerriak zenbat eta handiago eta hobeagoak izan, orduan eta handiago eta hobeagoa izango delako Euskadi ere”, adierazi duenez.
Bizkaia osatzen duten 112 udalerrietatik, EAJ-PNVk 110etan aurkeztuko ditu hauteskunde-zerrendak (Amoroto eta Gizaburuagak erregimen berezia daukate), eta horiei, Batzar Nagusietako lau hauteskunde-barrutietan ordezkariak izateko hautagaitzak ere gehitzen zaizkie. “Emakume eta gizon asko dira; alkateak, zinegotziak, batzarkideak, eta gehien gehienek, modu altruistan eta beren aisialditik ordu asko emanda, proiektu baten aldeko konpromisoa hartzen dute eta beren udalerrietako etorkizunaren eraikuntzan lagundu nahi dute”, azaldu du. “Pertsona prestatuak, konpromisodunak eta ilusioz beteak, beren auzokideentzako proposamen zehatzak prest dauzkatenak. Proiektuak, etorkizuna eta errealitatea. Horiek dira pertsona hauen guztien ezaugarriak eta jomuga bat dute buruan: herrigintza”.
Bere hitzaldian, Atutxak azpimarratu egin ditu berak ordezkatzen duen alderdiaren balioak: “EAJ-PNVkoak inoiz baino gazte eta indartsu sentitzen gara”. “Gure iragana da daukagun abala, eta iragan horrek behartzen gaitu, atzetik etorriko direnentzako Bizkaia eta Euskadi aberatsago, solidarioago, eta askeagoak eraikitzeko lanerako, gure aurretik egon zirenek utzitako ondarearen mailan egon behar dugulako”. Gure iragana aldarrikatzen dugu, oraina bizi dugu eta etorkizunera begira gaude. Hiru gauza horiek bateragarriak dira”, aldarrikatu du.
Gaurko ekitaldiaren gunea Bizkaiko EAJ-PNVren hautagai gehienak gizartearen aurrean aurkeztea izan bada ere, herrialde zuzendaritzako presidenteak esker oneko hitzak izan ditu “erreleboa ematen duten emakume eta gizon guztientzat”. “Izan zirelako gara eta garelako izango dira’. Andoni, Ainara, Jon, María, Ibon, Eusebio, Mari Carmen, Aitziber, Guillermo, Irene, Ibon, Aitor, Jane Eyre, Arantza, Asier… Eta bidean uzten ditudan beste hainbat izen. Ez dakizue zenbat eskertzen dizuedan emandako guztia, zuen ardura, zuen laguntza, zuen lana, zuen konpromisoa… Ez dago berba nahikorik. EAJ-PNV eta nire izenean ere, eskerrik asko”, eskertu du.
IZEN BEREZIAREKIN
Bizkaiko ahaldun nagusi berriro izateko hautagaia den Unai Rementeriak ere ekitaldian parte hartu du. Mezu garbia bota du: “Bizkaiak olatu ona hartu du. Urrun hel gaitezke; oso urrun. Egonkortasuna eta oreka behar ditugu bakarrik. Aurrera begiratzen jarraitu. Eta gauzak ondo egiten jarraitu. Horretarako bermea gara. EAJren bermea. Bizi kalitatearen bermea. Guztientzat. Konfiantza, ilusio eta harrotasunaren bermea”. Horrez gain, gaur arte egindako lana nabarmendu du: “orokorrean, duela urtebete, bost urte eta hamar urte baino hobeto gaude” eta “hobeto gaude hobeto egoteko lan egin dugulako. Hitza bete dugu; berbako jendea gara. Bizkaia hobe bat uzten dugu”; “aukera berdintasuna duen Bizkaia. Handi eta txikientzat. Eta gurditik tiraka jarraitzeko prest dagoen Aldundi batekin. Nora? Aurrera. Beti aurrera. Eta beti elkarrekin. Denok batera”.
Ana Otaduik, Batzar Nagusietako presidenteak eta berraukeratua izateko hautagaiak, bost berba azpimarratu ditu bere hitzaldian. “Esker ona”, Alderdiari eta ordezkatzen duen erakundeari; “harrotasuna”, Bizkaiko hautagai-zerrendaren parte izateagatik; “erantzukizuna”, Bizkaiko Batzar Nagusiak, gugandik hurbilen dagoen legebiltzarra”, ordezkatzearren; “ilusioa”, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko urrats erreal eta aitzindariak ematen jarraitzeko; eta “konpromisoa”, Bizkaiko Ganbara eraginkorragoa, parte hartzaileagoa eta modernoagoa egiteko.
Bilboko alkate eta karguan berriro egoteko hautagaia den Juan Mari Aburtok ere berba egin du, eta gaur arte bezala, “hurbiltasuna, konpromisoa eta erantzukizuna” eskaini die bilbotarrei eta “lana, lana eta lana” gehitu du; “herritarren zerbitzurako lana, 365 egunez”. Aburtok ziurtasunez defendatu du Bilbo-Bizkaia uztarketaren garrantzia, “Juan Mari eta Unairen batuketa, Juan Mari eta Ana Otaduiren batuketa, Bilbo eta Bizkaiko edozein herriren batuketa. Elkarrekin gehiago gara, eta indartsuagoak gara”, esan du.
Hiru protagonista horiekin batera, Barakaldoko alkate eta berraukeratua izateko hautagai den Amaia del Campok ere parte hartu du, eta honako hau adierazi du: “Lan, ahalegin, zintzotasun, ilusio eta gardentasunarekin, EAJ-PNVren identitate zeinu diren horiekin, Barakaldo atera egin dugu, gu heldu aurretik, sufritzen ari zen geldialditik, eta gainera, abiadura eman diogu”.
Bere aldetik, Getxoko alkategai den Amaia Agirrek zera aurreratu du: “Bizi proiektuak garatzeko aukera ematen duen Getxo da nire ametsa. Hazteko, bizitzeko eta gozatzeko herria”. Horretarako, “Getxo XXI. mendera modernizatu eta egokitzeko proiektua borobiltzen ari gara”, eta halaber, zenbait ekipamendu aipatu ditu, hala nola, Elkartegi eta BiscayTIK, Getxo Antzokia, Algortako Musika eskola, Romo Kultur Etxea eta Fadurako kiroldegiaren eraldaketa handia, kirol parke bihurtuta; edo Etxebizitza Plana abiaraztea, udalerriko “gazteei zuzendua” batez ere.
Gaurko ekitaldia protagonistaz beterik egon da. Luis Egurrolak, Markina-Xemeingo hautagaiak; Begoña Abiok, Bakiokoa; Iñigo Zuluagak, Lemoakoa; Sonia Rodríguezek, Arrigorriagakoa; Juanra Urkijok, Zallakoa; Aitziber Olibanek, Erandiokoa; Aritz Abaroak, Bermeokoa, eta eta Mireia Elkoroiribek, Durangoko alkategaiek ere parte hartu dute ekitaldien euren herrietan burutu nahi dituzten proiektuetako batzuk azaltzen. Elkarren artean oso desberdinak diren udalerriak ordezkatzen dituzten izenak, baina gauza bi komunean dituztenak: “proiektu bat dute” eta “etorkizuna dira” udalerri bakoitzean.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25