Prentsa Aretoa
Berriak
2019/01/11
Itxaso Atutxak “tokian tokiko politika” egiten jarraitzea aldarrikatu du “hori delako garrantzitsuena”
EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak baieztatu duenez “horretan sinisten ez duenak eta zaratari baino jarraitzen ez dionak ez daki Euskadiko errealitate politikoa zein den”
Itxaso Atutxak Bizkai Buru Batzarreko presidenteak gaur goizean baieztatu du EAJ-PNV moduko alderdi munizipalista batentzat gaur egungo panorama politikoa ez dela bat ere ona, eta gaurko egoera “atsekabe pertsonaltzat” jo du. Zentzu honetan adierazi duenez “honezkero, alderdi guztiok gure udalerrietan egin dena aztertzen eta ebaluatzen egon beharko genuke”, maiatzean egingo diren udal eta foru hauteskundeei begira. “Egunez egun jarraitu behar dugu tokian tokiko politika egiten. Horretan sinisten ez duenak eta zaratari baino jarraitzen ez dionak ez daki Euskadiko errealitate politikoa zein den”, baieztatu du.
Herri Irratiari eskainitako elkarrizketan, burukideak zera gaineratu du ildo beretik “hauxe da une egokia hiritargoak gugan eta azaltzen hasi garen proiektu eta programetan konfiantza jarriko ote duen ikusteko”. “Horixe da garrantzitsuena: beren herrietan nork gobernatuko ote duen; hurrengo ahaldun nagusia nor izango den eta zer nolako babesa izango duen; hurrengo urteotan Bizkaian zer gauza zehatz gertatuko ote diren; gure herria egunez egun nola eraiki nahi dugun”, azaldu du.
Elkarrizketa berean hitz egin du Bizkaiko jeltzaleen buruak VOX alderdiaren gorakadaz, eta esan du “gaur Andaluzia” dela baina “bihar beste lurralde batzuk” izan daitezkeela. “Ezin dugu onartu Estatuko ultra-eskuindarrek gainerako politika guztia baldintzatzea, esaten eta defendatzen dutenak oso ondorio kaltegarriak ekar ditzakeelako beste lurraldeetako gobernagarritasuna edo Gorte Nagusietakoa beren eskuetan egotekotan”, ohartarazi du. Horrela azaldu duenez VOXek “auzitan jartzen ditu giza eskubide izaera duten eskubide sozialak”. “Behin eta berriz entzun dugu erakundeetara demokraziaren bidetik heldu direla eta ezin diegula eragozpenik jarri. Ez; ados egon zein ez. Baina defendatzen dituzten kontu batzuek kostata eta esfortzu handiarekin lortu diren demokraziaren eta zuzenbidearen mugak gainditzen dituzte”, zehaztu du. Atutxak espero du “zarata handia egiteaz gain” gai honek “kontzientziak astintzea eta etxean geratu beharrean jendea bozkatzera joan dadila, gauza bat edo bestearen alde egitera”. Zentzu horretan eskatu du “aukeratzearen garrantzia” aintzat hartzea. “Etxean geratzeak ekar lezake beraiei leku bat ematea”, baieztatu du.
Atutxak era berean uste du VOX alderdiaren gorakadaren eraginez PP alderdia “inboluzio prozesu” batean murgilduta dagoela Estatu osoan eta “Euskadin ere bai, bereziki Bizkaian”. “Ez dut ikusten beraiek baino eskuindarragorik. Euskadiko popularrak, Alfonso Alonso euren buru delarik, ez ditut ikusi gai zehatz batzuk defendatzen baina PP bai kokatu da mutur muturrean, eskuinaren eskuinaldean”, azaldu du. Egoera hori islatzen da bere ustetan “hauteskundeetarako hautagaitzak osatzerakoan aukeratzen ari diren profiletan”. “Oso profil erradikalak dira, eskuindar zorrotzenak eta ez oso kolaboratzaileak”, nabarmendu du.
Ministroen Kontseiluak gaur bertan Estatuko Aurrekontuen Proiektua onartu duelarik, burukide jeltzaleak esan du lehenengo eta behin proiektua “ikusi” egin behar dutela beren jarrera zehaztu orduko. Era berean esan du egin nahiko lukeela kontu horien onarpenak “alderdi talde batek, hauen artean EAJ-PNVk, etorkizunerako aukeratzat babestu zuen Gobernuaren egonkortasuna ekartzea ahalbidetzeko lana”. “Horrek esan nahi du lan handia egin behar dela”, esan du Atutxak.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25