Prentsa Aretoa
Berriak
2019/02/23
Itxaso Atutxaren hitzetan “Hiritarren alde egiteko bokazioa da EAJ-PNV mugiarazten duen motorea”
Udal eta foru hauteskundeetarako Durangaldeko hautagaien aurkezpenean, BBBko presidenteak baieztatu du hori dela “erakundeetan daramatzagun 40 urteotan parte hartzaile, proaktibo eta erabakigarri izanez erakutsi duguna”
Durangoko Landako Gunean egin da gaur goizean EAJ-PNVk maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetan Durangaldean aurkeztuko dituen hautagaiatzak ezagutarazteko ekitaldia. Ekitaldi horretan Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, berretsi du “herritarren alde egiteko bokazioa” dela Euzko Alderdi Jeltzalea bultzatzen duena. “Gure ADNan daramagu ‘herrigintzan’ goiburua, gure herri bakoitza barrutik bultzatzeko. Beren etorkizunean inplikatuz, elkarteetan, kirol taldeetan eta era guztietako taldeetan parte hartuz”, azaldu du. Zentzu berean argudiatu du printzipio hori dela “EAJ-PNVren 124 urteotan eta erakundeetan daramatzagun 40 urteotan erakutsi dugun printzipioa”. “Parte hartzaile, proaktibo era erabakigarri izan gara”, laburbildu du.
Unai Rementeria Bizkaiko foru ahaldun nagusia ondoan izan duela eta eskualde honetako alkategai eta ehun bat alderdikide eta alderdizaleren aurrean, Bizkaiko burukideak gogoratu duenez “inkestek iragartzen dizkiguten emaitza onek ezin gaituzte despistatu”, baina “gure helburua lortzen lagundu behar digute”. Horregatik eskatu du “azken ahalegina” egitea eta bertan Bildu diren pertsonak gonbidatu ditu “prest” egon daitezen, “inoiz baino gehiago”. “Egia da aspaldi honetan panorama politikoa konplikatu zaigula, baina ‘gu gurera’; etxeko gauzetara, arduratzen eta kezkatzen gaituen horretara. Lan, lan eta lan”, adierazi du. “Kalean jarraituko dugu, aktibo, konpromisoarekin eta behar denean laguntzeko prest. Entzuteko momentua da, baita etsituta dagoen jendearengan ilusioa berpiztekoa ere, alderdietan eta politikan sinesten ez duenarengan, EAJ-PNVk herri guztientzat daukan proiektua azaltzeko. Zergatik? Durangok, Durangaldeak, Bizkaiak… merezi dutelako”, azaldu du.
BBBko presidenteak esan du ‘prest’ dagoela aurrera eraman beharko diren hauteskundeei aurre egiteko “gaitasuna dugulako eta, zorionez, hiritargoari lantalde indartsu, sendo eta oso zentratuak aurkeztu ahal dizkiogulako, hemen ere bai”. Azaldu duenez, “berme hau guk baino ezin dugu eskaini, Eusko Alderdi Jeltzaleak”, gu garelako “gure herrian eta gure pertsonengan soilik pentsatzen dugun taldea, Durangaldearen alde egiteko, Bizkaiaren eta Euskadiren alde”, amaitu du eskualdeko alkatetza ezberdinetarako hautagaitzak aurkeztu baino lehen. Pertsona horiek izango dira Mikel Garaizabal (Abadiño), Xabier Azkarate (Atxondo), Orlan Isoird (Berriz), Mireia Elkoroiribe (Durango), Joseba Mujika (Elorrio), Jol Gisasola (Ermua), Erramun Osa (Garai), Iñaki Totorikaguena (Iurreta), Aroa González (Izurtza), Igor Agirre (Mallabia), Endika Garate (Otxandio) eta Andoni Agirrebeitia (Amorebieta-Etxano) -Mañaria eta Zaldibarko uri erakundeak beren hautagaiak aukeratzeko barne hauteskunde prozesuak egiten ari dira une honetan-.
DURANGALDE OSOA BULTZATUZ
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi eta berrautaketarako hautagaiak ere hitz egin du gaur goizean Durangon egin den aurkezpen ekitaldian. Rementeriak gogoratu duenez “hemen, Bizkaian, ondo bizi gara”, eta hori ezin da jokoan jarri “erabaki txar bategatik”. “Erabakiak hartzen dira buruarekin edo bihotzarekin, baina ez tripekin”, azaldu du, eta ildo beretik baieztatu duenez “bestela bizi bagara, hori da bestela bozkatzen dugulako”, eta “bestela bozkatzen dugu bestela bizitzeko”, “denak ez garelako berdinak; antzekoak ere ez”, ohartarazi du. Ahaldun nagusiak era berean eskertu du Durangaldean hauteskunde zerrendak osatzen duten pertsonen konpromisoa, eta iragarri du pertsona horiekin “bermatuta dagoela gauzak ondo egitea. Eskarmentua, lana eta bereziki, ilusioa daukate”, deskribatu du, ilusioa bizitzaren motorea delako; ilusiorik gabe ez dago ezer”. Amaitu baino lehen gogora ekarri ditu zuzentzen duen Foru Aldundiak azken urteotan egin dituen lanak, besteak beste Gerediaga-Elorrio saihesbidea, AP-8 autobiderako tarifa-laua edo Amorebieta eta Durango lotuko dituen bidegorria. “Eta, sinets iezadazue, oso proiektu handiak lantzen ari gara Durangaldearentzat, sinets iezadazue horrela delako”, amaitu du.
Mireia Elkoroiribe, Aitziber Irigorasek Durangon utziko duen lekukoa jasoko duena, “ilusioz beteta” agertu da “guztion artean 2030ko Durango eraiki ahal izateko, gaur egun amesten dugun Durango eta bihar gure seme eta alabek gozatuko dutena”. Hala gogoratu du bere lantaldearekin batera urte bete luzea daramala hiritargoari “entzuten”. Duela urte bete hasi ziren ‘Durango Helburu’ prozesu parte hartzailearekin eta “orain jarraitzen dugu auzo bakoitzera hurbiltzen, elkarte eta erakunde bakoitzera, Durangori buruzko ikuskera nirekin partekatu nahi duen durangar bakoitzarengana, “horrela ari gara gure proiektuari forma ematen”. Hautagaiak aditzera eman duenez, proiektu honek ekarriko ditu “Osasuna, mugikortasun jasangarria, kirola, zahartze aktiboa, jarduera ekonomikoa, kalitatezko enplegua, ingurune-turismoa. Durangarren bizitza kalitateari eutsi eta hobetzeko aukera emango digun proiektua”. “Eskualde osoa batuko duen proiektua, bere barnean mugitzeko bestelako modua eskiniko duena, balio erantsia sortuko duena, enplegua, berrikuntza eta abarrak ekarriko dituena”, aurreratu du Elkoroiribek.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25