Prentsa Aretoa

Berriak

2020/06/09

Ibai-Eder (Bilbo) eta Olakoagako (Güeñes) batzokien kontra eginiko erasoak salatu eta gaitzetsi ditu BBBk

Bizkaiko batzokien kontra egin diren 37 erasoek agerian uzten dute halako ekintza onartezin eta toleraezinak gure gizartean berriro piztu direla eta Bizkai Buru Batzarrak, berriz ere, egileei eskatu die berehala utz diezaiotela hilabete baten buruan nabarmen biderkatu diren halako erasoak egiteari

rss Ezagutzera eman
Ibai-Eder (Bilbo) eta Olakoagako (Güeñes) batzokien kontra eginiko erasoak salatu eta gaitzetsi ditu BBBk

ARGAZKIA JAITSI

BBBk enegarren aldiz salatu eta gaitzetsi nahi ditu bere egoitzen kontra egin diren azken erasoak. Oraingo honetan, Bilbon eta Güeñesen egin dira erasoak, Ibai-Eder eta Olakoagako batzokietan,hurrenez hurren. Berriz ere, egoitza jeltzale hauetako hormetan pintadak egin dira Patxi Ruiz ETAko presoari erreferentzia eginez eta `amnistia´ eskatuz. Presoen eskubideak eta bestelako edozein gai politiko aldarrikatzea guztiz zilegi den arren, ez da bat ere zilegi aldarrikapen horiek egitea alderdi politikoen egoitzetako hormetan pintadak eginaz, talde jeltzaleak egoera horrekin zerikusirik izango balu bezala. Hauxe da krispazioa eta gatazka elikatzeaz arduratzen direnen jarduna; elkarbizitzaren bidea egin nahi ez dutenena, mehatxatzea eta beldurra eragitea besterik bilatzen ez dutenena. Halakoak badira ahoz aldarrikatzen duten kausari egiten dioten ekarpen handia, mesede eskasa egiten diote kausa horri. Irtenbide bakarra da bakoitzak bere aldetik laguntzea eta elkarlanean aritzea dagokion tokian eta dagokion erakundean, inoren jabego pribatukoak diren lekuetako hormetan pintadak egiten ibili beharrean.

Horregatik guztiagatik, BBBk askatasunaren eta demokraziaren kontrako eraso hauen egileei eskatu nahi die berehala halakoak egiteari utz diezaiotela,eta Euskadiko alderdi politiko guztiei, eta oso bereziki EH Bilduri, eskatzen die gaitzespen honekin bat egin dezatela. Beraz,EH Bilduri exijitzen diogu publikoki eta argi eta garbi eraso horietatik bereizi dadila, gerta litekeelako egunotan Euskadiko kaleetan entzuten ari garen oihu eta kontsignen egileek (jarduera horiek marra gorri guztiak gainditzen dituzte eta guk behintzat gainditutzat jotzen genituen) uztailaren 12an hautestokietan koalizio abertzale horretako txartelak soinean eramatea eta erakustea. Horregatik, EH Bildu koalizioa da interesik handiena duena praktika, kontsigna eta itxura mafiosoa duten sabotaje horietatik bereiztea.

Ibai-Eder eta Olakoagako egoitzetan egin diren erasoekin 37 dira Bizkaian hilabete batean kontabilizatu direnak. Erasoak jasan dituzten beste egoitzak ondorengoak izan dira: Sondika, Güeñes, Urduliz, Usansolo, Lezama, Kastrexana, Lemoiz, Arrigorriaga, Abando, Loiu, Larrabetzu, Artea, Areatza, Bilbo Zaharra, Deusto (hirutan), Arrankudiaga, Sabindarrak (birritan), Begoña, Erandio Goikoa, Ariz (Basauri), Durango, Abadiño, San Miguel (Basauri), Gurutzeta (Barakaldo), Gernika, Errepelega (Portugalete), Mungia, Algorta, Getxo Zaharra, Berango, Igorre eta Portugalete. Beraz, argi baino argiago geratu da nabarmen ugaritu direla garaiz eta tokiz kanpo egoteaz gain erabat ulertezinak diren halako jarduerak.