Prentsa Aretoa

Berriak

2020/07/15

Atutxak baieztatu du EAJ-PNVk “bizkortu” egin beharko duela krisiak eragindako beharrei erantzungo dien akordioa, “apaingarriekin denbora galtzen ibili barik”

BBBko presidenteak konbentzituta esan du talde jeltzalearen eta PSEren arteko itun berria egitea “aukera egokia” dela datorkigunari aurre egiteko, eta konbentzituta esan du hiritargoak “egonkortasunaren eta gauzak egiteko modu baten alde” bozkatu duela

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, gaur baieztatu du iragan igandeko hauteskundeez geroztik, EAJ-PNV “derrigortuta” dagoela hurrengo Eusko Jaurlaritza eratzera bideratutako akordioa bilatzeko prozesua “bizkortzera”, “toki onera eramango ez gaituzten elkarrizketetan eta apaingarriekin denbora galtzen ibili barik”. EAJ-PNVk eta PSEk aurreko legealdian gobernua elkarrekin eratzera eraman zituen akordioa berriz editatzeko “borondatea” erakutsi dutela nabarmendu ondoren, burukide bizkaitarrak gogoratu du hauteskundeen aurretik ere bere alderdiak defendatu egin zuela azken lau urteotan Iñigo Urkulluk gidatu duen Jaurlaritzak eginiko bidea. “Sozialistekin udal eta foru mailan daukagun akordioarekin ere egin dugu. Hori egin genuen aurreko legealdian, orain errepikatu dugu 2019ko hauteskundeez geroztik; beraz, guk ez diogu inori iruzur egin, argi eta garbi esan dugu guretzat alternatiba ona izan zitekeela datorkigunari aurre egitera begira”, azaldu du.

Herri Irratiari eskainitako elkarrizketan, Itxaso Atuxak gaur goizean ohartarazi duenez krisia “ez da etorriko, gure artean dugu dagoeneko” eta “egoera soziosanitario latza eta zailtasunak ere hemen daude dagoeneko”. “Beraz, uste dut jendeak EAJ edo PSE bozkatu zuenean, jakin zekien alderdi biok ahalegina egingo genuela, zenbakiek ematen bazuten eta lortutakoa bezain gehiengo zabalarekin, egonkortasun bat bermatzeko”, esan du.

Ildo beretik konbentzituta esan duenez “jendeak egonkortasuna eta gauzak egiteko modu zehatz bat bozkatu ditu”. “Oraingo derrigorra da hau dena arintasunez eramatea, egoerak ezin duelako luzaroegi itxaron”, gaineratu du. Bere esanetan “hiritargoa bera da prozesu hori bizkortzea eskatzen ari dena, gauzak legearen bidetik eramanez”. “Inork ez luke ulertuko orain balizko elkarrizketetan eta apaingarriekin denbora galtzen ibiltzea, horiek denek inora eramango ez gaituztela jakin dakigulako”, esan du.

Talde jeltzalearen eta PSEren artean adostutako gobernu programaren inguruan ados lezaketen akordioaz aparte, Atutxak nabarmendu du “lankidetzarako borondatea badago, ongi etorria izango da”. Ildo beretik gogoratu du hauteskunde gauean Andoni Ortuzar EBBko presidenteak eta Iñigo Urkulluk “alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragile guztiei” eskaini zietela “herri akordio zabaletara iristeko aukera”. “Aukera pilo bat izango dugu bide hau elkarrekin egin dezakegula erakusteko”, baieztatu du.