Prentsa Aretoa
Berriak
2020/11/13
Bizkaiak zergak Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatzeko prozedura hasi du
Foru Aldundia Lurraldeak dituen hiru erronka nagusiei erantzuten dieten enpresa, proiektu edo inbertsioei zerga-pizgarriak aplikatzeko tributuen arloko araudia egiten hasi da. Hiru erronkak hauek dira: erronka demografikoa, klima-aldaketa eta garapen ekonomikoa.
Bizkaiko Foru Aldundiak gaur hasten du zerga-sistema eraldatzeko eta Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarrirako helburuekin lerrokatzeko prozedura. Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, iragarri duen bezala horrela Bizkaiak, zerga-tratu bereiziaren bidez, pizgarriak ezarriko ditu etorkizun jasangarriagoa, inklusiboagoa eta lurraldearentzat hobea bideratuko duten zergadunentzat.
Foru Aldundiak dagoeneko konektatuta ditu bere zerga-politikak eta Nazio Batuek ezarritako helburuak betetzea eta zerga-aldaketa honekin enpresa- eta gizarte-bilbak gauza bera egitea sustatu nahi du; horretarako Ekonomia Itunari esker dituen zerga-eskumenak erabiliko ditu. Helburu horrekin zerga guztiak arautzen dituzten foru arauetan zergaren zenbatekoa ezartzerakoan garrantzia izan ditzaketen elementu guztietan eragingo duten aldaketak sartuko dira, besteak beste zerga-egitatearen definizioa, zerga-oinarriaren edo likidagarriaren sortzapena, salbuespenak, murrizketak, hobariak, kenkariak eta bestelako zerga-hobariak edo -kenkariak.
Bizkaiko hiru erronka nagusiei erantzuteko hasierako zerga-egokitzapenak
Gaur izapidetzen hasten den Foru Araua, izapidetze horretarako aurrez kalkulatu diren epeak betetzen dira, 2021eko maiatzean onetsiko da eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin bateragarriak izango diren enpresa, proiektu, inbertsio, aktibo eta ekintzetarako esparrua, oinarria eta hasierako zerga-egokitzapenak jasoko ditu. Arau hori Bizkaiak gainditu behar dituen hiru erronka nagusiekin bat etorriko da:
- Erronka demografikoa: biztanleria zahartzea, genero-berdintasuna, jaiotza-tasa, migrazioa, pentsio-programa publiko eta pribatuen iraunkortasuna.
- Klima-aldaketa: ur eta ibaien lehengoratzea, gizarte-ongizatea, eremu degradatuen lehengoratzea, klima-aztarnaren murrizketa, ekonomiaren birbideratzea, trantsizio energetikoa gidatuz.
- Jarduera ekonomikoaren garapena: berrikuntza, ekintzailetza, enpresen eta talentuaren erakarpena, mugikortasuna, energiaren sektorearekiko mendekotasuna, industria-enpresentzako etorkizun berria bilatzea.
Zerga-sistemaren eraldaketarekin Bizkaia lehen administrazioa izango da mundu mailan bere fiskalitatea sektore pribatua GJHk betetzeko erakartzen duena. Horretarako Foru Aldundiaren zerbitzu teknikoek Mariana Mazzucato ekonomialari ospetsuak zuzentzen duen University College Londoneko Institute for Innovation and Public Purpose erakundearekin lankidetzan jarduten dute.
Mazzucatok azpimarratu duenez, Garapen Jasangarrirako Helburuetarantz eta hazkunde inklusibo eta jasangarrirantz abiatzeko, beharrezkoa da joko-zelaia berdintzea baino zerbait gehiago egitea; zelaia helburu horien alde okertu eta lortu arte ekin behar da. Ildo horretatik, balioa eman dio politika fiskalari, enpresek jasangarritasunerako bidean parte har dezaten sustatzeko gobernuek duten tresnarik onenetakoa baita, bide horretatik ekitea erabakitzen dutenak sarituz. Mazzucatok proiektu hau Unai Rementeriarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin partekatu ahal duelako "gogotsu" dagoela onartu ondoren, gogorarazi du University College Londoneko Institute for Innovation and Public Purpose institutuko lantaldeak urteak daramatzala mundu osoko gobernuekin bide horretan lanean; hazkundea bideratzea ditugun erronka garrantzitsuenei erantzuteko, balio publikoa sustatzeko Europako Batzordearen lan-misioetan eta besteak beste Hegoafrika, Vatikano edo Eskozia bezalako herrialdeetan.
Egutegia
Aurez ezarri den egutegiaren arabera 2021eko maiatzean Bizkaiak Bizkaiko zerga-sistema Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatzeko eraldaketaren oinarriak ezartzen dituen Foru Araua izango luke; edozein kasutan foru arau horrek 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioak izango ditu.
Arau-prozedura gaur hasten da herritarrentzako kontsulta publikoaren izapideari ekinda; beraz, hilabeteko epean, Foru Arauaren Aurreproiektuaren idazkuntzan kontuan hartuko diren ekarpenak egin ahal izango dira. Idatzi ondoren, Aurreproiektuak berriz ere jendaurreko informazioaren izapidea gainditu beharko du eta, bidezkoa bada, herritarrek egindako ekarpen berriak sartu ahal izango dira. Testua, kalkuluen arabera otsailean, Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaio, organo horrek onestearen ondoreetarako. Behin betiko urrats moduan Foru Arauaren proiektua Batzar Nagusietan aurkeztuko da, Parlamentuan izapidetzeko.
Bizkaia eta GJHk
Nazio Batuen Erakundeak Garapen Jasangarriari buruzko 2030 Agenda onetsi zuen 2015ean. 17 dira NBEk ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuak eta munduko gobernu askok gida eta ekintza-erreferente gisa hartu dituzte. Gobernu horien artean Bizkaiko Foru Aldundia dago; Aldundiak helburu horiekin konektatu du Bizkaia egiten, 2019-2023 Legegintzaldiko Plana.
Bere zerga-sistema GJHekin lerrokatzeko aldatuz Bizkaiak beste urrats bat eman du eta aitzindaria da Ekonomia Itunari esker dituen eskumenak sektore pribatuak garapen jasangarriarekiko duen konpromisoa sustatzeko. Zehatzago esanda, Bizkaiaren zerga-sistemaren eraldaketaren ardatza honako GJH hauek betetzean aurrera egitea izango da
- 3. GJH: bizitza osasuntsua bermatzea eta guztiontzako ongizatea sustatzea adin guztietan.
- 5. GJH: generoen arteko berdintasuna lortzea eta emakume eta neska guztiak ahalduntzea.
- 7. GJH: energia eskuragarria, segurua, jasangarria eta modernoa eskuratzea bermatzea.
- 8. GJH: hazkunde ekonomiko inklusiboa eta jasangarria, enplegua eta guztientzako lan duina sustatzea.
- 9. GJH: azpiegitura erresilienteak eraikitzea, industrializazio jasangarria sustatzea eta berrikuntza bultzatzea.
- 11. GJH: hiriak inklusiboagoak, seguruagoak, erresilienteagoak eta jasangarriagoak izatea lortzea.
- 12. GJH: kontsumo eta ekoizpen iraunkorreko modalitateak bermatzea.
- 13. GJH: klima-aldaketari eta haren ondorioei aurre egiteko premiazko neurriak hartzea.
- 15. GJH: basoak modu iraunkorrean kudeatzea, desertifikazioaren aurka borrokatzea, lurren degradazioa gelditzea eta inbertitzea eta biodibertsitatearen galera gelditzea.
IIPP eta Mariana Mazzucatori buruz
Institute for Innovation and Public Purpose (IIPP) erakundea University College London-eko atala da. Unibertsitate hori munduko zortzigarren onena izan da 2020an QS World University Ranking zerrendan. Misio moduan IIPPren xedea da balio publikoa irudikatzeko, praktikatzeko eta ebaluatzeko era aldatzea gizarte-erronkei aurre egiteko.
IIPP Mariana Mazzucato irakasleak sortu zuen eta berak zuzentzen du. Mazzucato ekonomialaria, erreferentziako intelektuala eta besteak beste "Estatu ekintzailea" saiakeraren autorea da. Bere web orrian Mazzucatok bere lana honela deskribatzen du: "berrikuntzaren eta hazkuntzaren zuzendaritzaren arteko loturan finkatzen da, eta berariaz azpimarratzen du sektore publikoaren zeregina beste era batera pentsatzea hazkuntza berrizaleagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa izan dadin". Halaber, "konponbideak erronka handietara orienta ditzaketen politiketako munduko liderrekin egiten duen lana: klima-aldaketaren aurkako borrokatik osasun-sistema erresilientea eraikitzera" azpimarratzen du.
ITURRIA: BFA
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25