Prentsa Aretoa

Berriak

2020/11/28

EAJ-PNVren Bizkaiko alderdikideek Itxaso Atutxarenganako konfiantza berretsi dute eta BBBko presidente aukeratu dute

Gaur Bilbon batzartu den Herrialde Batzarrak aho batez aukeratu du gaur egungo burua, eta 7 emakumek eta 6 gizonek eratuko duten exekutiba osatu du. Hiru izango dira burukide berriak.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Bizkaiko Herrialde Batzarrak, gaur Bilboko Euskalduna Jauregian batzartuta, aho batez aukeratu du Itxaso Atutxa Atutxa, hurrengo lau urteotan EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarreko burua izan dadin. Halaber, batzar berean aukeratu dira Covid-19ak baldintzatuta hasiko den agintaldian Atutxak bidelagun izango dituen 12 burukideak. Karguan jarraituko dute Miren Araneta Sacristán, Leixuri Arrizabalaga Arruza, Jon Andoni Atutxa Sainz, Jesús Lekerikabeaskoa Arrillaga, Humberto Perea Añibarro, Martín Pérez Garmendia, Ainhoa Salterain Gandarias, Ana San Nicolás Elgezabal eta Manu Tejada Lambarrik. Bizkai Buru Batzar berria osatuko dute, halaber, Maitane Ipiñazar Mirandak, Aitor Landa Zarragak eta Jane Eyre Urkieta Zuzaetak.
Atutxak azken urte hautetan egin duen lanari alderdikideek eman dioten abal honekin, burukideak EAJ-PNVren herrialde exekutibako buru gisa bere hirugarren agintaldiari ekingo dio, 2013ko otsailaren 21ean kargu hori bere gain hartu zuen lehen emakume bihurtu zenez geroztik. Orduan, Andoni Ortuzarren erreleboa hartu zuen Bizkaiko exekutiban, Ortuzarrek Iñigo Urkulluk ordura arte bete zuen tokia hartu zuenean 2012ko Eusko legebiltzarrerako hauteskundeetan Lehendakari aukeratua izan zenez geroztik.

Hurrengo lau urteotan bidelagun izango duen lantaldea sei emakumek eta sei gizonek osatzen dute, sektore eta lanbide ezberdinetatik datozen emakume eta gizonak, baita esparru ezberdinetatik ere. Atutxaren esanetan “Lantalde orekatua da, parekidea, eta benetan uste dugu gure Bizkaiko gizartearen isla zintzoa dela. Gizarte askotarikoa, irekia eta modernoa, bizitzea tokatu zaizkigun momentu latzetan ere, etorkizunari itxaropentsu eta ilusioarekin begiratzen diona”. Burukideak azaldu bezala “Bizkai Buru Batzar berritua da, bai; baina ez da apurtzailea”. “Entzute aktiboaren alde egiten jarraituko dugu, lantresna baliagarri eta eraginkor gisa, eta oraingo momentura ekarri gaituen lan ildo beretik jarraituko dugu. Zalantzarik barik, Euzkadi Buru Batzarrarekin adostu dugun eta gainerako herrialdeekin partekatzen dugun bidea da”, azaldu du. “Uste dut aberri mailan daukagun irizpide bateratu hori eta orain arte moduan soinez soin egin dugun lan hori izan direla Alderdi gisa indarra eman digutenak, baita herrialdeetan ere”, gaineratu du.

Bizkai Buru Batzarreko presidenteak hemendik aurrera exekutiba berriak aurre egin beharko dien erronkak aipatu nahi izan ditu, “bizitzea tokatu zaigun mundu mailako pandemia honek sortu dituen eta sortzen jarraituko duen ondorioek baldintzatuta”. “Azken urteak nabarmen baldintzatu ditu politika publikoak, baina baita gure barneko lana ere. Covid-19ak derrigortuko gaitu lan egiteko molde berriak baliatzera eta gure artean bestelako harremanak izatera. Erronka latza izango da”, baieztatu du.

Alderdikideak izan dira presidente aukeratu berriak jende aurrean esan dituen lehen hitzen protagonista nagusi. Beren konpromisoa eskertu die, baita Uri Erakundeetatik barne prozesu osoan zehar egin duten lana ere, osasun krisiagatik ezarri behar izan diren murrizketek baldintzatu dutena. “Jakin dakigu ez dela erreza izan. Gure prozesuak luzeak eta konplexuak izan ohi dira, eta parte hartze zabala ematen da. Nabarmentzekoa da gauden egoeran gaudela be Uri Erakundeek lortu dutela prozesua segurtasun osoz egitea, baita berme guztiekin ere, gaurkoa moduko salbuespen egoeran egon arren. Bihotzez, eskerrik asko. Gure esker onik zintzoena. Datozen lau urteotan, konfiantza hori merezi dugula erakutsi ahal izatea espero dugu. Ohore bat da, Euzko Alderdi Jeltzaleko kide garen aldetik”, baieztatu du.

Herrialde erakundeak gaur hartu duen erabakia da iragan urriaren 13an EAJ-PNVren herrialde eta aberri exekutibak hasi zen barne prozesuaren azken mugarrietako bat. Batzar berean aukeratu dira Herrialde Epaimahaiko ordezkariak (3 titular eta 2 ordezko) eta Aberri Batzarrean Bizkaia ordezkatuko duten pertsonak (38 titular eta 12 ordezko).

Itxaso Atutxaren ibilbidearen laburpena

Itxaso Atutxa Atutxa (Bilbo, 1967) “langile nekaezina da, pertsona adeitsua, hurbila eta goitik beherako euskalduna” diote ondo ezagutzen dutenek. Bere lehen urteak Igorren eman zituen eta 4 urteko neskatoa zelarik familia osoa Deustura joan zen bizitzera. Bilboko auzo honetan hazi eta bizi izan zen, ezkondutakoan Zeberiora joan zen arte, eta hantxe bizi da oraindik. Zeberio da “sekula utzi nahiko ez nukeen lekua” baina, zalantzarik barik “Zeberioko tomatera naiz”, zehaztu du. Atutxak Euskal Filologia ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean eta laster ikusi zuen ikus-entzunezkoen esparrua gustuko zuela. 25 urte eman ditu lan esparru horretan, 2013ko otsailean BBBren presidente aukeratu zuten arte; Atutxa da BBBko presidentetzara iritsi den lehen emakumea. EAJ-PNVrekiko harremana sehaskatik datorkio. “Alderdia bizi izan dut amak perle harizko arropaz janzten ninduenetik” esan ohi du irribarreka. 1984an egin zen EAJ-PNVren alderdikide.