Prentsa Aretoa
Berriak
2025/11/23
Demokraziaren defentsan eta faxismoaren kontra eginiko ibilbidea eta konpromisoa aldarrikatu ditu EAJ-PNVk
Sukarrietan, Sabino Aranaren heriotzaren 122. urteurrenean, Aitor Estebanek alderdikideak eta gazteak deitu ditu Euskadi eraikitzen jarraitzera eta ongizate eta erabakitzeko gaitasun maila handiagoetara eramateko. Aldi berean berretsi duenez, Francoren heriotzatik 50 urte igaro direla “ez dago aitzakiarik” gure Herriaren historia hurbilean gertatutakoa ez ezagutzeko.
Aitor Esteban hitzaldia, Sukarrieta
HITZALDIA - 2025/11/23
“EAJ-PNVk faxismoaren kontrako borrokaren baloreak ordezkatzen ditu; benetako antifaxismoarenak, haren arma berberak erabiltzen ez dituenarenak, indarkeria, gogorkeria eta beldurra baliatzen ez dituena. Hala egiten da faxismoaren eta autoritarismoaren kontrako borroka. Eta, horren guztiaren sinboloa da Marceau etorbidean dugun egoitza. Gaur, beraz, Sukarrietan gaudela, aldarrikatzen dugu Alderdi honek faxismoaren kontra eta demokraziaren defentsan egin duen borroka, erretorika hutsean geratzen ez den konpromisoa: egun daukagun Euskadi demokratikoa eraikitzeko oinarri demokratikoa izan da. Manuel Irujok esan ohi zuen bezala: konbertituak ilarara!”.
Halaxe hitz egin du Euzkadi Buru Batzarraren presidente Aitor Estebanek gaur Sukarrietan Sabino Arana EAJ-PNVren fundatzailearen heriotzaren 122. urteurrenean egin duen ekitaldi politikoan. Bertan izan da ordezkaritza jeltzale zabala, buru izan direla Euzkadi Buru Batzarreko burukideak, Imanol Pradales Lehendakaria eta Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako kargu eta ordezkari instituzional ugari. Haien artean ere izan dira ehunka alderdikide eta alderdizale jeltzale.
Sabino Aranaren hilobian egin den lore eskaintza amaitutakoan, Aitor Estebanek hitza hartu du zera gogoratzeko: duela 130 urte EAJ-PNV alderdia sortzearekin batera, Sabino Aranak “herri bizi bat irudikatu zuen, aurrera egiteko gogoa zuen herria, herri ekintzailea, herritarren indarrarekin egunero eraikitzen den Euskadi bat”. “130 urteren buruan, gure Herria bere nazio sentimenduaz jabetuta dago. Euskara gehiago hitz egiten da. Euskadi aberatsagoa eta lehiakorragoa da. Gaur, mundura irekita dagoen Euskadi hau erreferentzia da askorentzat. Harro egon gaitezke, bera ere orain arte egindako bideaz harro egongo zen bezala”, esan du EBBren presidenteak.
“EAJ-PNV da Herri hau gidatu duen alderdia, erantzunak eman dituena, ibilbidea markatu eta konfiantza eskaini duen alderdia da. Konfiantza zerbitzu publikoetan, erakundeetan, gure ordezkarietan, gure gizartean.(…) Herri fidagarri bateko Alderdi fidagarria gara, eta hori ez da gauetik goizera sortzen: eguneroko zorroztasunarekin eraikitzen da, eta politikan aritzeko forma zintzoa da. Hori da gure konpromisoa!”, berretsi du EBBren buruak.
Gaurko ekitaldia aprobetxatu nahi izan du Estebanek Marcos Vizcaya jeltzalea gogoratzeko hitz batzuk esateko, Gorte konstituziogileetan eta demokraziako lehen bi legegintzaldietan EAJ-PNVren bozeramaile izandakoa, aste honetan bertan zendu dena. Vizcayarekin omendu nahi izan du, halaber, “lan handia eginez Estatutua eta Ekonomia Hitzarmena ekartzea lortu zuen belaunaldia, horiekin ekarri baitzituzten egungo Euskadi eraikitzeko haziak”.
Francisco Franco diktadorearen heriotzaren 50. urteurrena gogoan, EBBren presidenteak ziurtatu duenez “inoiz baino ageriago geratu da iragan hurbila ez dugula ezagutzen. Hutsetik hasteak ez duela gizartean funtzionatzen”. “Memoriarik ez duen pertsona bat gaixorik dago eta memoriarik gabeko gizartea, gizarte gaixoa da. Horregatik da funtsezkoa iragan mendeko gertakaririk esanguratsuenak ezagutzea”, nabarmendu du. “Espainiar estatuak erakutsi behar du estatu heldua dela, gizartea heldutzat jo behar duela eta historia hurbileko gertakari konplexuak, konplikatuak eta istilutsuak ezagutzen lagunduko diguten dokumentuak desklasifikatu behar dituela. Ez dago aitzakiarik. Sekretu Ofizialen lege frankista indargabetu beharra dago. Zeren beldur dira? Guk ez dugu beldurrik”, ziurtatu du.
Azkenik, EBBren presidenteak EAJ-PNVko alderdikide guztiei hitz egin nahi izan die. “Behar zaituztegu, Euskadi eraikitzen jarraitzeko. Alderdi hau pertsonek sostengatzen dute, alderdikideek. (…) Ateak irekitzera gonbidatzen zaituztet, zubiak eraikitzera: hala eraikitzen dira herriak, hala egiten dira eraldaketa sakonak. Aurrera egiten jarraitu nahi duen nazioaren bihotz taupada gara, eta elkarren artean lortuko dugu”, amaitu du.
Nabarmenak...
Bizkaia BBNN
2025/11/19
Bizkaiko Foru Aldundia
2025/11/17
EBB
2025/11/14
Eusko Legebiltzarra
2025/11/13
Europako Legebiltzarra
2025/11/06
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Europako Legebiltzarra
2024/05/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
EBB
2024/09/29
Europako Legebiltzarra
2024/05/22


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS















