Prentsa Aretoa

Berriak

2021/04/14

Aitor Esteban Pedro Sánchezi: “Alarma egoera erretiratzea ausarkeria hutsa da”

Presidentearen agerraldia hartzen ari den osoko bilkuran, Euskal Taldeko bozeramaileak “zuhurtzia” eskatu dio pandemiaren kudeaketan eta “eraginkortasuna” Europako funtsak bideratzeko orduan, inbertsioek “fruitua eman dezaten”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, gaur bertan Espainiako gobernuburuak konfirmatu duena kritikatu du, osoko bilkuran alarma egoera maiatzetik aurrera ez eramateko erabakia iragarri baitu. Gaur goizean egin den osoko bilkuran eta EAJ-PNVren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek berak eta Iñigo Urkullu Lehendakariak esan dutenaren ildo beretik, Estebanek Pedro Sánchezi eskatu dio zuhurtziaz jardun dezala pandemiaren kudeaketan. “Gauden egoeran gaudela, alarma egoera erretiratzea ausarkeria hutsa da”, esan du.

Estebanek gaurko bilkuran baieztatu du alarma egoera “funtsezko tresna” dela Autonomia Erkidegoei mugikortasuna mugatzeko eta etxeratzeko agindua ezartzeko ahalmena emateko. “Ez da egia Autonomia Erkidegoek behar besteko tresnak dituztela”, deitoratu dio Estebanek Sánchezi; “ezta Lurralde arteko Kontseiluak aho batez onartzen badu ere”. Adibide gisa, bozeramaile jeltzaleak gogora ekarri du auzitegiek erabaki zutela gobernu autonomiko batzuen erabakiak indarrik gabe uztea, eta beste batzuenak ez, Estatuko legedian oinarrituta, EAEn ostalaritza ixtean gertatu zen bezala.

Horregatik eta pandemiaren kudeaketa egokia egiteko, Estebanek Espainiako gobernuari eskatu dio “legeria arrunta aldaraztea”, Autonomia Erkidegoek “marko egokia” izan dezaten, eta bien bitartean alarma egoera luzatzea. “Ez gaitezen erori on itxura emateko iragarkietan eta autokonplazentzian; gakoa da pandemia geldiarazteko neurriak jartzea da eta hiritargoari esatea hau ez dela momentu egokia lasaitzeko”, esan du Estebanek.

Ildo beretik, bozeramaile jeltzalea kritikoa izan da Espainiako gobernua txertatze planaren inguruan egiten ari den kudeaketarekin. Estebanek salatu du AstraZeneca-ren inguruan “eragin den korapiloa”, eta Presidenteari gogora ekarri dio Janssen-i buruz sortu diren azken albisteek hiritarrei eman zaien egutegiari eragin diezaioketela, zeinaren arabera uda amaierarako artaldeko inmunitatea iragartzen baiten. Edozein kasutan, Estebanek berretsi du “lau hilabete, maiatzetik abuztura bitartean, oso epe luzea da pandemian” eta horregatik Sánchezi galdetu dio “benetan seguru ote dagoen, gaur, apirilaren 14an gaudela, ez dela ezer gertatuko”. “Gaur alarma egoera erretiratzea da hiritargoari adieraztea hau amaitu egin dela. Pentsatu nahi dut zure egoera koiunturazkoa dela, baina espero dut maiatzaren bezperan iritzia aldatzea, luzapen laburrerako bada ere, eta aldi honetan legeria arrunta alda dezagun Autonomia Erkidegoei mugikortasuna mugatzeko ahalmena emateko”, laburbildu du.

Beste alde batetik, Euskal taldeko bozeramaileak Sánchez Presidenteari azaldu dizkio EAJ-PNVk Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren inguruan dituen “kezkak eta hausnarketak”, gobernuko buruak atzo bertan aurreratu zuena eta gaurko bilkuran gogora ekarri duena. Estebanek plan horretaz esan du “mila buruko hidra” dela eta deitoratu du industriari ez zaiola behar den tokia eman Espainiako gobernuak onartu duen agirian azaltzen diren `palanken´ artean. “Kezkatu egiten gaitu kontuan ez hartzeak inbertsioa emankorra izan dadin behar diren ekosistemak eta inguruak, edozer gauza ezin baita edozein lekutan egin”.

Halaber, Estebanek Presidenteari eskatu dio “eraginkortasuna kudeaketan, burokrazia ezabatzea eta prozedura argiak” Europako Funtsak bideratzerako orduan “berebizikoak baitira ekonomia berroneratzeko”, funts horiekin “asko baitugu jokoan”. Edozein kasutan, Estebanek Sánchezi eskatu dio dagoeneko “mahai gainean dituen proiektuekin hastea”, nahiko atzeratuta daudelako “administrazioaren burokraziarekin gertatu diren talkek eraginda”, Bilboko portuko bigarren gas-zamalekuarekin gertatu den bezala, ez baita oraindik baimendua izan; Gasteizen ikastetxe bat eraikitzeko baimena, geldituta; edo Gutxieneko Diru-sarreraren kudeaketaren transferentzia, atzerapen handia daramana. “Denontzako plan garrantzitsua den hori aurrera aterako badugu, xehetasun txikietatik hasi beharko dugu, burokrazia eraginkor egitetik,alegia”, amaitu du.