Next Euskadi

Prentsa Aretoa

Berriak

2022/05/16

Ikus-entzunezkoen Legean akordio “garrantzitsua” lortu du EAJren Euskal Taldeak EAE eta Nafarroarentzat, euskararen presentzia handiagoa aurreikusten duena

Sabin Etxean gaur eman den prentsaurrekoan Aitor Esteban eta Joseba Agirretxea “asebete” agertu dira Espainiako gobernuaren Lege Proiektuaren “joera birzentralizatzaile onartezina” iraultzea lortu dutelako “EAEk ikus-entzunezko esparruan duen autogobernua bermatuz, EiTBren kudeaketan kanpoko esku-sartze oro ezabatuz eta hizkuntza politikaren alorrean euskararen mesedetan hobekuntza nabarmenak planteatuz”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletín honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeak gaur iragarri du akordio “garrantzitsua” lortu dela EAErentzat eta Nafarroako Foru Komunitatearentzat Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorrean, zeina egun Diputatuen Kongresuan izapidetze prozesuan baitago. Era berean, Ikus-entzunezkoen Lege berriak aurreikusten du euskarari orain artekoa baino presentzia handiagoa ematea.

Sabin Etxean eman den prentsaurrekoan, Aitor Esteban, Diputatuen kongresuko Euskal Taldeko bozeramailea, eta Joseba Agirretxea legearen lanketa egin duen batzordeko kidea asebete agertu dira “Lege egitasmo honen joera birzentralizatzaile onartezina” iraultzea lortu delako, EAJ-PNV “nabarmen kezkatzen zuen zerbait”. Era berean, aurrerapauso handiak lortu dira autogobernu esparruan, EiTB antolatzeko ahalmenari dagokionez eta euskararen sustapenerako.

“Benetan esan dezakegu akordio ona lortu dugula; abiapuntua ikusita, arriskurik handienak iraultzea lortu baitugu”, esan du Estebanek. “Kostatu egin zaigu eta lanketa handia egin behar izan da, baina planteatzen zitzaizkigun hiru gai nagusiak atera ditugu: autogobernua defendatzea, EiTBren autonomia babestea eta ikus-entzunezkoen marko berrian euskara bermatzea”, esan du bozeramaile jeltzaleak Euskal Taldeak osoko zuzenketa aurkeztu zuela gogoratu ondoren. Lege Proiektuaren aurrean EAJk testu alternatiboa aurkeztu zuen eta ondoren erretiratu zuen Espainiako gobernuak negoziatzeko eta akordioetara iristeko borondatea agertzen zuela ikusita.

Espainiako gobernuarekin adostutako akordioaren eduki zehatzei dagokienez, lehenengo eta behin, Joseba Agirretxeak azaldu bezala, Euskal Taldeak lortu du Lege Proiektuan “ikuspegi autonomikoa” jasotzea, EAEren autogobernua errespetatzea bermatuz ikus-entzunezko komunikaziorako zerbitzu publiko eta pribatuak antolatzeari dagokionez. Ildo beretik, nabarmentzekoa da testuan, EAJ-PNVren zuzenketa baten bidez, berariaz aipatu direla autonomia-erkidegoko agintari eskudunekiko edo bi autonomia-erkidegok beren eskumenen esparruan formalizatutako hitzarmenekiko errespetu instituzionala. “EITBren Nafarroako emisioak autonomikotzat hartzea bermatu dugu, lege-proiektuak estatalizatu nahi zituenean. Emisio horiek autonomiko eta publiko izaten jarraitzen dute, Euskal Taldeak aurkeztu dituen zuzenketei esker”, azaldu du Agirretxeak.

Halaber EAJ-PNVk “hizkuntza alorreko hobekuntzak jasotzea lortu du euskararen mesedetan”. Hala, eta aurkeztu diren zuzenketen bidez “gutxieneko kuota eta finantzaketa aurreikusten dira euskararentzat” lege proiektuaren hainbat ataletan jasota geratu direlako “biztanleria-kuotaren irizpidea eta hizkuntza ofizial bakoitzerako gutxieneko % 10eko irizpidea, autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizial bakoitzerako gutxieneko presentzia bermatzeko”.

Hizkuntza-arloan lortu den beste “urrats” bat autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetako bikoizketari eta azpitituluei buruzkoa da, eta kontzeptu hori ez zen jasotzen hasierako Lege proiektuan. Aurrerantzean, eta lortutako akordioa dela medio, Estatuko emaile publikoek eta pribatuek haurrentzako gaikako zerbitzuetan eta haurrei (12 urtera arte) zuzendutako programen katalogoetan euskarara, katalanera eta galegora bikoiztutako edukiak eskaini beharko dituzte. Atzerritarrek eskatutako zerbitzu-emaileei dagokienez, Euskal Taldeak zuzenketa bat egitea lortu du, Estatuko ikus-entzunezko agintaritzak, hizkuntza propioa duten autonomia-erkidegoekin lankidetzan, autoerregulazio-akordio bat egin dezaten emaile horiekin, beren katalogoetan autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetan bikoiztutako edo azpititulatutako edukiak sar daitezen sustatzeko, plataforma horietako batek berriki iragarri duen bezala.

Era berean, EITBri dagokionez, ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu autonomikoaren emaile publikoa den aldetik, indarrean dagoen kudeaketa-gaitasunaren maila baliokidea bermatu da. Horrela, “euskal erakunde publikoaren gobernantzan kanpoko esku-sartze oro ezabatu da, haren kudeaketa-modua antolatzeko ahalmenak gordez”.

Azkenik, “TDT ez den beste bide batzuetatik egiten diren emisioen izaera autonomikoa blindatzea lortu da”, eta Legean kontzeptu berri bat sartu da, “araudi autonomikoa nagusi izan dadin, eta autonomia-erkidegoko eremutzat har daitezen AAEE batean kokatutako emaile pribatuak, baldin eta horien edukiak, nagusiki, AAEE horri zuzenduta badaude”, esan du Agirretxea diputatu jeltzaleak.

Next Euskadi