Prentsa Aretoa

Berriak

2022/06/04

Bizkaiko EAJ-PNVk Padura, Arratia eta Durangaldearekin eginiko lan-saioarekin eman du amaitutzat ‘Entzunez Eraiki‘ prozesuaren lehen fasea

Bizkaiko jeltzaleek otsailetik aurrera eginiko bilera ugarietan jaso diren ekarpenak eta gaiak sakon aztertu ondoren, itzulketa faseari emango zaio hasiera, eta horren bidez jakinaraziko zaizkie parte hartzaileei prozesuan landutakotik ateratako ondorioak

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Padura, Arratia eta Durangaldeko EAJko herri eta barne ordezkariak hartu ditu gaur goizean Sabino Arana Fundazioaren egoitzak Bizkaian 'Entzunez Eraiki' prozesuaren barruan antolatu den azken bileran. Lan-saio hau mugarri berri bat izan da talde jeltzaleak urte hasieran abiarazi zuen entzuketa prozesurako ezarri den egutegian. Bilera hauetan EAJ-PNV zuzen-zuzenean eta lehen eskutik jasotzen ari da euskal gizarteak egun dituen kezkak eta beharrak, horiei erantzun egokia emango dien proiektu politikoa garatzera begira. Halaber, duela aste batzuk, Bizkaiko EAJ-PNVk amaitutzat eman zituen lau gaitan adituak diren pertsonekin egin dituen bilera diskretuak (gizarte gaiak, ekonomia, iraunkortasuna eta gobernantza, alegia). Topaketa hauetan jaso diren ekarpen ugariak aztertuta, Bizkaiko talde jeltzaleak bilera horietan eginikoaren ondorioak parte hartzaileei helarazten hasiko da eta datu horiek jasoko dituen txostena EBBren eskuetan jarriko du.

Gaurko batzarrean Bizkaiko 60 bat ordezkari jeltzale batu dira, hauen artean Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentea; EBBren burukide eta 'Entzunez Eraiki' prozesuaren arduradun Xabier Barandiaran; BBBren burukide Jon Andoni Atutxa, Ainhoa Salterain eta Humberto Perea, eta histu eskualde hauetako hainbat alkate eta Uri Erakundeetako barne ordezkari.

'Entzunez Eraiki' izenekoa da EAJ-PNVk aurten abian jarri duen entzuketa aktiboko, solaskidetza eta lankidetzarako dinamika, eta bere helburu nagusiena da  “gizarteari entzutea", nabarmendu du Itxaso Atutxak. “Guretzat garrantzi bizikoa da, erabat ezinbestekoa esango nuke, gure herriei bizia ematen dieten pertsonen kezkak, ardurak, beharrak eta erronkak lehen eskutik ezagutzea. Herritarrei entzunez eta elkarren artean partekatuz baino ezin izango dugu gure proiektua berrindartu; eta proiektu hau gure herrikideekin eraiki nahi dugu, haien eskutik, emaitzak beren onerako izan daitezen, erarik eraginkorrenean", azpimarratu du Bizkaiko jeltzaleen buruak, eta baloratu du proiektuaren barruan egin den topaketa bakoitza izan dela  “guztiz beharrezkoa eta erabat aberasgarria”. “Euskadiko hiritargoari etorkizunera begira eskaini nahi diogun proiektua egokia dela egiaztatzeko, ezinbestekoa da herritarrei entzutea, gure artean hitz egitea eta gizartean ematen ari diren aldaketa sozial garrantzitsuak ulertzea. 127 urtetan egiten jakin izan dugu eta berdin egiten jarraituko dugu; proiektu politikorik ez dago herriarekin eta bere gizartearekin ondo konektatuta egon gabe zutik jarraituko duenik", baieztatu du.