Prentsa Aretoa

Berriak

2022/06/25

Atutxak aitortu du “lotsa eta ahalkea” sentitzen duela euren buruari “abertzale esaten dioten” gazteek egoitza politikoak erasotzen dituztenean “Ukrainan zibilen erailketa legitimatzeko”

Ondarretako batzokiaren 114. urteurrenean, BBBren presidenteak baieztatu du halako koakzioek ez dutela “EAJ-PNVren jarduketa politiko eta humanista baldintzatuko”, eta gogoratu du egileak datozela halako jarrerak urteetan “sustatu zituen” korronte politikotik

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian

Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarraren presidentea, gaur goizean izan da EAJ-PNVk Ondarretako batzokiaren irekieraren 114. urteurrenaren kariaz egin duen ekitaldian. Areetako (Getxo) egoitza jeltzalearen urteurrenaren ospakizunean Bizkaiko jeltzaleen buruak kritikatu du XXI. mendean gaudela halako sei egoitzek erasoak jaso dituztela azken aste biotan. “Erasoak egin dituzte Vladímir Putinek Ukraina inbaditu izana defendatzen duten eta milaka errugabe eta zibil Errusia Handiaren izenean erailtzea legitimatzen duten taldeek”. “Euskal herritar gisa lotsa eragiten dit hala pentsatzen eta jarduten duten herrikideak izateak eta, abertzale naizen aldetik, lotsa eragiten dit egileek ere abertzale direla esateak”, adierazi du. Atutxarekin batera, ospakizunean izan dira Joseba Aurrekoetxea eta Ana San Nicolás, EBB eta BBBren burukideak, hurrenez hurren; Amaia Agirre Getxoko alkatea; Imanol Landa, EAJ-PNVko senatari eta udalerriko alkate izandakoa; Elena Coria, Ondarretako UBBaren lehendakaria eta Getxoko hainbat alderdikide eta alderdizale

“Baten batek autokritika eta kontzientzia-azterketa egin beharko du, baldintzak sortu dituenak gaur egun, 2022ko Euskadin eta Europan, Putinekin, erasotzailearekin, eta ez Ukrainarekin, erasotutako herriarekin, bat egiten duten gazteak egon daitezen. Hauts haietatik, lohi hauek, eta ez digu balio orain batzuek beren ondorengoei erakutsi dieten horren aurrean ez ikusiarena egin nahi izateak. Arazo hori guztion artean kudeatu eta aurre egin behar diogu; baina batzuei dagokie besteei baino gehiago”, adierazi du. Nolanahi ere, pertsona horien ekintzek beren miseria morala eta gizatasunik eza islatzen dute, eta ez gaituzte kikilduko, ezta baldintzatuko ere EAJ-PNV osatzen dugun emakumeen eta gizonen ekintza politiko eta humanista, Ukrainako herriaren kausarekin erabat identifikatuta gaudelako”.

Bizkai Buru Batzarraren presidenteak gogoratu ditu azken egunotan Loiu, Armintza (Lemoiz), Larrabetzu, Lezama, Lemoa eta Zeberioko batzokien kontra egin diren “ekintza bandaliko, anker eta errespetugabeak”. Egoitza jeltzaleen fatxadetan pintadak egin zituzten Errusiak Ukraina inbaditu izana defendatzen dutenen ikur den ‘Z’ hizkiarekin eta igitai eta mailuaren ikurrarekin. Atutxak aditzera eman duenez batzokiak “demokrazia eta askatasun esparruak dira, euskal herriaren kausa defendatzeko tokiak. Egoitza politiko hauek ateak zabal-zabalik dituzte ideologia guztietako pertsonentzat, giza duintasuna eta giza eskubideak errespetatzea da sartzeko dagoen baldintza bakarra”, baieztatu du. Zentzu honetan “EAJk 127 urte daramatza politika egiten eta euskal herriaren kausa ez ezik, bidezko jotzen dituen kausa guztiak defendatzen, eta Ukrainakoa bidezkoa da zalantzarik gabe”, amaitu du.