Prentsa Aretoa

Berriak

2023/02/19

Elixabete Etxanobe: “Datozen urteotan gure zaintza sistemaren hobekuntzak hedatuko ditugu Bizkaia osoan”

Herrialdeko ahaldun nagusirako EAJ-PNVk aurkeztuko duen hautagaiak adinekoen arreta pertsonalizatuaren aldeko apustua berretsi du, eta aurreratu duenez “Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Gernikan Eskualdeko Erreferentzia Zentro berri bat sortzea bultzatuko dugu”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Datozen urteetan bermatu behar dugu mendekotasuna duten adinekoak hobeto zaintzen direla Bizkaiko eskualde guztietan, bizi diren lekuan bizi direla. Horretarako, zainketa sistemaren hobekuntzak herrialde osora zabalduko ditugu”, ziurtatu du gaur goizean Elixabete Etxanobe EAJ-PNVko Bizkaiko ahaldun nagusigai eta Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak. Ildo berean aurreratu duenez “Gernika-Lumon, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin lankidetzan, Eskualdeko Erreferentzia Zentro berri bat sortzea bultzatuko dugu. Zentro horrek langile soziosanitarioak izango ditu eskualdeko egoitza guztiei laguntzeko, eta egoitza batean ematen ez diren baina ospitaleratzea eskatzen ez duten zaintzak behar dituzten pertsonak artatuko ditu”, azaldu du. “Ahalegin guztiak egingo ditugu zentro hori errealitate izan dadin, zainketak behar dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetuko duen proiektua delako, eta, gainera, Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzan, indarrak batzean oinarritzen delako”, ziurtatu du.

Etxanobek gogora ekarri du Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko martxan jarri duela Epe Luzerako Zainketen Trantsizio Plana. “Orain dagokigu finkatzea eta Bizkaia osora eramatea”, baieztatu du. Zentzu honetan aurreratu du eskualde guztietara hedatuko direla EtxeTIC zentroak, Eskualdeetako Erreferentzia Zentroak, eta egoitzak eraldatuko direla “etxebizitzaren antza hartuz”, hori dena zerbitzurik onena emateko, Busturialdean ere. “Eskualdeko Erreferentzia Zentroaren bultzadarekin batera, EtxeTIC zentro bat ekarriko dugu eskualde honetara. Zentro horretan langile espezializatuak egongo dira, beren etxeetan bizi diren eta mendetasunen bat duten pertsonak monitorizatu eta laguntzeko; luzaroago beren etxeetan bizi ahal izango dira, ondo zainduta, eta egoitzak bizikidetza-unitate bihurtzen jarraituko dugu; etxe baten antzea handiagoa izango duten egoitzak izango dira eta arreta- eta zaintza-ratio hobeak izango dituzte”, adierazi du hautagai jeltzaleak.

Gaur goizean Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentearekin, Jane Eyre Urkieta Busturia Uriben Batzar Nagusietarako zerrendaburuarekin eta Xabier Irazabal Gernika-Lumoko alkategaiarekin, Etxanobek aldarrikatu du EAJ-PNVk adineko pertsonen zaintzaren alde egiten duen apustua eta “herri honetan eta Busturialde osoan” etorkizunera begira aurreikusten dituzten proiektuak aipatu ditu. “Enplegu egonkor eta kalitatezkotik hasita, jarduera ekonomikoa bultzatuz Bizkaiak herrialde ekintzaile izaten jarrai dezan; besteak beste Urdaibaiko lehiakortasunerako plan estrategikoa edo Guggenheim Gernika proiektua, baita 5. linea martxan jartzea edo Sollube gaina”, zerrendatu ditu.

Beste aldetik EAJ-PNVk Gernikan udal hauteskundeetan aurkeztuko duen alkategai Xabier Irazabalek erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia eta indarra balioetsi ditu “lankidetza horri esker daukagu, esate baterako, ospitale hau” esan du 2013ko ekainean Gernikan inauguratu zen ospitalea gogoan, “Busturialdea eta Lea Artibaiko 70.000 herritarren bizimodua nabarmen hobetu baitu”, adierazi du. “Gernika-Lumok eta Busturialdeak bultzada berri bat behar dute, ekologiaren eta kulturaren babesa uztartuko dituena, garapen ekonomikoarekin. Eta horretarako beharrezkoa da euskal erakundeen artean emango den bultzada, Jaurlaritzaren, Aldundiaren eta Udalaren laguntzarekin”, nabarmendu du. Eta “Gernikako EAJ-PNV prest dago. Gure lidergoa ez da aldebakarrekoa izango; lidergo indartsua izango da, elkarlanean oinarrituta”, bermatu du.