Prentsa Aretoa

Berriak

2023/02/28

Aitor Sorriketa LarreaK Bedian lideratuko du “esperientzia eta gaztetasuna” uztartzen dituen eta “ilusio berbera” partekatzen duen lantaldea

Egungo alkatea EAJ-PNVren alkategai izango da berriz maiatzeko udal hauteskundeetan. Ziurtatu duenez zerrendaburu gisa aukeratua izan zen garaian bezain “gogotsu” dago orain.

rss Ezagutzera eman
Aitor Sorriketa LarreaK Bedian lideratuko du “esperientzia eta gaztetasuna” uztartzen dituen eta “ilusio berbera” partekatzen duen lantaldea

ARGAZKIA JAITSI

Aitor Sorriketa Larrea (Bedia, 1972) izango da EAJ-PNVk Bedian aurkeztuko duen zerrendaburua, eta berarentzat bosgarren aldia izango da: “Hurrengo legealdira begira hautagai izan nintzen lehen aldi hartan nituen ilusio eta kemen berberak ditut orain. Gainera, oraingoan aurkeztuko dugun hautagaitzak esperientzia handia du udal kudeaketan, eta hautagai gazteek, taldean berriak izango direnek, hurrengo legealdian aurkeztuko ditugun ekimenek beharko duten aire freskoa ekarriko digute”, baieztatu du hautagai jeltzaleak.

Bediako egungo alkateak balioetsi nahi izan ditu amaitzear dagoen legealdian gauzatu diren ekimen batzuk. “Beti esan dut gurea moduko udalerri txiki batentzat, edozein proiektu dela garrantzitsua. Argi berri batzuk jartzea, eserleku berri bat, eta abar”. Egin direnen artean nabarmen ditu “Energiaren Eraginkortasunerako Planaren VII. Eta VIII. Faseak; Jauregi auzoaren urbanizazioa; tren geltokirako irisgarritasuna hobetzeko lanak; Ereñon ur hornikuntza hobetzeko lanak; III. Berdintasun Planaren onarpena…”.

Baina Sorriketak proposamen berri batzuk ditu Bediako herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzen jarraitzeko. Etorkizunera begira planteatu diren proiektuen artean “nabarmendu nahiko genuke Hiri Antolamendurako Plan Orokorra amaitzea (HAPO); emakumeen artean saregintzan jarraituko dugu eta III. Berdintasun Plana egingo dugu; bai eta gure nagusien zainketa ere, etxe etxeko zerbitzuarekin; Euskararen Erabilerarako IV. Plana idazten amaituko dugu, beste proiektu batzuk baztertu gabe, hauen artean Zinbeko instalazioen eraisketa; tren zerbitzuarekin mugikortasuna hobetzea…”.

Berriz ere alkatetzarako aurkeztuko den hautagaiak Bediako alderdikideei eskertu nahi izan die “legealdi hauetan guztietan nigan jarri duten konfiantza”, bai eta “gobernu lanetan taldekide izan ditudan zinegotziei ere, musu-truk egin duten lanari esker, batzuetan familiari zor zaion denbora kenduta, funtsezkoa izan baita herri honen egunerokoari heltzeko”. “Eta ez ditut udal teknikariak ahaztu nahi, ezta Udalak abian jarri dituen proiektu eta aktibitateak martxan jartzeko laguntza eman duten boluntarioak ere”, azaldu du.

Aitor Sorriketa Larrea ezkonduta dago eta bi alabaren aita da. “Oso gustura nago gure herrian. Herri lasaia da, gehienok elkar ezagutzen dugu eta oso ondo komunikatuta dago: 2003tik administrari gisa lan egiten dut Bediako udalean eta ordutik aurrera alkatetza uztartzen dut nire lanarekin. 2007tik 2011ra bitartean Arratiako Udalen Mankomunitateko presidente izan nintzen”. “Mendizale sutsua naiz, baina une honetan eta etxeko txikiekin ez daukat denbora nahikorik nik nahiko nituzkeen irteerak egiteko. Oraindik gogoan ditut Galdakaoko G.A. Ganguren taldearekin egiten genituen txangoak. Elkarteko kidea naiz eta Zuzendaritza Taldeko kide izan naiz”, amaitu du Sorriketak.