Next Euskadi

Prentsa Aretoa

Berriak

2023/07/02

Aitor Esteban: “Daukagun guztia emango dugu etapa bakoitzean Euskadiko maillot berdea jantzita”

EAJ-PNVk gaur eman ditu ezagutzera Kongresu eta Senaturako Bizkaitik aurkeztuko dituen zerrendakideak, eta egin du “Euskadiren ahotsa” ganbera bietan entzunarazteko talde jeltzaleak duen gaitasuna aldarrikatuz

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVk aurkeztu ditu gaur goizean uztailaren 23ko Hauteskunde Orokorretara talde jeltzaleak Bizkaitik Kongresurako eta Senaturako aurkeztuko dituen zerrendak. Artxandan (Bilbo) egin duen ekitaldian, Aitor Estebanek, Behe Ganberako Euskal Taldearen egungo bozeramaile eta lurraldeko zerrendaburuak hitzeman du “Euskadiren ahotsa Madrilen defendatzen jarraitzea” eta ziurtatu duenez EAJ-PNVk ganbera bietan ordezkatzen duten emakume eta gizonek “dena emango dugu etapa bakoitzean Euskadiko maillot berdea defendatuz”.

Txirrindularitzako erreferentziek markatu dute Estebanen hitzaldia, Tourra Euskal Herritik igaro izanari erreferentzia eginez. “EAJ taldearen maillota Euskadiko berdearen kolorekoa da, eta hori da gure erreferentzia bakarra. Ez gaude hemen beste talde eta programa batzuen makulu izateko. Guk geure programa eta lehentasunak ditugu, hau da, euskal herritarren bizitza hobetzea eta euskal nazioari merezi duen presentzia, ahots propioa ematea. Gure leialtasun bakarra da demokraziarekin, giza eskubideekin eta Euskadirekin”, azpimarratu du.

Ildo beretik berriro gogorarazi du U23an egingo direnak ez direla Estatuko presidentetzarako hauteskundeak izango, “baizik eta zure ordezkariak aukeratzekoak”. Hori dela eta, “garrantzitsua da aukeratzen dugunean kontuan hartzea etapa guztietan borrokan egongo direnak aukeratuko ditugula, zuen gertuko interesak defendatuko dituztenak, zuekin bizi direnak, zuek sentitzen duzuen berbera sentitzen dutenak, Parlamentuan zuen hitzekin hitz egiten dutenak”, esan du. Eta, hori egin ahal izateko, “batzorde, osoko bilkura eta lantalde guztietara joango diren ordezkariak behar dira ; ageriko den guztian eta horren ikusgarri ez den guztian egongo direnak”, “denetara joaten ez diren taldeak, bilera batzuetara joateari paso egiten diotenak, ez baitira fidatzeko modukoak. Guk ez dugu huts egiten”, defendatu du Kongresuko bozeramaileak.

EAJ-PNV “lasterketa handietan trebatutako lantaldea da”, azaldu du. “Pedalari ematen diogu etengabe, eskarmentudun ekipoa gara eta bakoitzak du bere zeregina. Idoia, Imanol, Nerea, Mari Dolo eta Igotzek esperientzia dute, oso ondo prestatuta daude profesionalki; bakoitza bere arloan. Baina guztiok, denok batera, norantz joan nahi dugun eta lasterketa nola gertatzea dakigularik. Jakin dakigu eskuineko bazterbidetik haizeak gogor jo dezakeela. Ez dago beldurrik, abanikoak saihesten dakigu eta gure aurreratzea babesten dugu elkarri erreleboa emanez”, nabarmendu du.

Gaur goizeko ekitaldian Nerea Ahedok ere hitz egin du, senatari jeltzale eta berraukeratzera aurkezten den hautagaiak EAJ-PNVk azken legegintzaldian erdietsitako lorpenak goraipatu ditu. Hala, talde jeltzaleak Kontzertu Ekonomikoa blindatzea, Kupoa berritzea, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera transferitzea, pentsioak KPIarekin lotuta hobetzea, AHTa hiriburuetara baldintza onenetan iristea, eta surfeko eta pilotako Euskal Selekzioen ofizialtasuna ahalbidetu duela azpimarratu du. Ahedok hauteskunde hauen garrantziaz ohartarazi du, “asko daukagulako jokoan, eskubideen inboluzioa eta zentralizazio itzela ematen ari den garai honetan”, eta kanpainan Sanchez- Feijóo dikotomia planteatzen denean “ez despistatzeko” deia egin du: “Senatuaren esperientzia dugu, non beraien arteko liskarretan Euskadirengatik azaldu duten kezka ‘zero’ izan den'; ahaztuta geratu da eta horrela jarraituko du beraientzat. Hemen, EAJ-PNV. Gu gara Euskadiren interesak defendatzen dituen bakarra, berrogei urte baino gehiago daramatzagun bezala. Euskadiren ahotsa gara eta bere eskaerak eta proiektuak mahai gainean jarriko ditugu ahots propioarekin”.

Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarraren presidentea, izan da gaurko ekitaldia aurkeztu duena eta berriro ekarri ditu gogora “euskal herritarron inbertsioak, proiektuak, azpiegiturak eta, jakina, ongizatea, eskubideak eta askatasunak erabakitzen diren tokian, Madrilen, defendatuko dituzten emakume eta gizonen izenak”. Zentzu honetan EAJ-PNVk Kongresurako aurkezten duen hautagaitza osatzen dute Aitor Esteban Bravok, Idoia Sagastizabal Unzeta-barrenetxeak, Imanol Landa Jauregik, Nerea Renteria Lasantak, Ager Izagirre Loroñok, Maitane Ipiñazar Mirandak, Amaia del Campo Berasategik eta Oihane Agirregoitia Martínezek. Eta Senatukoa osatzen dute Nerea Ahedo Cezak, María Dolores Etxano Varelak eta Igotz López Torrek.

“Horregatik da hain garrantzitsua botoa zuzenean emateko orduan edo posta bidez izapidetzeko orduan, den-denok ondo pentsatu dezagun Euskadin bizi garenon interesak ondoen nork kudeatuko dituen. Euzko Alderdi Jeltzaleak erakutsi du dagoeneko ahots propioa duela; ahots bereizia, entzuten dena eta, batez ere, aditzen dena. Madrilen euskal herritarren interesak defendatzen mende luze bat daraman ahotsa. Ehun urte luze pertsonen bizimodua hobetzen. Ahots eraginkorra, solaskideak bilatzen dituena, akordioetara iristeko gaitasuna duena. Horixe delako herritarrek eskatzen digutena: akordioak eta lankidetza, denon ongizatea hobetzeko”, amaitu du.

Next Euskadi