Next Euskadi

Prentsa Aretoa

Berriak

2023/11/30

Itxaso Atutxak ziurtatu du EAJ-PNVk lan egiten jarraituko duela zaintza jardunaren erdigunean jarriko duten zerbitzu publikoak izateko, “greba egitea” hori lortzeko bidea ez dela nabarmenduz

BBBren presidenteak aldarrikatu du erakundeek esparru horretan egin duten lana, eta talde jeltzalearen apustua berretsi du, “argi geratu baita urterik urtera egin diren aurrekontuetan eta hartu diren neurrietan”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Bizkai Buru Batzarraren presidente Itxaso Atutxak argi dauka greba egitea ez dela zaintzaren eredu publiko eta komunitariorako ereduan aurrera egiteko biderik onena, eredu horrek lidergo publikoa eta erantzukidetasuna izan behar baititu oinarri. Hala ziurtatu du Herri Irratian gaur goizean egin dioten elkarrizketan, non EAJ-PNVk alderdi gisa eta erakundeetatik norabide honetan egin duen lana aldarrikatu baitu. Apustu erabakigarri honen erakusle dira talde jeltzaleak “urterik urtera onartu dituen aurrekontuak eta erabaki dituen neurriak”.

Ildo beretik, Atutxak ñabardura bat egin nahi izan du grebaren deialdiaz: “Uste dut greba feminista bat baino gehiago (eta horrekin ez dut esan nahi deitu dutenak feministak ez direnik, neu ere bainaiz), deialdiak beharko zuen zaintza-lanetara, ordainpekoak zein ez, dedikatzen diren emakumeen soldataren inguruan, hauek direlako gehien bat lan honetan ari direnak, eta nik ez dut gai hori alboratzen; jakin dakigulako familietan, bakoitzaren etxe barruan, zaintza hori ematen dela eta,gainera, hala izaten jarraitzea bultzatu behar dugula”, azaldu du.

Zentzu honetan, EAJ-PNVk bultzatzen du zaintza lana aitortuko duen eredua, soldata duina barne, familiak bere gain hartzen duen zama arintzea, erakundeek ematen duten zaintza eta familiaren zaintza uztartuz, kasu bakoitzaren beharren arabera, erantzukizun publikotik ematen diren zerbitzu eta prestazioak areagotuz, zaintza-esparru inklusibo eta hurbilak sortuz, zaintza lanak gizonen eta emakumeen artean banatuz. EAJ-PNVri dagokionez “erakundeetatik egiten dugu hori; gure politika publikoetan egiten dugu, baina baita alderdi gisa, zaintzaren alorrean parte hartze are parekatuagorako bidea egin behar dugula aldarrikatuz, eta ez soilik ordainpeko zaintza lanetan,baizik eta gure etxe barruan egiten ditugunetan ere”, gaineratu du.

Halaxe da, gobernatzen ari den edo gobernatu duen erakundeetan EAJ-PNVk kanalak eta foroak ireki ditu zaintzaren alorrean zeresana duten eragile guztiekiko solaskidetza eta komunikazioa ahalbidetzeko, politikagintzatik eta erakundeetatik erantzuna eman nahirik. Zentzu berean ziurtatu duenez “EAJri ezin zaio leporatu zaintza gure politiken erdigunean ez dagoela. Irakur daiteke eta gure aurrekontuan ere ikus daiteke, eta urterik urtera hartu ditugun neurri guztietan ikus daiteke eta, zalantzarik gabe, neurri horiek lehenesten jarraituko dugu; baina ez greba eginez”, amaitu du.

Hezkuntza legeaz galdetuta, atzo bertan Arauaren testua onartzean behin betiko onarpenerako beste urratsa eman zelarik, Atutxa minduta agertu da EH Bilduk eman duen kontrako botoarekin. “EH Bilduk ez digu azaldu zergatik hitz batek, ñabardura txiki batek, legearen zioen hasierako azalpenean, lege horren 101 artikuluekin ados egon arren, beren kontrako botoa eragin ote duen. 101 artikulu horiek datoz zuk zeuk landu duzun oinarrien akordiotik, egiletza anitza baitu legeak, egileak baitira neurri berean PSE zein EH Bildu eta EAJ-PNV”, deitoratu du. BBBren buruaren hitzetan, “Honek denak zerikusia dauka hauteskunde garaian izatearekin, EH Bilduk bere barruan egin behar izan duen pedagogia ez baita erraza izan eta, ziurrenik, hauteskundeetarako hilabete batzuk falta direla “EAJrekin akordio batetara iristea oso gogor egiten zaiela”, baina “beste azalpenen bat eman beharko dute”, amaitu du.

Next Euskadi