Prentsa Aretoa

Berriak

2023/12/13

Ortuzar: “EAJ-PNVn txukuntasunez egiten ari gara ondorengotza, aberri honi datozen 15 urteotarako indar berria eta ibilbide luzea emateko gai izango den jendearekin”

Euzkadi Buru Batzarraren buruak ziurtatu du Iruñeko Udalean aurkeztu den zentsura mozioa “erabat justifikatuta” dagoela “ezin baititugu hurrengo lau urteak hutsean pasatzen utzi, urte beltzak izango liratekeelako”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

"Iraultza, ez; eboluzioa, bai". Lau hitz hauekin definitu du gaur Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek EAJ-PNVk abian jarri duen "ondorengotza ordenatua", zeinarerekin alderdi abertzaleak abiapuntua jarriko baitio 2024an Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeekin hasiko zen ziklo politikoari. Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan, Ortuzarrek ziurtatu du talde jeltzalea "hautagaitzen eboluzio naturala" egiten ari dela "eta EAJ-PNVri ez ezik, Herri osoari etorriko baitzaio ondo, gure helburua delako aberri hau lideratzen duen alderdia izaten jarraitzea, eta hala egiten jarraitzea hurrengo 15 edo 20 urteotan indar berria eta ibilbidea emateko gai izango den jendearen eskutik". Gaur goizean Iruñeko Udalean Geroa Baik (koalizio horretan integratuta baitago EAJ-PNV Nafarroan), EH Bildu, PSN eta Contigo-Zurekin taldeekin batera aurkeztu duen zentsura mozioaz, Ortuzarrek argi hitz egin nahi izan du "Iruñeko Udala bezain erakunde garrantzitsua ezin da betiko paralizatuta egon, ezin ditugu hurrengo lau urteak hutsean pasatzen utzi, urte beltzak izango liratekeelako".

Ortuzarrek ildo beretik hitz egin du iragan astelehenean EBBk Euskadiko hurrengo hauteskundeetara eramango dituen zerrendak osatzeko barne prozesuari hasiera emanez alderdikideei bidali zien proposamenaz, eta esan du inola ere ez dela "iraultzarik" eragin, EAJ-PNVk "eboluzioaren bidea" hartzea hobetsi duelako. "Azken 45 urteetakoari begiratzen badiogu, une honetan ari gara egiten EAJk bizitza osoan egin duena, egin behar zen momentuan, gainera. Erantzukizuneko tokietan eta ardura publikoetan gauden gehienok duela 15 edo 20 urte hasi ginen, eta logikoa da, guk aurreko belaunaldiaren ordezko izan ginen modu berean, orain beste batzuk etortzea eta lidergo berri bat etortzea, gure Legebiltzar eta Batzar Nagusietako eserlekuak berrituz eta gaztetuz. Alderdi politiko honen bizitza halakoxea da, garrantzitsuena militantzia delako eta karguak,ohore izateaz gain, ez dituelako norberak aukeratzen, alderdikideek ematen dizute. Eta hori da EAJren gauzarik ederrenetakoa", ziurtatu du. "Exekutibei, dagokigun unean, denbora berrietara moldatzea dagokigu. Eta orain aldi politiko berri bat hastear dago Euskadin. Gure erabakiak beste alderdi batzuk derrigortu ditu, Bildu,hain zuzen, antzeko bidea hartzera, azken finean indar politiko guztiok baitaukagu gai hori mahai gainean: funtzionatzen duenari nola eutsi, baina aldi berean berrituz zaharkituta gera ez dadin, argazki finko gisa gera ez gaitezen, eboluzio bat eman ahal izan dadin. Eta orain, EAJn, eboluzio naturala egiten ari gara, ondorengotza ordenatua egiten ari gara zerrendetan, hautagaitzetan, eta uste dut hori ondo etorriko zaiela ez bakarrik alderdiari baizik eta baita Herri osoari ere, gure ideia delako aberri hau lideratzen duen alderdia izaten jarraitzea, hurrengo 15 edo 20 urteotan bizi berria eta ibilbidea emateko gaitasuna izango duen jendearekin, orain gaudenok egin dugun bezalaxe, ahal dugun guztian laguntzen jarraituko dugulako", ziurtatu du.

Arnaldo Otegik Pello Otxandiano EH Bilduren zuzendaritzak Ezker Abertzalearen militantziari proposatzen dion lehendakarigaia izateko iragarri duen erabakiaren inguruan galdetuta, Ortuzarrek bere ohiko dotoreziaz erantzun du. "Gai honen aurrean erakutsiko dut Arnaldo Otegik gure hautagaitza ezagutu zuenean erakutsi zuena baino errespetu handiagoa, eta ez diot berea deskalifikatuko ezta adjektiborik jarriko, are gutxiago negatiboak. Beraiek jakingo dute, aukerarik onena dela pentsatuko baitute" esan du buru abertzaleak Otxandianoren izendapenaz. Ortuzarrek, hori bai, galdera baliatu du azken egunotan gizartearen sektore zabaletan, bai eta Ezker Abertzalearengandik hurbil daudenetan, piztu den hausnarketa egiteko. "Alderdi batzuek eurentzat hartzen dituzte kontzeptu batzuk:'gu gara alderdi feminista…', 'gu gara barne demokraziaren alderdia …”. Nik uste dut barne demokraziaren ariketa hori EAJ egiten ari dela, proposamenak egiten baititu eta orain alderdikideek erabakiko dutenaren zain baitago. Baina, besteak egiten ari direnari begiratuta, beren lehen keinu politikoa da: 'Nik erabakiko dut ni izango naizena eta nik komunikatuko dut'; bigarrenik: pertsona bat izendatzen dute eta proposamena militantziari bidaliko zaiola esaten dute, baina astebururako antolatu dute,dagoeneko, tronuratze politikoko ekitaldia; eta, hirugarrenik 'gu gara feminismoaren alderdia, baina gure kupula osoan gizonak baino ez dira'. Bitxia da: besteok behin eta berriro azaldu behar dugu berdintasunaren kausarekin eta aldarrikapen feministekin bat egiten dugula, eta beste batzuek beren burutza gizonez osatua izan ahal dute baina, hori bai, munduko feministenak dira eurak. Bada ordua esaten dena eta egia elkarren parean jartzekoa", gomendatu du.

Ortuzarrek ziurtatu du Geroa Baik, EAJ-PNVren koalizioak, atzo arratsaldean hitzeman zuela gaur Iruñeko Udalean aurkeztu den zentsura mozioa izenpetuko zuela. "Sei hilabeteko paralisia eman da Iruñeko Udalean, eta argi utzi du UPNk ez duela inorekin hitz egiteko edo adosteko gaitasunik. Azken tanta izan da Aurrekontuak behar den moduan eta denboran ezin aurkeztea, ezta negoziatzeko ere, besteok atzera botatzeko izan arren. Hori ere ez da egin. Lau urte ezin ditugu hutsean pasatzen utzi, urte beltzak izango zirelako. Zentzura mozioa guztiz justifikatuta dago", esan du. Mozioa aurkeztu den uneaz galdetuta, Ortuzarrek argi hitz egin nahi izan du. "Ekainean egin genezakeen eta dena hobeto egongo zen, Madrilgo guztia igarota, inbestidura eta gainerakoak, sozialistak libreago daude halako operazio bat beren gain hartzeko, zalantzarik gabe ostea ekarriko baitu Madrilen. Olatua Iruñean sortu da baina kontra-olatua Madriletik etorriko da", ohartarazi du.