Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

Berriak

2024/01/28

Sabino Arana Sariak 2023, “modernitate irmoaren” erakustaldia

Iñigo Urkullu Lehendakariak azkenekoz jardun du buru Fundazioak banatzen dituen sarien ekitaldian. Honako hauek jaso dituzte sariok: Antton Valverde musikaria, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioaren emakumezkoen taldea, Euskal Artzainak Ameriketan, Armando Llanos arkeologoa eta Javier Clemente

rss Ezagutzera eman
Sabino Arana Sariak 2023, “modernitate irmoaren” erakustaldia

ARGAZKIA JAITSI

Sabino Arana Sarien XXXV. edizioa Bilboko Arriaga antzokian egin da gaur eguerdian. Ekitaldian, Antton Valverde musikari donostiarra, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioaren emakumezkoen txirrindularitza-taldea, Euskal Artzainak Ameriketan (EAA), Armando Llanos ikertzaile eta arkeologo gasteiztarra eta Javier Clemente saritu dituzte.

Fundazioaren Patronatuko kideek lagunduta, Sabino Arana Fundazioaren (SAF) presidente Mireia Zaratek bost golardoak banatu ditu; gaurkoaren aurreko 34 edizioetan, beste 192 pertsonak, elkartek eta erakundek jaso dute Sabino Arana saria.

Ekitaldiaren hasieran, Zaratek gogorarazi du aurtengoa aparteko zenbakiz jantzitako ospakizuna izan dela; «Sabino Arana Sariak hogeita hamabost urte jarraian eman baitira, etenik gabe, eta 120 urte igaro baitira gure fundatzaile eta maisua hil zenetik».

Sabino Arana Fundazioaren presidenteak «aro honetan pairatzen ari garen krisi eta aldaketa garaiak» aipaturik hasi du hitzaldia, eta gaineratu du gaur egun «globalizazioak eta sare sozial berriek prozesu horiek guztiak areagotu egin dituztela, momentu oro eta leku orotan ekin eta ekin erakusten dizkigutela, bakerik eman gabe».

Ildo horretan, Zaratek adierazi du «Zygmunt Bauman soziologoak ‘modernitate likidotzat’ jotzen zuenak –joera horren ezaugarri bereizgarrienak ziurgabetasuna, mugikortasuna, indibidualismoa, balioen galera eta abar ditugu− dakarzkigun eragozpenen aurrean, gaurkoan, ‘modernitate solidoa’ aldarrikatu nahi dugu, horren bereizgarriak komunitatea, nortasun kolektiboa, sortzeko gaitasuna eta balioak direla».

Jarraian, XXXV. edizio honetako saridunen merezimenduak goretsi ditu Zaratek, Antton Valverde musikari donostiarrarengandik hasita. «Doinu bilakatutako olerkia, bertso bilakatutako partitura. Anttonek eta bere pianoak gure historiako olerkari euskaldunak ezagutzeko eta aitortzeko aukera eman digute, hala nola Lauxeta, Lizardi, Gandiaga, Txirrita… Antton Valverde, iraganaren eta orainaren arteko loturaren adibide bikaina dugu; berritzaile baten erakusgarri aparta, iraganean beste batzuek argitara eman zituzten kalitatezko lanetan oinarrituta», nabarmendu du SAFen presidenteak.

Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioaren emakumezkoen txirrindularitza-taldeko kideak direla eta, SAFeko presidenteak iragarri du «pedalkadaz pedalkada gero eta gertuago daudela munduko txirrindularitzaren elitera iristeko, gaur ere indarrean dauden balioetatik abiatuta: talde-lana, inklusioa eta berdintasuna». Ameriketara joan diren euskal artzainei dagokienez, esan du «zoragarria dela ikustea zelan jakin izan duten bi kulturen, bi hizkuntzen arteko ezkontza edo mestizajea egiten, gure artean amerikanuak diren, baina Estatu Batuetan, the Basque people diren horiek. Armando Llanosek egindako ikerketa-lan sendoa ere aldarrikatu du. «Ahalegin pertsonala bai, baina komunitatearekiko konpromisoa ere bai, Arabako Arkeologia Institutua sortu izanak argiro erakusten duen bezala», nabarmendu du Zaratek. Eta, azkenik, Javier Clemente aipatu du irmotasunaren adibide gisa. «Javik bere irmotasuna erakutsi du entrenatzaile moduan, bai eta lider moduan ere. Talde eta selekzio ugaritan jardun du líder eta, gaur egun, horrela ikusten dugu», azpimarratu du.

Antton Valverdek eskertu egin du saria, berak egiten dakien modurik onenean: pianoa joz eta abestuz. Horretarako, Esteban Urkiagaren Lauaxeta-ren «Neguko gaba» poema aukeratu du.

«Anjel Lertxundik dioen bezala, Wilhelm von Humboldt soziolinguista harri eta zur geratu zen Mogel eta Astarloarekin batera Oiz mendiaren inguruan egindako ibilaldietan entzun zituen istorioekin», adierazi du Valverdek. Natura eta tradizioa uztartzen diren inguru hartan kokatu zuen Lauaxetak Antton Valverdek entzuleei eskainitako poema.

Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa emakumezkoen txirrindularitza-taldea

Jarraian, emakumezkoen Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioaren enbaxadore Joane Somarribak, Naia Amondarain, Catalina Soto eta Eneritz Vadillo txirrindulariek jaso dute saria, Aitor Galdós Euskadi Fundazioaren presidenteak lagundurik.

Somarribak (Sabino Arana sariduna 2000. urtean), Laboral Kutxaren enbaxadoreak, nabarmendu duenez, «emakumeen kirola une garrantzitsua batean dago». Horren haritik, Somarribaren esanetan, «badirudi, pixkanaka-pixkanaka, emakume kirolariak ikuspen handiagoa lortzen ari garela, eta horrek adierazten du gauzak aldatzen ari direla, oso poliki bada ere, baina oraindik bide luzea daukagu egiteko». Somarribak gogoratu du orain dela 20 urte baino gehiago Italiara joan behar izan zuela profesional gisa garatzeko, baina gaur egun, «Euskal Herriko emakume txirrindulariek, Laboral Kutxaren eskutik, etxean bertan dutela profesionalak izateko aukera dutela» aitortu du, eta «taldea erreferentea dela gure kirolean aritzen diren edo aritu nahi duten kategoria guztietako emakume txirrindulari guztientzat».

Era berean, adierazi du «txirrindularitza oso kirol zorrotza dela, lan, sakrifizio eta neke handia eskatzen duena», eta «hortzak estutu eta ametsak lortzeko indar guztiz borrokan aritzen diren emakume ausartei» eskaini die saria. «Besarkada solidario eta feminista bero bat euren helburuak lortzen ahalegintzen diren emakume horientzat guztientzat. Adore, neskak, indarrak batuta gure amets guztiak lortuko ditugu eta!», amaitu du.

Euskal artzainak Ameriketan

Laura Igantzi Euskal Artzainak Ameriketan (EAA) elkarteko lehendakariak adierazi du saria poz handiz jaso dutela, «Ameriketan ibili diren euskal artzainek egindako lana aitortzen eta txalotzen delako». «Artzain guztiek asko esateko eta erakusteko dute haien emigrazioari buruz, eta gu ere, haien seme-alabak eta bilobak, oso harro gaude haiez», gaineratu du.

Igantzi Lesakatik Ameriketara emigratutako artzainen ondorengoa da eta haien guztien istorioek gordetzen duten aberastasunaz jabetu zen aitarekin batera artzainen mundu biltzar batera joan zenean Arantzazura, 2005ean. Biltzar hartara joandako artzainak baino askoz gehiago zirela egiaztatu eta gero, Laura Lesakako beste artzain batzuen izenak biltzen hasi zen eta bilketa horretan ohartu zen «haien jarreraren balioez, beldurrez, euskal sentimenduez, gure kulturak, hizkuntzak eta identitateak gure lurraldetik urrun duten balioez». Orduan erabaki zuen Igantzik istorio horiek guztiak bildu eta gizarteratu egin behar zirela, «etxean edukita ere, nik ez bainion inolako baliorik eman».

EAA elkarteko presidenteak gogora ekarri du artzainek gure ohiturei bizirik eutsi dietela hain urrun leku batean: «Harrotasun handiz esaten genuen euskaldunak ginela! Ameriketan, euskalduna pertsona langile, leial eta emandako hitza betetzen duen gizabanakotzat hartzen da. Beti esaten dut artzain haiek gure herriko enbaxadorerik onenak izan direla. Guzti-guztiak, bizkaitarrak, gipuzkoarrak, arabarrak, iparraldekoak zein nafarrak, hizkuntza, ohitura eta kultura bera zerabilten euskal artzainak ziren. Hizkuntzari gagozkiola, ozen aitortu behar da euskarari oratu ziotela, batez ere, emakume euskalduna ondoan zutelarik», adierazi du.

Azkenik, eskerrak eman dizkie itzuli ziren guztiei, beren estatus ekonomikoari esker, jatorrizko herrietako bizimodua hobetzen lagundu zutenei, amerikanuei, alegia. «Uste osoa daukat ez zirela konturatu ere egiten zeinen ongi jagoten zuten euskaldunen izena eta izaera. Ohore zuei guztioi, euskal artzainoi!», esanda amaitu du mintzaldia.

Sariketan, oso une hunkigarria izan da Blanca Lasak, Lesakako artzain baten emazteak, bidalitako bideoaren ikustaldia. Senarrarekin batera, Wyoming-era joan zen lehenik, Montanara gero, eta Utah-n amaitu zuen. Bideoan, Blancak laburrean kontatzen du hango bizimodua, Iñaki eta Xabier semeekin eta bost bilobekin batera.

Arkeologia-ondarea ikertu, babestu eta zabaltzea

Armando Llanos ikertzaile eta arkeologo arabarrak, Joxe Miel Barandiaranen ikasle izandakoak, bere bizitzako zazpi hamarkada inguru eskaini dizkio Euskal Herriko historiaurre hurbilaren eta protohistoriaren ikerketa arkeologikoari. Mintzaldian, Llanosek bere ikerketa-ibilbidean funtsezkoak diren hiru helburu nabarmendu ditu: ikertzea, babestea eta zabaltzea.

«Ikerketari esker, egiaztatzea izan dugu gaur egungo hainbat ezagutza, teknika, ohitura, erritual eta abarrek jatorria izan zutela orain dela milaka urte gure lurraldean bizi izan ziren gizarteetako jendearen jardueretan», adierazi du.

Llanosen deste konpromisoetako bat ondare arkeologiko garrantzitsu eta aberats hori babesteko eta jagoteko ekina izan da. «Batzuetan emaitza onak izan ditu, baina alde ilunak ere izan ditu, aztarnategi garrantzitsuak suntsitu zirela ikusita, haien kontserbazioa babesteko lege-babesik ez zegoelako», salatu du ikertzaile eta arkeologoak. Hala ere, Llanosen arabera, «balantzea aldekoa izan da, eta gaur egun kontserbaturik dauden aztarnategiak ugari direlako».

Zabalkundeari dagokionez, pozik agertu da «lortutako emaitzak gizarteari itzuli dizkiolako, jende ororentzat eskuragarri dauden argitalpenak kaleratuta, edo museoak eta interpretazio-zentroak zabalduta, ondare hori kultur turismoa sustatzeari eta laguntzeari begira prest jarrita».

Clemente, harrobiko entrenatzailea

Javier Clemente izan da Arriagako oholtzara igo den azken sariduna, «harrobia zer den eta horrek euskal futbolari zer ekartzen dion ondo baino hobeto ezagutzen duen entrenatzailea». Sabino Arana Fundazioak aitortu nahi izan du «gabarrak Bilboko itsasadarra azken aldiz zeharkatzea, oraingoz, eragin zuen gizonaren ibilbide profesionala». «Entrenatzaile nekaezina izan delako bere kirol-ibilbide luze eta arrakastatsuan, eta behe-behetik abiatuta, beheko kategorietatik, alegia, arrakasta pertsonal eta profesional izugarria lor daitekeen adibide bikaina dugulako», nabarmendu dute.

Iranzu Calvo eta Javier Vizcaino kazetariek gidatu dute ekitaldia eta Ana Artechek (arpa-jotzailea) eta Haizea Muñozek (sopranoa) girotu dute emanaldia.

Iturria: Sabino Arana Fundazioa