Prentsa Aretoa

Berriak

2024/02/03

Giro politiko eta instituzional “egonkor eta fidagarria” aldarrikatzen du Pradalesek, ehun produktiboaren lehiakortasuna eta “kalitatezko enplegua” ahalbidetuko dituena

Pasaian, EAJ-PNVren Lehendakarigaiak enplegu eta jarduera ekonomikoaren inguruko hausnarketak partekatu ditu gaur Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozarekin eta Lurraldeko alkateekin: “Kontziliaziorako aukerak eta soldata onak eskainiko dituzten lanak defendatzen ditugu, formakuntza jarraitua balioan jarriko dutenak”, ziurtatu du hautagai jeltzaleak

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Euzko Alderdi Jeltzalean beti defendatu dugu beharrezkoa dela enpresen ibilbidea erraztea. Kolaborazio publiko-pribatua bultzatzea. Interbentzionismotik aldenduz. Injerentziak baztertuz. Elkarlana sustatuz . Gure lana da jarduera ekonomikoa sortzeko beharrezko baldintzak erraztea: testuinguru politiko, instituzional, fiskal eta sozial egonkorra eskaintzea, gure ehun produktiboaren lehiakortasuna ahalbidetuko duena . Epe ertain eta luzerako ikuspegia izan behar dugu, horren mende baitago gure ongizatea eta ditugun zerbitzu publikoen kalitatea mantendu eta hobetu ahal izatea”. 2024ko Euskal Hauteskundeetarako EAJ-PNVren hautagai izendatu zutenetik astebete igaro denean, Imanol Pradalesek Gipuzkoa aukeratu du, "Euskadi osoan eredugarri den Lurraldea”, jarduera ekonomikoari eta kalitatezko enpleguari buruzko hausnarketak partekatzeko Eider Mendoza ahaldun nagusiarekin, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidente eta Gipuzkoako zerrendaburuarekin eta lurraldeko bederatzi alkaterekin: Eneko Goia (Donostia), Jon Ander Azpiroz (Aia), Ana Azkoitia (Azkoitia), Maialen Gurrutxaga (Elgoibar), Alazne Txurruka (Deba), Ion Luqui (Urretxu,; Eric Galvez (Legazpi), Kepa Zubiarrain (Lazkao), Leire Artola (Beasain) eta Jorge Segurado (Urnieta), bai eta Pasaiako alkategai jeltzale Loreto Osarekin ere. Topaketa egin da Pasaiako Lonjaren eraikin nagusian, Gipuzkoako ekonomia oparoaren kokagune esanguratsuan, eta batzarra amaitutakoan hainbat mezu argi bidali nahi izan ditu Pradalesek. “Jatekoarekin ez da jolasten” edo “Aberastasuna sortu behar dugu, miseria ez banatzeko” izan dira gaurko ekitaldiari amaiera emateko aukeratu dituen aldarrikapenak.

Pradalesek gogora ekarri du Gipuzkoan hasi zuela bere ibilbide profesionala, Deustuko Unibertsitateak Donostian duen kanpusean,hain zuzen. Esperientzia hark eraman zuen “Gipuzkoa eskualdez eskualde” ezagutzera eta, bide batez Gipuzkoako sare industrial osoa ere. “Liluratuta utzi ninduen bertan ikusitako guztiak”, ziurtatu du. “Enpresa txiki eta ertainak, baita kooperatibak ere, denak mundu lehiakor honetan indar osoz lehiatzen. Espezializazioa, berrikuntza, lana eta ahalegina … beti onenak izateko anbizioa. Horiek ziren eta dira beraien arrakastarako errezetak. ‘Txapeldun ezkutuak’. Horrela ezagutzen dira bere segmentuetan liderrak diren enpresa hauek: forjan, makina-erremintan, soluzio elektronikoetan, edo mugikortasunean… Beraien sekretua aparteko kalitatea eskaintzean eta bezeroen beharren eta merkatuaren ulermen sakonean oinarritzen da, bai eta munduan lider . Hamaika adibide aurkitu nituen nik hemen”, ziurtatu du.

Pradalesen hitzetan, euskal herritarren ongizateak zerikusi zuzena du gaur egun gure enpresen lehiakortasun mailarekin, eta Gipuzkoa da esparru horretan “Euskadi osoan eredugarri”. EUSTATen ikerketek ondorioztatu dute lurralde honetan langabezia tasa 5,4koa dela. Gipuzkoak ere baditu bere alde “giza garapenaren eta Euskadiko gizarte kohesioaren adierazlerik onenak”, ekarri du gogora hautagaiak.

“Euzko Alderdi Jeltzalean beti defendatu dugu beharrezkoa dela enpresen ibilbidea erraztea”, adierazi du Pradalesek. “Ondo dakit zer diodan. Nire erantzukizun publikotik ikasi dut zer den inbertsioak erakartzen laguntzea, kalitatezko enplegua sortzen laguntzea, talentua sustatzea edo enpresen internalizazioa bultzatzea… Kontziliaziorako aukerak eta soldata onak eskaintzen dituzten lanak defendatzen ditugu, etengabeko formakuntza balioan jartzen dutenak”, gaineratu du.

Lehendakarigai jeltzaleak azken hitzak esan ditu bere baikortasuna eta konfiantza adieraziz “Ekonomia berrira egunero moldatzen den Euskadin sinesten dut. Ekonomia berdeagoa, deskarbonizazioan oinarritua, teknologikoagoa eta digitalagoa dena. Ekonomia berria esan nahi du enpresa eta industria berriak, bai eta enplegu berriak ere, gure ongizatea bermatuko dutenak. Adimen artifiziala, Teknologia kuantikoak, Ekonomia zirkularra, Zilarrezko ekonomia… hor ditugu Euskadirentzako aukera berriak. Ehun ekonomiko lehiakorra dugu, ongizatea sortzen jarraitzea ahalbidetzen diguna. Jarrai dezagun hori babesten. Aberastasuna sortzea babestuko ez duenak, miseria baino ez du ekarriko. Jatekoarekin, guk, Euzko Alderdi Jeltzalean, ez baitugu sekula jolasten”, amaitu du.