Next Euskadi
Alderdi Eguna 2024

Prentsa Aretoa

Berriak

2024/02/18

Pradales: “Ekonomiak eskaintzen dizkigun aukera berri guztiak baliatuko ditugu ongizatearen Euskadi berria eraikitzeko”

EAJ-PNVk Bizkaian aurkeztuko duen hautagaitza ezagutzera emateko talde jeltzaleak Barakaldon egin duen ekitaldian, Lehendakarigaiak ohartarazi nahi izan du “enpresak seinalatzen dituzten edo jarduera industrial zehatzak arrazoirik gabe txartzat jotzen dituzten” diskurtsoen kontra, eta defendatu du trantsizio energetiko eta ekologikoari anbizioarekin eta errealismoarekin heldu behar zaiela, euskal industriaren eskutik “energiaren sektorea estrategikoa baita Euskadirentzat, milaka enplegu eta familia hartzen baititu bere barnean”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Egun dugun ongizatea industriari esker lortu dugu, eta datorren ekonomiak eskainiko dizkigun aukerak baliatuko dituen politika industriala ahalbidetuko dugu”. EAJ-PNVren Lehendakarigai Imanol Pradalesek Barakaldon aldarrikatu eta defendatu nahi izan ditu euskal industria eta sektore energetikoa “milaka enplegu eta familia barne hartzen baitituzte”, eta trantsizio energetiko eta ekologikoari “anbizioarekin eta errealismotik” heldu beharra defendatu du. Pradalesek amaierako hitzak esan ditu gaur EAJ-PNVk Bizkaian aurkeztuko duen hautagaitza ezagutarazteko Barakaldon egin duen ekitaldian, non milatik gora alderdikide eta alderdizale jeltzale elkartu baitira. Ekitaldi berean hitza hartu dute Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidenteak eta Barakaldoko alkate Amaia del Campok. Atutxak ekitaldian aurkeztu den emakume eta gizonen taldea deskribatzeko esan duenez “EAJk bermatzen dituen segurtasunaren eta konfiantzaren abala dira, lan zorrotzaren bermea, elkartasunez eta taldean lan eginez”. Del Campok Bizkaiko zerrendaburuaz esan duenez “EAJ-PNVko emakume eta gizonok aurrerabidearekin eta pertsonen ongizatearekin daukagun konpromisoaren erakuslerik onena” dela. Ekitaldian ere izan dira Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidentea, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobe; Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburu Josu Erkoreka, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko, eta Osasun sailburu Olatz Garamendi eta Gotzone Sagardui, hurrenez hurren, Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro Azpiazu, eta Oihane Agirregoitia Europako Parlamentuko Hauteskundeetarako EAJ-PNVren zerrendaburua.

Santurtziarra izanik, Mamariga auzokoa, Pradalesek bere bizipenak eta txikitako gogorapenak azaldu ditu txikia zenetik eta gaur arte Ezkerraldeak ongizatean, zerbitzuetan eta bizi kalitatean egin duen bilakaera azaltzeko. “Labe Garaietako ijezketa-trena zegoen tokian BEC dago gaur egun, Bilboko Portuak 8.300 pertsona baino gehiagori ematen die lana zuzenean, eta Abantoko zelaietan energian espezializatutako Parke Teknologiko bat daukagu. Metroa, autobiak eta Gurutzetako eta San Eloy ospitale berrituak ditugu gaur egun... Ezkerraldea eta Euskadi hobea ditugu”, azaldu du.

EAJ-PNVren Lehendakarigaiak ildo beretik gogoratu du autogobernua, kudeaketa eraginkorrak eta politika industrial ausarta funtsezkoak izan direla Euskadik kalitatezko zerbitzu publikoak izan ditzan, bai eta Estatuko soldatarik eta pentsiorik altuenak ere. “Euskadik hobera egin du, batzuek jarri dituzten oztopoen gainetik. Autogobernuari eta kudeaketa zintzo eta eraginkorrari esker, aurrerabideko bidea egin dugu azken 40 urteotan. Eta gaur, berriro ere aurkitzen gara bidegurutze batean: biharko Euskadi nolakoa izatea nahi dugun erabaki behar dugu”, nabarmendu du.

Zentzu honetan Pradalesek herritarrak ohartarazi nahi izan ditu euskal industriaren puntako sektoreetako milaka enplegu arriskuan jartzen dituzten diskurtsoen kontra “gaur ere egon badaudelako den-dena publikoa eta publikoa soilik izan beharko litzatekeela defendatzen dutenak, politika ekonomikorik onena administrazioaren esku hartzea dela eta baliabideak amaigabeak direla defendatuz. Esaldi eta diskurtso arriskutsuak dira horiek, jateko gauzekin ezin baita jolastu. Baldintza egokiak sortu behar ditugu inbertsio publiko eta pribaturako. Baldintza egonkorrak, arriskuak hartzeko eta ekintzailetza sustatzeko, enpresa berriak eta kalitatezko enplegu berriak sortzeko. Berezko dugun nortasun industriala galdu gabe. Ezkerraldean ondotxo dakigu hori”, ziurtatu du.

Itxaso Atutxaren hitzetan Eusko Legebiltzarrerako talde jeltzaleak Bizkaitik aurkezten duen hautagaitza da “EAJk eskaintzen dituen segurtasunaren eta konfiantzaren bermea. Zorroztasunez lan egitearen bermea, elkartasunetik, talde lana eginez, errealitatea eta eguneroko beharrak ezagutuz. Erantzuna emango diegu guztiei biharko Euskadi eraikitzen jarraitzeko, euskal gizartearen eskutik, soinez soin lan eginez. Bizkaiko jeltzaleen buruak bere hitzaldian azaldu duenez, Euskadi aitzindaria da berdintasun-politiketan, gizarte- eta osasun-laguntzan, ingurumenaren babesean eta garapen ekonomikoan. Hori kontuan hartuta, gogorarazi du EAJk “agenda politikoa markatzen” jarraitzen duela, “baita datozen urteetarako ere, errealismotik abiatuta, hiru printzipio nagusitan oinarrituta: ongizatea, aurrerapena eta justizia soziala”. “Pertsonen duintasunaren alde lan egiten jarraituko dugu, hori bermatuko duen garapen ekonomiko sendo eta jasangarriarekin soilik sostengatu daitekeen ongizate estatuaren barruan. Eta hori guztia elkarrizketaren bidez egingo dugu, negoziaketaren bidez, akordio zabalak lortzeko, Eusko Legebiltzarrean azken asteotan behin eta berriz erakutsi den bezala”, azaldu du.

Barakaldoko alkate Amaia del Campok eman die ongi etorria Anaien Parkean egin den ekitaldi jendetsuan batu direnei. Del Campok adiskidetasunezko harremana du Lehendakarigaiarekin, bai eta laneko harreman sendoa ere, eta bere hitzetan “Imanol da EAJ-PNVko emakume eta gizon guztiok pertsonentzako oparotasunarekin eta ongizatearekin daukagun konpromisoaren eredurik onena”. “Kaletik noala Imanol nolakoa den galdetzen didatenean, denei esaten diet Imanol betidanik egon dela prest Barakaldori eta Ezkerralde osoari laguntzeko”. Alkateak esan duena azaltzeko gogoratu duenez, Alkatetzara iritsi berria zela “berarekin harremanetan jarri nintzen gure herritarrak kezkatzen zituen arazo batentzat irtenbide ona lantzeko, eta gai hori zen Burtzeña eta Kareagako tunelak kentzea, puntu beltz bihurtu baitziren auzo hauetako emakumeentzat. Arazoa azaldu bezain laster zuzenean ezagutzera etorri zen eta erraza izan zen zuzentzen zuen departamentuarekin akordio bat lortzea herritargo osoari lasaitasuna eman ahal izateko”, azaldu du.

Next Euskadi