Prentsa Aretoa
Berriak
2024/03/28
'Indar Berria, Euskadi Berria', igandean, martxoak 31, EAJ-PNVk ospatuko duen Aberri Egunerako aldarria
EBBren idazkari Mireia Zaratek, A-21ko Hauteskundeetarako Arabako zerrendaburu jeltzale Joseba Díez Antxustegik eta EGI-Euzko Gaztediren aberri kontseiluko idazkari Bea Berlangak ezagutzera eman dute gaur Euzkadi Buru Batzarrak Aberri Egunaren 93. edizioaren kariaz egin duen adierazpena
2024ko Aberri Egunaren Manifestua
AGIRIA - 2024/03/28
Mireia Zarate Euzkadi Buru Batzarraren idazkariak, Joseba Díez Antxustegi apirilaren 21eko Euskadiko Hauteskundeetarako EAJ-PNVk Arabatik aurkeztuko duen zerrendako buruak eta Bea Berlanga EGI-Euzko Gaztediren aberri kontseiluaren idazkariak gaur goizean aurkeztu dute EAJk Aberri Egunera begira antolatu duen ekitaldia. Talde jeltzaleak Aberri Eguneko ekitaldi nagusia egingo du igandean, martxoak 31, 11:30ean Bilboko Plaza Barrian. ‘Indar Berria, Euskadi Berria’ goiburupean egingo delarik, aurtengoa Aberri Egunaren 93. edizioa izango da, lehen Aberri Eguna 1932an egin baitzen.
Halaber, Zaratek, Díez Antxustegik eta Berlangak gaurko aurkezpenean eman dute ezagutzera Aberri Eguneko adierazpena, Euzkadi Buru Batzarrak iragan asteleheneko bileran onetsi zuena.
Ondoren, EBBren adierazpen osoa.
INDAR BERRIA, EUSKADI BERRIA
Igandean, 2024ko martxoaren 31n, Aberri Eguna. Bost kontinenteetan bizi garen euskaldunok beste behin ospatuko dugu euskal nazioaren eguna, gure aberriaren egun handia. Gure herri nortasuna berresteko eguna, gure ezaugarri kulturala aldarrikatzekoa, bai eta mundu honetan garen moduan bizitzeko eta gure izaera bereiziari eusteko dugun borondate kolektiboa erakustekoa ere.
Hau ez da ezeren kontra edo inoren kontra egiteko aldarrikapena. Euskal aberriaren kide garen aldetik egiten dugun deklarazioa baino ez da, herritarren adierazpen askearen bidez lortu nahi dugulako nazioartean nazio izatea, gainerako nazio errealitate guztien pareko.
Adierazpen aldarrikatzaile hau egiten dugu inguruan oso egoera delikatua bizitzea tokatu zaigula. Bi urte luze bete dira jada, Europako ateetan bertan, Errusiak Ukraina inbaditzearekin batera gerra mingarri eta krudela piztu zenetik. Ordutik, gerra kronifikatu egin da eta ondorio dramatikoak ekarri ditu biktima kopuruagatik eta suntsipenak hartu duen tamainagatik. Zoritxarrez, oraindik ezin izan dugu antzeman beldurrezko dinamika horri amaiera emango dion konponbidea hurbil dagoenik. Eta, hori baino okerragoa dena, gatazka-giroa inguruko herrialdetara zabaldu da, Europar Batasunean aliatu ditugunetara hedatuko daitekeenaren beldurrarekin, Errusiak haien aurka ari baita etengabe mehatxuka, Sobiet Batasunaren garaietara itzuli nahi duten buruzagien grinak bultzatuta.
Baina Europako Ekialdean ematen ari den borroka armatua egungo panoramarako tentsio- eta ziurgabetasun-iturri nahikoa ez balitz, joan den urritik indarkeria basati eta ankerrenaren beste adierazpen bat piztu da. Hamásek ekintza terrorista basatia egin zuen hebrear lurraldean Yom Kippurreko gerraren 50. urteurrenean. Ekintza terrorista haren ondorio izan ziren, hasiera batean behintzat, mila bat biktima eta konta ezinezko pertsonen bahiketa. Ekintza terrorista horri erantzuna emanez, Benjamin Netanyahuren Gobernuak ‘gerra-egoera’ deklaratu zuen, eta 2.300.000 pertsona inguru bizi ziren Gazako Zerrenda palestinarra sistematikoki suntsitzea erabaki zuen, herritarren exodoa eraginez, bai eta etenik gabeko jazarpena eta erasoa herritar zibilak elikagairik, urik eta botikarik gabe uzten eta indar handiz sarraskitzen ari diren bitartean. Nazioartetik egiten ari den presioarekin ere ez da lortu orain arte 31.000tik gora biktima zibil eragin dituen basakeria geldiaraztea, horietako asko haurrak diren arren. Izua eragiten digu Israelgo Gobernuak Gazako palestinarren aurka piztu duen indarkeria ikaragarri honek. Sarraskiari konponbidea bilatu ezean, Ekialde Ertain osoa erre dezake, bai eta auzi atabiko bat mundu mailako krisi bihurtu ere.
Krisia eta arriskua dira nagusi lidergo garrantzitsuenak eguneratzeko lanari heldu beharko dion mundu honetan. Ipar Amerikako Estatu Batuetan presidentea aukeratzeko hauteskundeak egingo dira laster. Protekzionismora itzultzeko eta trumpismoa nazioarteko potentzia nagusira itzultzeko mehatxutik abiatzen den prozesu demokratikoa izango da, horrek dakartzan tentsioekin eta ondorioekin.
Europan ere egingo dira hauteskundeak, Europar Batasunaren egituretan zein gure inguruko hainbat herrialdetan. Ekialdetik, Ekialde Ertainetik edo Atlantikoaren bestaldetik antzeman daitezkeen erronken aurrean, Europak seriotasunez heldu beharko dio erkidego politiko eta defentsarako batasun gisa indartzeko atazari. Egiturak finkatu eta sendotu beharko ditu, bai eta elkarlanerako prozedurak ere, nazioarte mailan benetako zeregin esanguratsua izango badu.
Hala ere, Europar Batasunaren etorkizun hurbilari buruz ikus ditzakegun lehen seinaleak ez doaz bide horretatik. Alderdi politiko tradizionalak amore ematen ari dira populismoen aurrean, eta eskuin mutur autarkiko, xenofobo eta eskubideak mugatzen dituen baten hazia azaleratzen ari da nonahi. Badirudi Frantziak, Alemaniak, Italiak, Herbehereek edo Hungariak amore emango dutela muturreko alderdien lidergoaren aurrean. Eta, egoera horretan, Europako herritar guztientzako oinarrizko gaiak ahultzen ari dira, erantzun bateratu eta eraginkorrik eman gabe, defentsaz eta kanpo-politika komunaz gain, klimaren krisiari, beharrezko trantsizio energetikoari edo biztanleriaren zahartzeari aurre egiteko.
Espainiar Estatuan ere giro politikoaren ezaugarri nagusiak guztiz etsigarriak dira, oraindik demokraziaren heldutasunera iritsi ez den Estatua balitz bezala. Etengabeko polarizazioak, etengabeko gatazkak, Gobernuaren jardunari zilegitasuna ukatzeko ahaleginek eta oinarrizko adostasunik ezak ekarri dute gizartea politikatik nabarmen urruntzea. Estatuaren egituretan bere horretan jarraitzen duten auziek, nazio aniztasuna aitortzearena bereziki, jorratu gabe jarraitzen dute. Nekez ateratzen dira politika desjudizializatzeko eta Estatuaren egungo esparruarekin historikoki deseroso agertzen diren sentsibilitate nazionalak elkarrizketa demokratikoaren esparrura itzultzeko saiakerak. Egitate nazional bereiziek aitortu gabe jarraitzen dute, gobernu berriak hitzeman zuena betez helburu hori lortzera eraman gaitzaketen elkarrizketa prozesuei noiz helduko zain gaudela.
Euskadi aukera baten zain dago, bere autogobernua eguneratu, zabaldu eta hobetu ahal izateko. Amaiera datarik ez duen eskaria da, eta lehenago edo beranduago aztertu beharko dena, maximalismorik gabe baina, era berean, adostasun zabala eragotziko duten betorik gabe. Adostasun hori euskal lurraldean lortu nahi genuke lehengo eta behin, Estatuan indar guztiarekin aurkez dezagun. Bide konplexua da, baina baztertu behar ez duguna, LORAFNAren eguneratzea bezain premiazkoa. Nafarroan eguneratze horretarako lehen urratsak ematen hasi dira dagoeneko.
Munduan, Europan eta Estatuan momentu benetan garrantzitsuak bizi badira, Euskadiri ere aparteko denbora egokitu zaio. Datu makroei begiratuta, gure herriaren egoera osasuntsu dago. Aspaldi honetan zailtasunez jositako bidea egin behar izan dugun arren, Euskal Autonomia Erkidegoak gaur egun %7ko langabezia dauka BJAren arabera, %6,3koa EPAren arabera. Milioi batetik gora pertsona lanean eta Gizarte Segurantzari kotizatzen ari dira, orain arte sekula lortu ez den kopurua.
Hazkunde ekonomikoari dagokionez, Euskadiko per capita Barne Produktu Gordina 35.000 eurotik gorakoa da, Europako batez bestekoa gaindituz. Esportazioek, bestalde, gora egin dute urtez urte, eta dagoeneko 32.000 milioi eurotik gorako kopurura iritsi dira. Turismoaren sektoreak hazkunde nabarmena izan du, aurreko ekitaldian bederatzi milioi gaualdi baino gehiago hartu baitziren. Berrikuntza eta Garapenean, lehen aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoak Europar Batasuneko batez bestekoa gainditu du eta Europar Batasunak Euskadi “bikaintasun-polotzat” hartzen du gaur egun. Ingurumenari dagokionez, euskal lurraldeek berotegi-efektuko gasen emisioa murriztea lortu dute. Gizarte-ongizatean, pobrezia-arriskuaren tasak murrizten jarraitu du, eta Europar Batasuneko batez bestekoa baino sei puntu txikiagoa da. Hezkuntzan, eskola uztearen ehunekoa minimo historikoetan dago. Giza Garapenaren adierazleak munduko lehen 15 herrialdeen artean kokatzen du Euskadi, Kanada, Zeelanda Berria edo Belgikaren parean.
Justizia soziala, berdintasuna, askatasuna eta elkartasuna dira gaur egun babestu nahi dugun eredu sozioekonomiko honetara ekarri gaituzten printzipio inspiratzaileak. Oinarri horiek ere izan beharko dute gure herriaren aurrerabidea gidatzen jarraitu beharko dutenak, bai eta herri hau osatzen duten pertsona guztiena ere, Euskadiren garapen politiko, ekonomiko eta soziala bultzatuko duen belaunaldi arteko konpromisoak bultzatuta.
Laburbilduz, esan daiteke ongizate-mailak eta bizi-kalitateak gure inguruko Estatu aurreratuenen parean kokatzen dutela gure herrialdea, eta herritarren gogobetetze-maila oso antzekoa dela egindako azterketa soziologikoen arabera, gure eremuan eta komunitate osoan.
Denborak aurrera egin ahala gero eta nazioago gara, gero eta “subjektu politiko” sendoagoa, nazio gisa proiektatzen gaituena eta lokarriak Baionatik Erriberaraino eraman nahi dituena. Elkarbizitzazko lokarriak, elkarrenganako errespetuzkoak. Egunez egun biziberritzen eta berrindartzen ari den hizkuntzak elkar harturik, bere benetako ofizialtasuna bilatzen duelarik euskararen lurralde guztietan eta Europar Batasunaren foro instituzionaletan.
Euskararen biziraupena lortzea da gure gizarteak duen konpromiso irmoa. Denona da erantzukizuna eta denon inplikazioa dugu beharrezko gure bizitzako esparru guztietan euskara ohiko hizkuntza izan dadin, gure etxetik hasita gure egunerokoan hartzen ditugun esparru guztietara eramanez: lan mundua, hezkuntza, kirolak, aisia, internet, eta abar.
Horrela, nork bere konpromiso pertsonalak hartuz eta talde gisa konprometituz, Euskal Herriaren kontzientzia nazionalak urratsak ematen jarraitzen duela esan ahal izango dugu. Iparraldeko Lurralde Elkargoan. Nafarroako Foru Komunitatean. Bai eta Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten hegoaldeko hiru Lurraldeetan ere. Eta ez dezagun diaspora ahaztu, gure herriaren ‘zortzigarren herrialdea’, euskal lurraldetik kanpo bizi diren euskaldunek ere pasio eta konpromiso handiz bizi baitute euren euskaltasuna.
Bai, gero eta euskal aberri sendoagoa gara. Hala ere, errealitate hau argi eta garbi azaltzen zaigun arren, ezin dugu ezkutatu gabeziak ere egon daitezkeela. Herritarrengan finkatu diren sentsazioak ere ez ditu desagerrarazten. Pertzepzio horiek, azken aldian nagusitu den aldakortasun-giro orokorrarekin batera, Euskadin bizi dugun egoerak lehen mailako politika-bidegurutze batetara eramango gaituen sentsazioa eragin dute. Bertan, gure iragan hurbila hautsiko duen ‘ziklo berri bat’ ireki nahi da zenbait eremutatik. Egia da gurea bezalako Herri bat, nazio gisa etorkizunean irautea lortu nahi duena, ezin dela etengabe iraganari begira bizi. Iraganak, funtsean, ikasteko eta etorkizunean errepikatzea nahiko ez genukeen egoerak prebenitzeko balio behar digu. Gainera, orain arte lortutakoak finkatu gabe etorkizunak ekarriko diguna aurreratzea, munduko mendirik garaienera sokarik gabe eta urratsak segurtasunez eta irmotasunez emateko tresnarik gabe igo nahi izatea bezala da. Aurrera egin behar dugu, hutsera jauzi egin gabe, etorkizuna ez ezik oraina eta egungo autogobernuarekin lortu dugun ongizatea arriskutan jarri gabe.
Euskal gizarteak erabakiko du bere askatasun osoa lortzeko asmo honetan zer bide hartu nahi duen. Euskal herritarren borondatea izan da beti gure urratsak gidatu dituen eragile bakarra. Eta berdin izango da etorkizunean. Horregatik, 2024ko Aberri Egun honetan, Euzko Alderdi Jeltzaleak dei berezi bat egin nahi dio euskal herritargo osoari, apirilaren 21ean Eusko Legebiltzarrerako egingo diren hauteskundeetan masiboki botoa ematera joan dadila Euskadi den proiektu politiko hau finkatzeko. Parte har dezagun eta aktibo izan gaitezen gure burua gobernatzeko dugun borondate irmoa adierazteko, hauxe delako gure ongizaterako bermea. Joan gaitezen denok bozkatzera, indar berriarekin, Euskadi erreal, berdintzaile eta bidezkoa eraikitzen jarraitzeko, bakean biziko den Euskadi, denontzako herri hobea.
Gaur dugu Aberri Eguna. Euskal herritarron aberriaren egun handia. Mugi gaitezen Euskadiren alde. Beraz, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar Euskadiko abertzale guztiak deitzen ditugu, bai eta mundu zabalean sakabanatuta dauden eta Euskal Etxeetan biltzen diren guztiak ere, gure egun handi hau ospatzera eta aldarrikatzera, gure etxe eta balkoietan gure bandera nazionala jarriz, ikurrina.
Gora Euskadi askatuta!
XEHETASUN TEKNIKOAK
Ekitaldi politikoa. Bilboko Plaza Barrian. 11:30ean
- Hitz egingo dute ondorengo hurrenkeran: Beatriz Berlanga, EGI-Euzko Gaztediko Aberri Idazkaria; Europako Hauteskundeetarako EAJ-PNVren zerrendaburu Oihane Agirregoitia; Imanol Pradales, EAJ-PNVren Lehendakarigaia. Iñigo Urkullu Lehendakaria; eta Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzar.
- 18x 10 metroko eszenatokia= 180 metro koadro, 80 pertsona hartuko dituena: EBB, Eusko Jaurlaritza, Herrialde Buru Batzarrak, hiriburuetako alkateak, ahaldun nagusiak, Batzar Nagusietako presidenteak eta Euskadiko Hauteskundeetarako hautagaiak eta Europako Hauteskundeetarako EAJ-PNVren hautagaia, beste hainbaten artean.
- 20 x 15mko karpa = 300 metro koadro
- 1.000 aulki mitinerako
- 90.000 watio argi eta soinurako
-Telebista seinalea produzitu eta satelite bidez emango da.
Bazkaria. Areatza. 14:30ean
- 80 x 15 metroko karpa = 1.200 metro koadro. Uri Erakundeetako 900 alderdikide batuko dira bertan bazkaltzeko. 18 mahai jarriko dira eta bakoitzean eseriko dira 50 lagun.
- Txosna
- WC bertaratuentzat
- Antolaketan 50 boluntariok lan egingo dute
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25