Prentsa Aretoa

Berriak

2024/05/26

Agirregoitiak lanean jarraituko du euskara Europan ofiziala izan dadin, “batzen gaituen aniztasunaren parte delako”

Getxon gaur egin den Ibilaldiaren edizio berrian, EAJ-PNVko zerrendaburuak konpromisoa hartu du “hizkuntza gutxituak babestuko dituen legedi lotesle bat” bultzatzeko eta ekinean aritzeko “Europako komisario bat hizkuntza gutxituak bultzatzeaz eta babesteaz arduratu dadin”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eta Europako Hauteskundeetarako CEUS Koalizioko zerrendaburuak Europako legedi lotesle bat sustatzeko konpromisoa hartu du, hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak babestuko dituena, euren artean euskara, horrek “oinarrizko eskubideak babestea eta batzen gaituen aniztasuna aberastea dakarrelako, hala eginez, Europar Batasuna hobetuz eta indartuz”. Agirregoitiak Getxon egin ditu adierazpenok, egun osoan Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen aldeko jaia, egingo baita Bizkaiko herri horretan.

Europako Nazioen Batasun Federalak (FUEN) hizkuntza gutxituak kontinentean defendatzen dituzten alderdien aldeko Europako kanpainan EAJ-PNV euskal indar gisa sartu duela ezagutzera eman egunean, Agirregoitiak konpromisoa hartu du Batasunean euskararen estatusa hobetzeko eta euskarak gaur egun duen aitorpen sinbolikoa gaindi dezan lortzeko. FUEN da ‘Minority Safe Pack’ ekimen europarra Europa osoan martxan jarri eta bultzatu zuen erakundea. “Helburu nagusia da Batasunean hizkuntza ofizial gisa integratzea eta benetan Europakoa den kultura-ondarea aitortzea eta kontserbatzea”, adierazi du.

Alderdi jeltzaleak lanean jarraitu nahi du “Europa mailan loteslea den legedi batek hizkuntza gutxituak babes ditzan. Horretarako, Europako komisario bat hizkuntza horiek bultzatu eta babesteaz bereziki arduratzea eskatzen dugu, eta hizkuntza-eskubideen urraketak Europar Batasuneko Zuzenbide Estatuaren kalitateari buruzko urteko txostenetan jasotzea eta salatzea proposatzen dugu”, esan du Agirregoitiak. “Lanean jarraituko dugu euskara Europan ofiziala izan dadin, batzen gaituen aniztasunaren parte delako; euskararen hiztunen eskubideak babestea eta errespetatzea oinarrizko eskubideak babestea delako; eta euskara eta euskalduna Europar Batasunaren aniztasunaren kontzeptuan txertatzeak euskara bere sorrerako balioak indartzen dituelako, Batasuna hobetzen duelako eta euskara bezalako benetako kultura-ondare europarra mantentzeko lanean jarraituko duen gizartearen ahalegina aitortzen duelako”. Hautagai jeltzaleak konpromisoa hartu du neurri sorta zabal batekin eta lan-plan batekin jarraitzeko “euskara eta beste hizkuntza gutxitu batzuk curriculumekin, lan-eskaintzekin eta trukeekin lotutako plataforma europarretan integratzeko, eta gure kultura-industriak ‘Europa sortzailea’ programan errekonozimendua izan dezan”.