Prentsa Aretoa
Berriak
2025/09/25
“Eguneroko lanagaz, bizkaitarren beharrei erantzuten deutsen” talde bat gidatzen du EAJ-PNVk
Bizkaiko Politika Orokorreko osokoan, talde jeltzalearen bozeramaileak oposizioko taldeei aurpegiratu die “beste mundu bat” irudikatzea, beren kontraesanekin koherentziatik urruntzen eta zilegitasuna galtzen dutela deitoratuz

Jesus Lekerikabeaskoa - Politika Orokorreko osokoa 2025
MINTZALDIA - 2025/09/25
Bizkaiko Batzar Nagusietako EAJ-PNVren batzarkide taldeko bozeramaile Jesus Lekerikabeaskoak gaur hartu du hitza Gernikako batzar etxean egiten ari den Politika Orokorreko osoko bilkuran, legegintzaldiko bigarrenean, alegia. Bere agerraldian, herrialdeko Gobernuaren jardunaren balantzearen irakurketa egin du eta, aldi berean, oposizioaren jarrera kritikatu du: “Entzuten gaituenentzat, mundu desbardinetan gagozela emoten dau, egoeren edo errealitatearen irakurketa oso desbardinak egiten doguzelako”. Kontraste horren aurrean, gogorarazi du alde baten Gobernu taldea dagoela, “eguneroko lanagaz arazoei konponbidea emoten deutsen taldea, eta haren atzean edo alboan, gobernua babesten dogun alderdiok gagoz”. Beste aldean, ordea, oposizioa dago, “kontrol eta kritika egiteko lana izan beharko leukena, baina sarritan, izan beharko ez leuken moduan, populismoan murgiltzen dana. Hemen, oposiziotik eskatzen deuskuzuen formulak gero, agintzen dozuen lekuetan, ez dozuez egiten, koherentziatik urrunduz eta zilegitasuna galduz, nire ustez”.
Lekerikabeaskoak nabarmendu du EAJ-PNVren egitekoa, Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeaketaren ardura duen heinean, bizkaitar guztiei entzunez egiten dela: “Erronka eta eginkizun nagusi bategaz egiten dogu aurrera: bizkaitarren alde buru-belarri lan egitea, guztien egunerokotasuna eta bizi-kalidadea hobetzeko helburuagaz. Epe laburreko egoeretan, bai; hankak lurrean ipiniz eta gizartea entzunez, ez zaratan dabizenak bakarrik, isilik dagozenak be entzuten jakin behar dalako. Bizkaia danok osatzen dogu, nahiz eta batzuk beste gauza bat pentsau. Eguneroko lana ondo egitea derrigorrezkoa da instituzinoak gidatzen dabezanentzat, baina epe ertain eta luzera begira ezinbestekoa da lana ondo eta konpromisoz egitea”, baieztatu du. “Askoz errazagoa da kalean efektu arin eta gustukoak euki ahal dabezan neurriak eta ekintzak bakarrik burutzea, kostu gitxigaz, arrisku gitxigaz eta emaitza bizkorra bilatuz. Batzuek estilo edo egiteko modu hori dauke, eta leku batzuetan sarritan aplikatzen dabe, baina, hori ez da gure estiloa”, gaineratu du.
Honen harira, gogorarazi du herrialdeko proiektu estrategiko eta eraldatzaile nagusi guztiak, egungo sistema edo eredu aldaketak barne, kezka eta arriskuak dakartzala, baina herri interesak alderdi interesen aurretik jarri behar direla defendatu du: “Ez da egon Bizkaian inoiz proiektu esanguratsurik eta eraldatzailerik kontrako zaratarik edo talderik izan ez dabenik. Horren aurrean, herri eta aberri interesa jarri behar da beti, alderdi eta norbere interes pertsonalen gainetik eta aurretik. Eta, holako egoeretan, agintari on batek zarata artean isiltasuna entzuten eta irakurtzen be jakin behar dau. EAJ-PNVk Bizkaian hori egin dau urte askotan, hori egiten dau gaur egun eta hori egingo dau aurrerantzean be, gizarteak guregan konfiantzea daukan bitartean”, aldarrikatu du.
Ahaldun nagusiak aurkeztutakoez eta oposizioko taldeek errealitate berari buruz egin duten irakurketez haratago, Lekerikabeaskoak bizkaitarrek beraiek egiten duten balorazioan jarri du arreta, gogoraraziz herritarren iritzia dela gobernu bizkaitarraren lanaren benetako neurria. Burututako entzute-prozesuek aditzera eman dutenez, bizkaitarren gehiengoak oso positibotzat jotzen du beren bizi-kalitatea, eta etorkizunari begira baikortasun handiagoa eraikitzeko lanean jarraitzea dela Aldundiaren konpromisoa (7,2ko batez bestekoa).
Amaitzeko, Lekerikabeaskoak gogorarazi du bizkaitarren kezka nagusiak (etxebizitza, jarduera ekonomikoa, segurtasuna eta osasuna) ez direla foru erakundeen eskumen zuzenak, baina hala ere Aldundiak eta erakundea sostengatzen duten alderdiek konpromisoa hartu dutela arlo horietan ere erantzunak emateko. Horren adibide da azken berrikuspen fiskala, zeinak eragin zuzena izango duen bai etxebizitzan eta bai jarduera ekonomikoan. “Berrikuspen horretan ez zinien egon batzuk, ez EH Bildu ezta PP ere. Biok ezetzaren multzoan geratu zinien alkarrekin”, gogoratu du. “Adostasuna zabaldu eta bizkaitarren onerako adostu eta aurrera egin, horixe izan da eta izango da EAJ-PNVren helburua”, Lekerikabeaskoaren esanetan.
Nabarmenak...
Bizkaiko Foru Aldundia
2025/09/25
DURANGO
2025/09/21
Enkarterri
2025/09/15
Ezkerraldea - Meatzaldea
2025/09/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Europako Legebiltzarra
2024/05/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
EBB
2024/09/29
Europako Legebiltzarra
2024/05/22