Prentsa Aretoa

Berriak

2026/02/25

Abadiñoko EAJ-PNVk EH Bilduri eta AIBri zerbitzua jaso gabe saneamendu-tasa ordaintzen duten etxebizitzen egoera argitzea eskatu die

Atzoko osoko bilkuran, Astolako eta Laubidetako 35 etxebizitza inguruk saneamendu-tasa ordaintzen dutela salatu zuen alderdi jeltzaleak, sarera konektatuta ez egon arren. Abadiñoko EAJ-PNVk eskatu zuen Udalak azter dezala ea, indarrean dagoen araudiaren arabera, pertsona horiek tasa hori ordaintzera behartuta dauden. Halaber, talde jeltzaleak gogorarazi zuen saneamendu-proiektuak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin idatzi eta adostu zirela aurreko legealdian, baina oraindik ez dela aurrerapausorik eman legegintzaldi honetan.

Ezagutzera eman
Abadiñoko EAJ-PNVk EH Bilduri eta AIBri zerbitzua jaso gabe saneamendu-tasa ordaintzen duten etxebizitzen egoera argitzea eskatu die

ARGAZKIA JAITSI

Atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran, Abadiñoko EAJ-PNVk EH Bilduri eta AIBri eskatu zien argitu dezatela gaur egun zerbitzua jaso gabe saneamendu-tasa ordaintzen ari diren etxebizitzen egoera.

Alderdi jeltzaleak salatu zuen kaltetutako etxebizitzen zenbait jabek udal-tasa ordaintzen jarraitzen dutela, saneamendu-sare orokorrera konektatuta egon ez arren. Ildo horretan, eskatu zuten “Udalak azter dezala, indarrean dagoen araudiaren arabera, pertsona horiek legez tasa hori ordaintzera behartuta dauden, zerbitzurik ez duten bitartean”.

“Bizilagun batzuk jasotzen ez duten zerbitzu batengatik ordaintzen ari dira. Udalak argitu egin behar du egoera hori legearekin bat datorren eta horren arabera jokatu”, adierazi zuen Mikel Garaizabal EAJ-PNVk Abadiñoko Udalean duen bozeramaileak.

Talde jeltzaleak gogorarazi zuenez, aurreko legealdian, EAJ-PNVren alkatetzapean, beharrezko lan tekniko guztia egin zen Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin batera jarduketa horiek gauzatzeko. “Proiektuak prest utzi genituen. Horiek martxan jartzeko borondate politikoa besterik ez da falta”, azpimarratu zuen Garaizabalek.

Astolako kasuan, 13., 15., 17., 19. eta 21. eraikinen saneamendu-proiektua 2021eko maiatzean idatzi zen, eta hondakin-urak Lehen Mailako Saneamendu Sareko Matiena-Atxondo kolektorera konektatzea aurreikusten du, kolektore nagusi bat eta hiru inkorporazio eraikiz.

Era berean, Laubidetan (Traña-Matiena) prest geratu zen 1 eta 11 zenbakien arteko etxebizitzen saneamendu-proiektuaren idazketa, “ezinbesteko jarduketa inguru horretan oraindik gertatzen diren zuzeneko isurketak behin betiko amaitzeko. Guztira, 35 etxebizitza inguru daude kaltetuta”, zehaztu zuten.

“Gure ibaien babesak, ingurunearen zaintzak eta bizilagunen bizi-kalitateak ezin dute itxaroten jarraitu. Baina ez den ematen zerbitzu batengatik kobratzen den egoera ere ezin da mantendu”, gaineratu zuen bozeramaile jeltzaleak.

Abadiñoko EAJ-PNVk Ur Partzuergoarekin beharrezkoak diren hitzarmenak berehala aktibatzeko, inbertsio horiek lehenesteko, horiek gauzatzeko egutegi argia ezartzeko eta herritarrei informazioa eta gardentasuna bermatzeko eskatu zion Gobernu taldeari. Halaber, kasu horietan tasa ordaintzeko betebeharra zorroztasun juridikoz aztertzeko eta, hala badagokio, beharrezkoak diren neurri egokiak hartzeko eskatu zuten.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!