Prentsa Aretoa

Berriak

2026/05/18

Euskal Erakundeek Autogobernuaren oinarri historikoa den Foru Berriaren V. mendeurrena ospatu dute Gernikan

Gernikako Batzar Etxean ekitaldi instituzionala izan da, orain dala 500 urte onartutako eta egungo euskal autogobernuaren erreferentzia juridikoa den testu juridiko horren askatasun, paktismo eta nortasun balioak aldarrikatzeko.

Ezagutzera eman
Euskal Erakundeek Autogobernuaren oinarri historikoa den Foru Berriaren V. mendeurrena ospatu dute Gernikan

ARGAZKIA JAITSI

Euskadiko agintari gorenak Gernikako Batzar Etxean bildu dira gaur, 1526tik euskal nortasuna eta autogobernua definidu dituen Bizkaiko Foru Barriaren onarpenaren V. mendeurrena ospatzeko. Ekitaldia sinbolismo instituzionalez beteta egon da, eta printzipio aurreratuak, berdintasuna, askatasunen babesa eta desberdinen arteko itun instituzionala, besteak beste, finkatu zituen lege-gorputzari aitortza egiteko baliatu dute. Batzar Aretoaren erdian ikusgai egon den Bizkaiko Foru Barriaren jatorrizko liburua (1526ko edizioa) izan da ekitaldiaren protagonista.

Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria izan dira anfitrioiak. Bertan izan dira Imanol Pradales Lehendakaria, Bakartxo Tejería Eusko Legebiltzarreko Lehendakaria ere, Eusko Jaurlaritzako, Batzar Nagusietako eta hiru lurralde historikoetako Aldundietako ordezkari eta Eusko Legebiltzarreko kideekin batera.

Ekitaldiak gaur egungo zein iraganeko euskal espektro politiko eta instituzionalaren ordezkaritza zabala batu du. Bertan izan dira, besteak beste, Patxi López eta Iñigo Urkullu Lehendakariak eta José Alberto Pradera, Josu Bergara, José Luis Bilbao eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusi ohiak.

Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak zabaldu du ekitaldia, bizkaitarren ordezkariek bete ohi duten hemizikloan. Bere esku-hartzean, Ana Otadui Biterik azpimarratu duenez, oroipen ekitaldiak "gaur egun gure eskubideak babesten dituen arau eta printzipio asko Foru Barritik sortuak direla autortzea dakar", Foru Urian orain dela 500 urte onartutako “adierazpen goiztarra”, “gaur egun Zuzenbide Estatuarekin lotzen diren balioak erakusten dituena”. Balio horiek gaur egun ere indarrean diraute, eta hauek dira, laburbilduta: “Berdintasuna legearen aurrean, askatasun pertsonalaren eta patrimonialaren defentsa, poterearen mugaketea itundutako arauen bidez, berme prozesal aurreratuen existentzia eta emakumeak bardintasunez aitortzea, guztiak ere garai haietan Europan oso ohikoak ez ziren kontuak”.

Ildo horretan, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gogora ekarri du printzipio horiek indarrean daudela, eta adierazi duenez, Forua “gure iragana eta gure nortasun historikoaren funtsezko pieza da. Orain dela milurte erdi, bizkaitarrek euren buruak berbaren, kontrastearen eta akordioaren bidez gobernatzea erabaki zuten modua adierazten du”. Ganeratu duenez, oinarri historiko hori "gaur egungo errealitatea da, gaur egun funtzionatzeko gure modu espezifikoa definitzen duena; hau da, gure oraingo autogobernuaren berezitasuna ondoen sinbolizetan duena ". Etxanobek azpimarratu duenez, Foruak indarra dauka orain. “Persona batek bere zergak Foru Ogasunari, eta ez Madrili, ordaintzen dizkionean, Foruari esker egiten du. Aldundiak errepideak, gizarte-zerbitzuak edo enpleo-politikak kudeatzen dituenean, foru-sisteman jarduten du. Ekonomia Ituna eta foru-eskumenak hemen, Gernikan, orain dala bostehun urte jorratu zenaren itzulpen garaikidea dira”, esan du.

Imanol Pradales lehendakariak, bere aldetik, Bizkaiko Foru Berriaren 500. urteurrena ospatzea euskal autogobernuaren berezitasun historikoaren erabateko indarraldia berresteko aukera dela azpimarratu du, izan ere, bere iritziz, milurteko erdi geroago Bizkaiko Foru Barriak jasotzen zituen balio berberek indarrean jarraitzen dute. Imanol Pradalesek “itunerako izpiritua, aldebikotasun eraginkorra, berme sistema eta autogobernu politiko, ekonomiko eta fiskala” azpimarratu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foruak kendu zirenetik 125. urte betetzen diren urtean. “Alde bakarreko indargabetzeak preskribitu ezineko eskubide historikoak badaudela ere erakutsi zuen. Eskubide horiek eratzeko gaitasuna dakarte, eta euskaldunok horien aitortza eta eguneraketa defenditzen eta aldarrikatzen jarraitzen dugu”, berretsi du Lehendakariak. Hori dela eta, ondorioztatu duenez, euskal autogobernuaren eguneratzeak –erronka berriei erantzuteko gaitasun politiko berriekin, horien artean migrazioa, Euskadiren parte-hartzea eta Europan daukan proiekzioa eta “gure garapen nazional osoa”, besteak beste– gure aurrekoak gidatu zituen  maximari jarraitu behar dio: “Zirelako erabaki zuten eta erabakitzen zutelako ziren”.

Erakundeen esku-hartzeen artean, Foru Berriaren jatorrizko testuaren inguruan antzeztutako hainbat emanaldi tartetu dira. Argitalpen horrek hemizikloaren erdiunea hartu du, eta iraganari buruzko oroitzapenak izan dituen proposamen eszenikoaren funtsezko elementua izan da. Nerea Vesgak Ivan Allue txirulariak interpretau duen musika dantzatu du, Gabriel Ocinaren bertsoek oinarri juridikoaren jatorriari eta garapenari beste zertzelada narratibo bat jarri dizkion bitartean.

Ekitaldia amaitzeko, agintariek ospakizunaren leloa berretsi dute: “Izan zirelako gara”, Foruaren ondare historikoa euskal erakundeek demokraziarekin eta justiziarekin etorkizunean izango duten konpromisoarekin lotuz. Ekitaldia Aitzol Iturriagagoitia bibolinistak eta Eugenio Tobalina gitarristak interpretatu duten “Caprice Basque, Op. Pablo Sarasateren 24» piezarekin amaitu da.

Batzar Etxearen barruan egin den ekitaldiaren ostean, jardunaldia Gernikako Arbolan egin den familia argazkiarekin amaitu da. Aipatutako pertsonez gain, Ana Madariaga, Aitor Esteban, Jesús María Eguiguren, Juan María Atutxa eta Izaskun Bilbao Bizkaiko Batzar Nagusietako eta Eusko Legebiltzarreko lehendakari ohiak ere egon dira, Lurraldeko batzarkideez eta alkateez gan.

Gaur Gernikako Batzar Etxean egin den ekitaldi instituzionala, efemeride horren esanahia herritar guztiei hurreratzeko helburuarekin 2026an zehar zabaltzen ari den eta sinposio akademikoak, udako ikastaroak, kultur ekitaldiak eta erakusketak barne hartzen dituan jarduera programaren barruan dago.

Foru Berriaren historia

Bizkaiko Batzar Nagusiek 1526an onartu zuten Foru Barria eta, ondoren, Karlos I.a enperadoreak 1527an berretsi zuen. Testu honek Bizkaiko zuzenbidea bera eguneratu zuen, ohituratik datozen erabileretan, zintzotasunetan eta askatasunetan oinarritutako autogobernu-sistema bakarra sendotuz.  

1526ko erreformak erabiltzen ez ziren arauak ezabatu zituen eta garaira egokitutako xedapen berriak txertatu zituen, XIX. mendearen amaierara arte indarrean egon zen eredu aurreratua finkatuz. Mugarri historiko honek foru-erakundearen berrikuntza eta berdintasunean, askatasunen babesean, itun instituzionalean eta nortasun kolektiboan sendotzean oinarritutako gizartearen eraikuntza islatzen ditu.

Azken bost mendeetan printzipio horiek arrasto sakona utzi dute Bizkaiko herritarrengan eta kultura politikoan. Kaparetasun unibertsalak, betebehar militarren mugak, atxiloketa arbitrarioei aurre egiteko askatasunak eta eskubide ekonomiko eta sozialen erregulazioak oso argi erakusten dute, 500 urte bete arren, edukia izugarri aurreratua izan zela garai hartarako. Gaur egun Foru Barriak autogobernuaren oinarri eta etorkizuneko eguneraketetarako potentziala duen erreferente izaten jarraitzen du.

Jatorrizko eskuizkribua

Hemizikloaren erdian, ondoren erregeak berretsi eian Pedro Ocho de Galarza eta Martín Ibáñez de Zarra eskribauek 1526an egindako Foru Barriaren jatorrizko eskuizkribua egon da ikusgai. Tituluetan eta legeetan dago antolatuta, eta gaien taulea edo aurkibidea dauka. Argitalpenak Karlos I.aren 1527ko berrespena dauka. XVIII. mendearen hasieratik, gitxienez, Foruaren jatorrizko aletzat hartu izan da.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!