Prentsa Aretoa

Berriak

2026/06/30

EAJ-PNVk Josu Andoni Begoña Fernández de Arroiaberengan Loiuko Alkatetzarako hautagai gisa duen konfiantza berritu du

Uri Batzarrak %92ko babesa eman dio egungo alkateari Loiu eraldatzen jarraitzeko proiektua gidatzeko.

Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Josu Andoni Begoña Fernández de Arroiaberengan Loiuko Alkatetzarako hautagai gisa duen konfiantza berritu du

ARGAZKIA JAITSI

Loiuko EAJ-PNVk Josu Andoni Begoña Fernandez de Arroiabe aukeratu du berriro Alkatetzarako hautagai datozen udal hauteskundeei begira. Erabakia duela gutxi egindako Uri Batzarrean hartu zen. Bertan, jeltzaleek egungo alkatearengan duten konfiantza berritu dute, Loiu berriaren proiektuaren buru izaten jarraitzeko, eguneroko lanean eta udalerriarekiko konpromisoan oinarrituta.

Uri Batzarrak urte hauetan Udalean egindako lana eta Josu Andoni Begoñak entzute aktiboan oinarritutako proiektu hurbila, sendoa eta loiuztarren beharrekin konprometitua gidatzeko duen gaitasuna aitortu nahi izan ditu.

Loiuko EAJ-PNVk hautagaiak azken urteetan egindako lana goraipatu du eta herritarren ongizatea udal jardueren erdigunean kokatu duen proiektuari jarraipena ematearen aldeko apustua egin du. Alderdi jeltzalearen ustez, denbora honetan egindako lanari esker, Loiuk aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu eta oinarri sendoak jarri ditu udalerriaren beharrei erantzuten jarraitzeko.

Izan ere, oraintsu, legegintzaldi honetan, Loiuko Udalak herritarrek asko eskatzen zituzten ekimen historikoak bultzatu eta gauzatu ditu, pertsonei zuzendutako kudeaketa-eredua islatzen dutenak. Besteak beste, Lauroetako Haurreskola martxan jartzea nabarmendu behar da, Loiuko familiei eta txikiei arreta emateko. Frontoia eraberritzea eta Zabaloetxen gimnasio bat eraikitzea, gazteek eta helduek kirola egiteko. Udalerriko mugikortasuna hobetzeko bi biribilgune egiteko obren hasiera. Etxebizitza Plan Partziala onartzea eta Loiun 400 etxebizitza eraikitzeko UE 1 sektorea birpartzelatzea. Landatxuetako kirol-gunea erostea, udal-igerilekuak jartzeko. Kasu honetan, Larrondo auzoan beste gimnasio bat eraikitzea, auzoko Gizarte Etxea eraberritzearekin batera, zerbitzu berriekin, hala nola haur eta familientzako txiki txoko bat eta gazteentzako Gazteleku bat. Hainbeste eskatzen zen eta Loiuko 10 auzoetan balorazio ezin hobea duen argiteria publiko berria. Halaber, Loiuko anbulatorioaren ordutegia 8:00etatik 15:00etara luzatzea lortu da.

Gizaker enpresak berriki egindako inkestan “oso nota altua” jaso dute proiektu horiek guztiek. Eta, era berean, ia bikain bat ematen zaio Loiun bizitzeak suposatzen duen asebetetze mailari, 8,45 batekin.

Horrez gain, familiei laguntzeko programak, adinekoei zuzendutako ekimenak (adibidez, Benidormerako bidaia), auzoetako irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko jarduerak eta kudeaketa ekonomiko arduratsua egin dira. Horri guztiari esker, udal-zerbitzuak hobetzeko inbertsioak egiten jarraitu ahal izan da, eta, aldi berean, Udalaren diru-kutxan asko aurreztu da, Loiu berrira begira proiektu estrategikoetan inbertitzeko.

Izendapenaren ostean, Josu Andoi Begoñak alderdikide jeltzaleengandik jasotako babesa eskertu du, eta udalerriaren etorkizunarekin duen konpromisoa berretsi du. Garai berri honi bere ibilbidean Udalean izan duen ardura eta jarrera berarekin egingo diola aurre adierazi du.

“Ohore bat da nire lankideen konfiantza berriz jasotzea, maite dudan eta hazi naizen herriaren alde lanean jarraitzeko. Loiurentzat oso garrantzitsua den eraldaketa batean murgilduta gaude. Transformazio proiektu honekin Loiu berri bat eraikitzen ari gara, hurbilagoa, parte-hartzaileagoa eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatua. Urrats oso garrantzitsuak eman ditugu, baina oraindik proiektu ilusionagarri asko daude garatzeko”.

Hautagai jeltzaleak adierazi duenez, hurrengo legealdiak orain arte egindako lana sendotzeko eta zabaltzeko balio behar du, Loiu berriak oinarri izan behar dituen funtsezko zutabeak eraikiz, eta herritarrekiko hurbiltasuna udal-jardueraren nortasun-ezaugarri nagusi gisa mantenduz.

Hurrengo erronken artean, Larrondon Herritarren Arretarako Zerbitzuaren (HAZ) bulego berri bat irekitzea nabarmentzen da. Auzo-taxi zerbitzua ezartzea, etxebizitza berriaren aurtengo lizitazioa eta Landatxuetako udal igerilekuen lizitazioa, auzoak, mugikortasuna, zerbitzu publikoak eta pertsonen ongizatea hobetzeko jarduera berriak ahaztu gabe.

Loiuko EAJ-PNVk Josu Andonirekin egingo dio aurre ziklo berri honi, udalerriko errealitatean errotutako gertuko proiektu bat garatzen jarraitzeko helburuarekin, pertsonekiko harreman zuzenean eta Loiuko nortasunarekiko eta bizimoduarekiko konpromisoan oinarritutako politika egiteko modu bat mantenduz. Ilusioz betetako proiektu berriak Loiu eraikitzen jarraitzeko, entzute, parte-hartze, bizi-kalitate, ongizate eta pertsona guztientzako aukera gehiagorekin, aldi berean herriaren nortasuna, tradizioak, kultura eta loiuztarra izatearen harrotasuna indartuz.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!