Prentsa Aretoa

Berriak

2026/07/01

Zaldibarko EAJ-PNVk aurpegiratu dio EH Bilduri hauteskunde-programan hartutako konpromisoen zati handi bat bete gabe jarraitzea

Alderdi jeltzaleak deitoratu egin du etxebizitza soziala, espazio publikoaren hobekuntza, berdintasuna edo San Andresko gizarte-etxea bezalako konpromisoak gauzatu gabe jarraitzea hiru urte geroago.

Ezagutzera eman
Zaldibarko EAJ-PNVk aurpegiratu dio EH Bilduri hauteskunde-programan hartutako konpromisoen zati handi bat bete gabe jarraitzea

ARGAZKIA JAITSI

Zaldibarko EAJ-PNVk EH Bilduk 2023ko udal hauteskundeetara aurkeztu zuen hauteskunde-programako konpromiso nagusietako batzuk udalerriaren egungo egoerarekin alderatu ditu. Alderdi jeltzalearen ustez, legegintzaldia amaitzeko urtebete baino gutxiago falta denean, proposamen horietako hainbat oraindik gauzatu gabe daude edo ez dute aurrerapen esanguratsurik izan.

Jeltzaleen esanetan, adibiderik argienetako bat EH Bilduk kaleen garbiketa, mantentze-lanak, argiztapena eta margoketa hobetzeko hartu zuen konpromisoa da. Hala ere, EAJ-PNVk salatu du udalerriak oraindik ere hainbat gunetan garbitasun faltarekin, kartelekin eta pintaketekin lotutako arazoak dituela. Egoera horrek herritarren kexak ere eragin ditu, eta Udalak ez du erantzun eraginkorrik eman.

“Espazio publikoa zaintzeak eragin zuzena du herritarren bizi-kalitatean. Ez da nahikoa hobekuntzak iragartzea; udalerria egoera onean mantendu eta herritarren eskaerei erantzun behar zaie“, adierazi dute EAJ-PNVtik.

Alderi jeltzaleak hauteskunde-kanpainan egindako beste promesa batean ere jarri du arreta: Parkeko Hoteleko bigarren solairuan alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzea. Hiru urte igaro ondoren, salatu du proposamen hori ez dela gauzatu, eta, gainera, udalerrian etxebizitza sozialaren eskaintza handitzeko beste inolako jarduketarik ere ez dela bultzatu.

Era berean, EAJ-PNVk kritikatu du Berdintasun Kontseilua geldirik egotea, urtebete baino gehiago baitaramatza deialdirik egin gabe. Jeltzaleen ustez, egoera horrek kontraesanean jartzen du EH Bilduk mugimendu feministarekin eta emakumeen kolektiboekin lankidetza indartzeko hartutako konpromisoa.

Horri gehitu behar zaio San Andresen gizarte-etxe bat sortzeko proposamena ere. Hauteskunde-programan jasotako ekimena izan arren, legegintzaldi osoan ez da inolako urratsik egin hura gauzatzeko.

“Hauteskunde-promesek herritarren aurrean itxaropenak eta konpromisoak sortzen dituzte. Hiru urte igaro ondoren, EH Bilduk zaldibartarren konfiantza eskatzeko aurkeztu zituen proposamenetako asko oraindik ez dira egintza bihurtu“, adierazi dute EAJ-PNVtik.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!