Prentsa Aretoa

Berriak

2026/07/02

Sopuertako EAJ-PNVk aurpegiratu dio EH Bilduri legegintzaldia amaitzeko hamar hilabete falta direnean gerakina erabiltzea, oposizioan zegoenean blokeatutako proiektuak gauzatzeko

Alderdi jeltzaleak babestu egin du Sopuertarekiko erantzukizunagatik kreditua aldatzea, baina kritikatu egin du gobernu taldeak urteetan errefusatu zituen jarduerak biltzen dituela, hauteskunde interes bati erantzuten dion erabaki batean, plangintza arduratsu bati baino gehiago.

Ezagutzera eman
Sopuertako EAJ-PNVk aurpegiratu dio EH Bilduri legegintzaldia amaitzeko hamar hilabete falta direnean gerakina erabiltzea, oposizioan zegoenean blokeatutako proiektuak gauzatzeko

ARGAZKIA JAITSI

Sopuertako EAJ-PNVk babestu egin du gaur udalbatzan onartutako kreditu-aldaketa, uste baitu aurreikusitako inbertsioen zati handi batek sopuertarren bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duela. Hala ere, alderdi jeltzaleak zalantzan jarri du EH Bilduren Gobernu taldearen jokabidea; izan ere, aldaketak 2,2 milioi euro baino gehiago ditu, eta datozen hauteskundeetarako hamar hilabete eskas falta direnean heldu da.

EAJ-PNVren ustez, bereziki deigarria da duela aste gutxi batzuk alderdi jeltzaleari “populismo elektorala” egitea leporatzen ziotenek orain tamaina horretako inbertsio sorta bat aurkeztea legegintzaldiaren azken txanpan. Haren ustez, jarduteko modu horrek agerian uzten du inprobisazioak eta plangintzarik ezak markatutako kudeaketa.

EAJ-PNVren esanetan, horren adibiderik esanguratsuena Santa Anako haur-parkea da. Jeltzaleek gogorarazi dute jarduketa hori aurreko legegintzaldian bultzatu zela, EAJ-PNV gobernuan zegoenean, baina EH Bilduk oposiziotik blokeatu zuela. Ondoren, EAJ-PNVk aurkeztutako mozio batek osoko bilkurako gehiengo osoaren babesa jaso zuen arren, ez zen gauzatu. Orain, gobernu taldeak gerakinaren 623.889,43 euro bideratuko ditu urteetan geldiaraztea erabaki zuen jarduketa bera egiteko.

“Pozten gaitu, azkenean, parkea berrituko delako. Ulertzen ez duguna da zer aldatu den. Parkearen beharra aldatu al da, ala hauteskundeak hurbilago daudelako hartu da erabakia? Errealitatea da Sopuertako haurrek urteak galdu dituztela askoz lehenago berritu zitezkeen instalazioez gozatu gabe, EH Bilduk proiektu hau blokeatu ez balu“, adierazi dute EAJ-PNVtik.

Jeltzaleek kreditu-aldaketan jasotako beste jarduketa batzuk ere babestu dituzte, hala nola futbol zelaiko belar artifiziala berritzea, udalerriaren benetako behar bati erantzuten diolako eta kirol elkarteei zein herritarrei oro har mesede egingo dielako.

Hala ere, EAJ-PNVk ohartarazi du partida batzuek berriro ere agerian uzten dutela gobernu taldearen aurreikuspen falta. Horren adibide dira Sopuertako ondare immateriala biltzera bideratutako 11.143,37 euroak. Jarduketa hori EH Bilduren hauteskunde-programan berariaz jasota zegoen, eta, jeltzaleen esanetan, ohiko aurrekontuetan txertatu eta legegintzaldian zehar garatu behar zen, orain gerakinaren bidez finantzatu beharrean.

“Gerakina izatea albiste ona da Sopuertarentzat. Kezkagarria dena da agintaldiaren azken txanpan erabiltzea gobernu taldeak hasieratik ezagutzen zituen proiektuak aurrera ateratzeko edo oposizioan zegoenean blokeatzea erabaki zituen jarduketak gauzatzeko. Gobernatzea plangintza egitea, lehentasunak ezartzea eta konpromisoak dagokienean betetzea ere bada”, nabarmendu dute EAJ-PNVtik.

Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVk berretsi du Sopuertako herritarrentzat onuragarriak diren inbertsio guztiak babesten jarraituko duela. Aldi berean, salatzen jarraituko du, haren ustez, inprobisazioak, aurreikuspen faltak eta etengabeko plangintzak baino gehiago hauteskunde-egutegiari erantzuten dioten erabakiek markatutako kudeaketa eredua.

“Gure konpromisoa Sopuertarekin da. Udalerria hobetzen duen orori babesa emango diogu beti, baina kudeaketa koherentea, planifikatua eta legegintzaldiko lau urteetan zehar garatua izaten jarraituko dugu eskatzen, ez hauteskundeak gero eta hurbilago daudenean bakarrik”, amaitu dute jeltzaleek.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!